Hitzetik Hortzera 2021-03-11

Nafarroako Bertsolari Txapelketa gogoan, Hitzetik Hortzeran

2021eko urte hasieran zen jokatzekoa Nafarroako Bertsolari Txapelketa, baina egoerak ez du horretarako baldintzarik eskaini. Hala ere, aitzakia horri tiraka, orain arte egindako bideari begira jarri nahi izan dugu aste honetako programan. Hitzetik Hortzera, larunbatean eta igandean, ETB1en.

Bizitzen ari garen egoera honek arlo askotan eragin dio bertsolaritzari, eta txapelketak ere bertan behera geratu dira; tartean, Nafarroakoa. 45.edizioa izango zuen aurtengoa, ez baita historia laburra Nafarroako txapelketarena. Azken hamarkadetako txapelketak gogoratzeko, Arkaitz Goikoetxea eta Irati Majuelo bertsolariekin elkartu da Hitzetik Hortzera.

Aldaketa handia izan du bertsogintzak azken urteetan, eta txapelketak  horren lekuko eta eragile zuzen izan dira Nafarroan. Bertsolarien izenak gero eta ugariagoak dira, eta bertsolaritza ere gero eta anitzagoa. Izen garrantzitsuak nabarmendu dira ibilbide horretan zehar, eta bertsozale guztien bihotzetan geratu dira, betirako iltzatuta, haiek utzitako bertsoaldiak: Estitxu Arozena, Jon Barberena eta Xabier Silveira dira bertso horien egileetako batzuk. 

Horrez gain, azken hamarkadetako txapelketetako finalak ere gogoratuko ditugu, 2011ko Labriteko frontoian izan zen finaletik hasi eta 2019ko azken txapelketaraino: azken sei txapelketa horietako bost Julio Sotok irabazi ditu, eta haren izenak ere aztarna utzi du asteburuan gogoratuko dugun Nafarroako Bertsolari Txapelketaren ibilbidean.

Hitzetik Hortzera: larunbatean 21:00etan eta igandean 15:00etan, ETB1en; eta edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Albiste gehiago

EHBT26 2026-10-10

Xabat Illarregi, Gotaineko gorabeherei bertsoz bertso eutsiz

Igotz Alkorta Irastortza

Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Irati Egibar Izeta

Txikitik handira 04 2026-10-08

Txapelketen sintonien notei jarraika

Bertsoak ez du adinik 2026-10-07

Adin-adin, bertsoa zabaltzen Nafarroako adinekoen egoitzetan

Igotz Alkorta Irastortza