Maddi Soroa musika arloko pedagogoa 2021-02-19
Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian pedagogia ikaslea da Maddi eta Ikasketa Amaierako Lan gisa aurkeztu zuen iaz ikerlan hau. Mintzola Ahozko Lantegiaren laguntza jaso zuen eta hainbat bertsolarik eta adituk parte hartu dute ikerlanean.
Ideia nondik etorri zitzaion eta bertsolaritza ikerketa esparru bezala zergatik aukeratu zuen galdetu eta erantzun argia eman digu Maddik:"Bertsolaritza aukeratu nuen lehenik eta behin oso gustuko dudan arte-adierazpen bidea delako eta ikusitako saio ugariren ondoren buruan bueltaka gelditzen zitzaidan ideia zelako kantaeraren lanketarena. Pentsatzen dut txikitatik musikaren munduan murgilduta ibiltzeak eta gerora kontserbatorioan pedagogia ikasketak burutu izanak bide eman diola ikerketa ildo horretatik eramateko ideiari".
"Bakoitzak bere betaurrekoekin ikusten du ingurukoa eta pentsatzen dut nik horiekin begiratzen dudala bertsolaritza. Bertsolaritzan kantaerak duen eraginari buruz hausnartzeko aukera eman dit eta ondorioz honen eta bertsolaritzaren gainerako arloen lanketari buruz ikertzera eraman nau" gaineratu du.
Kantaera bertsolariaren zati
Sarri aipatu izan da bertsolaritza eta kantaeraren arteko harremana; azken finean bertsolaria eta entzulearen arteko komunikazio prozesuan eragin garrantzitsua duen ezaugarria baita. Baina behar besteko garrantzia ematen al zaio kantaerari, edo hain inportantea al da kantaera ahalik eta zainduen izatea bertsotan ari zarela?
"Bertsolariak bere kabuz lantzeko uzten den konpetentzia arloa da eta antolatutako kantaeraren lanketak ekarriko luke, besteak beste, bertsolariak bere ahotsaren inguruko kontzientzia handiagoa izatea, haren aukerak ezagutzea eta ondorioz, komunikazioa hobetzeko tresna moduan erabiltzea" aipatu digu Maddi Soroak.
Kantaera nola landu, hori da agian burura etor dakiguken aurreneko galdera. Erantzuna ez da bat eta bakarra baina Maddik bide horretan ekarpentxo bat egin nahi izan du. "Esan beharrik ez dago, edo agian bai, orokortuen dagoen beldur nagusia dela sumatu dudalako, ahotsaren lanketa hori bertsolarien profilera egokitutakoa izango litzatekeela eta helburua ez litzatekeela izango inolaz ere musikaren arauak bertsolaritzan txertatu nahi izatea; jakin badakigulako musikariak eta bertsolariak behar ezberdinak dituztela".
Ikerlanak izan duen harrera eta etorkizunerako asmoak
"Oso pozik nago ikerketa lana izaten ari den ibilbidearekin. Oso eskertuta sentitzen naiz bai Musikenen, bai Mintzola Ahozko Lantegian izan duen harrerarekin. Ikerketa aurkezteko eta berari buruzko azalpenak emateko aukera batzuk ere sortzen ari zaizkit eta poztekoa da esfortzuak bere fruituak eman dituela ikustea".
Ikerketa izaten ari den oihartzunak eta balorazio positiboek ikertzen segitzeko gogoa eman diote antza pedagogo gazteari: "Musika Ikerketako Masterra egiten ari naiz gaur egun. Asmoa, esan bezala, ikerketa lerro honekin jarraitzea litzateke eta momentuz Master Amaierarako egin beharreko Lana erabiltzea ikerketa honetan aurrera egiteko".
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24