Elkarrizketa 2021-03-17
Amezketarra jaiotzez, (H)arituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko kidea ere bada Imanol Artola "Felix". Nahiz eta txikitatik izan harremana ahozkotasunarekin, (H)arituzen sorrerak eragin zuzena izan du haren ibilbidean: “Bazegoen eskualdeko gazteon artean halako bertso-gose bat -hor bazeuden bertsolariak eta bageunden behinola bertsotan ibili bai, baina kantatzeari utzi arren, bertso-munduarekin lotura izan nahi genuen jendea ere-“.
Baina esan dezakegu ezezko batetik abiatu zela gai-jartzaile munduan lehen pausoak ematen: “Albizturko lagun batek deitu zidan festetako saioan gai-jartzaile izateko proposatuz. Ezezkoa esan nion, ez nengoela prestatuta, ez nekiela ezer gai-jartzailetzaz. Eta, jada behin batek zerbait proposatuz gero, ar hori sabelean lekua hartzen joaten da. Bertsolaritzari eta (H)arituzi nire ekarpena egiteko zeregin egokia izan zitekeela iruditu zitzaidan. 2014-15 ikasturtean Bertsozale Elkarteak gai-jartzaile eskola abian jarri zuen, eta segidan etorri zen 2015eko Gipuzkoako Txapelketa; hura izan zen nire lehen plaza”. Ordutik hamaika bertso saio gidatu ditu, txapelketetan zein bestelako jaialditan eta (H)ari naizela bertso irratsaioa ere aurrera eramaten du astero.
Txapelketa garaietan gai-jartzaile taldearen lana behin baino gehiagotan azpimarratzen da. Hala ere, talde lana ez dela lehiarekin batera bukatzen aitortu digu Felixek: “Txapelketaz aparteko saioetan ere badut talde baten babesa eta horrek guztian dauka eragina: bertsolaritzak gizarteari egiten dion ekarpena interpretatzeko garaian, gai-jartzailetzak bertsolaritzan duen tokia ulertzerakoan, saioaren egituran, bertsolari bakoitzak duen irudian eta jartzen dizkiogun roletan… azken batean, saio bat prestatzeko garaian hori guztia izaten du kontuan gai-jartzaileak, nahiz-eta agian ez izan modu esplizituan”.
Bertsolaritza ulertzeko eta ikusteko moduak trukatzeaz gain, taldeak batez ere beste gauza batean duela eragina gaineratu du, bereziki inportantea hau ere: “norbere segurtasunean. Eta pertsona bat seguru baldin badago dena errazagoa da: sormenaren leihoak ez daude itxita eta aurkezterako garaian ere beste zerbait transmititzen da”.
Txapelketako saioen eta bestelakoen artean, ordea, aldea nabaria da; gai-jartzaileak izaten duen ardura eta protagonismo mailan, esate baterako. Baita gaiak sortzeko prozesuan ere, noski. “Gai guztiek bahe asko gainditu behar izaten dituzte, eta nahiz-eta gaia taldera pertsona batek eraman duen, behin lehen bahetik pasatzen bada, taldeko gai bihurtzen da. Behin ja gaia taldekoa denean, behar beste aldaketa egiten zaizkio, eta prozesu hori, gai bat apurka-apurka aldatzen joaten ikustea, magikoa da. Taldeko 10-12 lagunen onespena duen gai bat oholtzan irakurtzea oso erraza eta erosoa da. Gaien nolakotasunaren ardura taldearena da; ados, nik jarri diot ahotsa gai horri, baina ez da nirea, taldearena da”.
“Beste gai-jartzaileekin eta bertso munduko beste agenteekin harremanik izan gabe gai-jartzaile izatea pentsaezina da niretzat. Taldeko kide horietako bakoitza, gainera, beste hainbat jenderekin aritzen da bertso munduan eta, beraz, pertsona batek dozena bat pertsonen erreferentziak eman ditzake lasai ederrean. Ikuspegi guztiak ezin izaten dira asetu, baina guztiak kontuan hartuta lan egiteak oreka ematen dio gure jardunari”.
Ezin da ukatu gai-jartzailearen lana askotan bakarkakoa izaten dela, zati bat behintzat bai, baina bidean taldearekin elkartzeak “bakarkako lan horri taldean forma ematea” eta taldearekin kontrastatzeak “bakardade kutsua” kendu egiten dio. “Bertsolariak bere lanerako bertso eskolak dauzka, kideak dauzka. Gai-jartzaile bakarra egoten da saio bakoitzean eta ez du kiderik. Horregatik da garrantzitsua saretzea, bakardade horretatik ihes egiten saiatzea”.
“Ni duela sei urte gai-jartzen hasi nintzenean, segituan etorri zitzaizkidan pare bat gai-jartzaile, esanez, ‘edozein saio duzunean bidali niri lasai saioa eta pasatuko dizut nire iritzia’ eta horrez gain, saioa ikustera ere behin baino gehiagotan joan izan zaizkit; oraindik ikasteko dudana ikasitakoa baino gehiago izan arren, sei urte beranduago, niri dagokit gai-jartzen hasiberri direnei laguntza eskaintzea eta haien bertso-ibilbidearen hasiera horretan, konfiantzaz motxila bete behar den garaian, bide-lagun izatea”.
“Bertso-munduan gai-jartzaileon lana ikusten da eta baloratzen da, askotan nik neronek baino garrantzia handiagoa eta dena ematen diote. Gai-jartzailetzari duen garrantzia aitortzeak ordea, ez du esan nahi gai-jartzailetzari beharrezko baliabideak eskaintzen zaizkionik”.
Bertso munduan orohar gai-jartzaileen lanari ematen zaion garrantziari buruz galdetu eta baliabideak eskaintzearen beharraz jardun da gai-jartzaile amezketarra: “Bertso-eskolan dabiltzan gazteek festetako saioak aurkezteko zein baliabide dituzte eskura? Jardunean denbora daramaten bertsolariak ekartzen dira eta gai-jartzaile lana nork egin berdin al dio? Sinetsita nago saio baten muina ofizioek izan behar dutela, baina hedapena ematen diegun bertsoaldiak bestelakoak baldin badira, zer-nolako saioa prestatuko dute bertso-eskolako gazteek? Uste dut gai-jartzailearen lana behar bezalakoa izateko bertsolariak bezala, gai-jartzaileak horretan dakiena izan behar duela eta hori saioak antolatzen dituztenei azpimarratu egin behar zaiela, batetik; eta bestetik, berriz, urtean behin herriko festetako saioa aurkezten duen bertsozale horri laguntza eskura jarri behar zaiola”.
Baliabideez gain, kontzientziazioan eragitea ere azpimarratu du Felixek, bertso-munduaren parte denari baino publikoari begira, batez ere: "Izan ere, uste dut entzule arruntak ez dakiela egiazki hor atzean zer lan dagoen; eta zer lan dagoen ez baldin badakizu, ez duzu baloratzen; eta beraz, edozeinek egin dezakeela uste ohi da”.
Baita lanaren profesionalizazioan ere: “Bertsolarien jardunak bezalaxe, gai-jartzaileonak ere profesionalizatzen joan behar du; bere aitortza eta ordaina izan behar du eta oraindik, askotan, herriko bertsozalearen esku geratzen da, eta horiek ur handiegiak dira”.
Honek denak eragiten du bide horretan eta Felix baikor azaltzen da ematen ari diren pauso eta gerora begira emango etorriko diren aldaketekiko: “Ikusten ari naizenarengatik ari gara urratsak ematen eta uste dut etorkizun nahikoa hurbil batean urrats esanguratsuak emango ditugula. Inguruko zenbait gai-jartzaile gogotsu ikusten ditut eta bertso-munduko beste eragileek ere ulertzen dute gure ikuspegia. Adostasuna baldin badago eta gogoa ere bai, denbora gutxian asko egin daiteke”.
Gai-jartzaile zergatik den galdetu eta erantzun argia eman digu Imanol Artola "Felix"-ek: “Bertsolaritza ulertzeko dudan modu hori lantzeko aukera ematen didalako naiz gai-jartzaile. Ni ere sortzaile sentitzen naiz: sortzaile nagusiei –bertsolariei- bidea markatzen diet. Nolako bidea markatuko lioke zalantzan dagoen horrek? Bidea markatu eta bertsolariak esaten duenean: “ondo zehaztu duzu gaia, eta nik nahi nuena kantatzeko askatasuna izan dut”, horrek ez dauka preziorik”.
Bertsozale Elkarteak martxan jarri duen dinamika honetan parte hartu nahi baduzu hemen atarian aurkituko duzu informazio gehiago.
Felixek eurekin elkartzera gonbidatzen du interesatuta dagoen oro, probatzera behintzat. “Baina ez saltatu lurra non dagoen jakin gabe. Eskatu laguntza. Ziur inguruan baduela bertsolariren bat, gai-jartzaile izandakoren bat, eskatu zuzenean hari laguntza, eta bestela eskatu gai-jartzen gabiltzanon kontaktua eta jo zuzenean guregana. Oso gutxi gara eta ezinbesteko lana egiten dugu. Beraz, jende berria eskertuko dugunez, ez izan zalantzarik eta jo guregana lasai”.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24