Bertso Eguna 2021-03-23

Bertsoa bertsoarekin josiz, Getarian

Bertsoa bertsoarekin josiz, Getarian
Larunbatean 18:00etan izango da Getarian 2021eko bigarren Bertso Eguna. Online zuzenean jarraitzeko sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai.

"Isolamendu garaietan ere josi egiten gaitu bertsoak. Elkarrengana josi. Komunitatera josi. Eragiteko josi. Askatzeko josi. Joskuretatik Bertso Egun bat osatuko dugu Getarian. Bertsolaritzaren baitako formatu, bertsokera eta gorputzak josiz osatuko baitugu emanaldia. Oholtza gaineko elementuak elkarrekin korapilatuz. Oholtza eta oholtzatik kanpokoa hurbilduz. Bertsotan aritzea ez baita bakarkako lana: elkarrekin, elkarrengandik eta elkarrentzat aritzen gara bertsotan, eta lotzen gaituen horri erreparatuz, ordu eta erdi pasatxoko emanaldia josiko dugu martxoaren 27an". Horrelaxe aurkeztu du larunbateko emanaldiaren aurrelanetan aritu den Beñat Gaztelumendi bertsolariak Getarian egingo den Bertso Eguna. Larunbatean izango da, 18:00etatik aurrera, Getariako Cristóbal Balenciaga Museoan.

Bertsozale Elkarteak 2021ean egingo dituen hiru Bertso Egunetatik bigarrena da hau, Iruñean egin baitzen aurrekoa eta Hazparnen izango baita hurrengoa. Aretorako sarrerak amaituta daude, baina Internetez zuzenean ikusteko aukera badago; horretarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude 5 euroren truke, eta 3 eurotan, Bertsozale Elkarteko bazkideen kasuan.

Alaia Martin, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi ariko dira bertsotan, Maite Berriozabalek jarritako gaiei erantzuten. Lagun gehiago ere izango dira oholtzan, Eli Pagolak, Maider Arregik, Manex Agirrek eta Rosi Lazkanok ere hartuko baitute parte emanaldian.

Bestalde, gogoan izan Hazparnen izango dela 2021eko hirugarren Bertso Eguna, eta emanaldi horretarako sarrerak ere eskuragai daudela www.bertsosarrerak.eus atarian.

Albiste gehiago

EHBT26 2026-10-10

Xabat Illarregi, Gotaineko gorabeherei bertsoz bertso eutsiz

Igotz Alkorta Irastortza

Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Irati Egibar Izeta

Txikitik handira 04 2026-10-08

Txapelketen sintonien notei jarraika

Bertsoak ez du adinik 2026-10-07

Adin-adin, bertsoa zabaltzen Nafarroako adinekoen egoitzetan

Igotz Alkorta Irastortza