29.500 ikasle 2021-03-03

Bertsoa ezagutarazteko eta irakasteko lanean

Bertsoa ezagutarazteko eta irakasteko lanean
Bertsozale Elkartea etengabe ari da bertsoa irakasteko metodologia eta ikasmateriala berrikusten, ontzen eta egokitzen. Elkarteko 53 irakasleak herriz herri ari dira landa-lanean hori gauzatzen: 511 ikastetxetan ari dira, 29.500 ikaslerekin.

"Eskatzen diegun horretan dago koska", dio Bertsozale Elkarteko Mikel Artolak, bertsolaritza irakasteko ikasleei eskatzen zaienaz ari denean. "Bertsoa osorik egiteko eskatzen badiegu, zaila izango da bat-batean egitea. Baina puntu bat beste puntu batekin erantzuteko gai izaten dira ia denak; baita kopla bat egiteko ere, biren artean", azaldu du. "Horrela, bertsolariek egiten duten bezala egiten dute: belarriz, eta ez silabak kontatuta", dio.

Bertsozale Elkartea etengabe ari da bertsoa irakasteko metodologia eta ikasmateriala berrikusten, ontzen eta egokitzen. Irakasteko metodologia hori aztertzen ari da Artola, eta modu berriak proposatu eta horiek proban jartzen ari da elkarteko irakasle lantaldearekin: "Eginez ikastea da orain kontua, eta ez horrenbeste bertsoaren gramatika ikasi eta gero praktikan jartzea", azaldu du Artolak.

Asier Alcedo eta Nerea Urra dira irakasle horietako bi, eta beren esperientziak kontatu dituzte www.bertsozale.eus atarian argitaratutako albistean: "Gelako dinamika biziagoa eta parte hartzaileagoa da", azaldu du Urrak.

Irakasteko dinamika ikasmaterialarekin osatzen da; esate baterako, horren emaitza dira www.bertsoikasgela.eus edota duela gutxi argitaratutako karta jolasak. "Irakasleak dira gelan erabiliko duten materiala sortzen dutenak", dio Ixiar Eizagirre Bertsozale Elkarteko ikasmaterialeko arduradunak. "Azken urteotan haurrei zuzenduta sortu dugun material guztia www.bertsoikasgela.eus atarian dugu eskura. Orain, haurrek bat-batean egiteko metodologia geletan gauzatu ahal izateko materiala sortzen ari gara irakasleekin, eta karta jolasak dira horren emaitzetako bat", azaldu du Eizagirrek. "Ikasturte berriari begira, ikasliburua berritzeko prozesuan ari gara", gaineratu du.

229 herritan eskaintzen da bertsolaritza Bertsozale Elkarteko irakasle lantaldearen eskutik, 511 ikastetxetan: 29.500 ikaslerengana iristen da bertsoaren oihartzuna, 53 irakasleri esker.

Jatorrizko albistea, osorik, www.bertsozale.eus atarian: hemen.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri