Bertsoaldi bilduma 2021-03-24

Bertso egunari jarriak

Bertso egunari jarriak
Argazkia. Alberto Elosegi \ XDZ
Bertso Egunak zentzu askotan izaten dira bereziak eta urte hauetan guztietan, jaialdi nagusiko zein afalondoko momentu bat baino gehiago geratu da iltzatuta bertsozalearen memorietan. Gaurkoan bertso sorta musikatu gogoangarri batzuk berreskuratu nahi izan ditugu.

Getarian izango den aurtengo bigarren Bertso Eguna hurbiltzen ari den honetan, aitzakia ezin hobea aurkitu dugu bertso bilduma berezi bat prestatu eta azken hamarkadetako momentu batzuk biltzeko. Hain zuzen ere, askorentzat Bertso Egunetako ezaugarri eta sinbolo berezi bilakatu diren bertso sorta musikatuak gogoratuko ditugu. Izenak dioen gisan, aurretik prestatutako bertso sortak dira ia denak eta musikarekin lagunduak. Otsailean Iruñean egin zen Bertso Egunean ere izan genituen halakoak, Eneko Lazkoz edo Oihane Perea bertsolarien ahotsak eta musikarien lana uztartuta, adibidez.

2008-01-26 Donostia

Aurrenekoa bertsoaldi historiko horietariko bat da: Jon Maiak orduko bertsolaritzaren aristokrazioari jarriak. "Bonsoir à tous, on va chanter un petit tango!".

2010-01-30 Donostia

Bi urtez aurrera eginez gero, bi emanaldi bereziki gogoangarri uzti zituen afalondoak. Bati baino gehiagori ezagunak egingo zaizkie ondorengoak, baina behin eta berriz entzunda ere, indarra galtzen ez duten bertso sortak ekarri zizkiguten Aitor Sarriegik eta Maddalen Arzallus-Miren Amuriza bikoteak urte hartan.

"Hustu Bete Hustu" izan zen 2010eko Bertso Eguneko leloa eta ondo aprobetxatu zuten protagonistek barruak husteko edo ingurukoen bihotzak betetzeko, adibidez.

 

2003-01-25 Donostia

Umez jantzita, Shin Chan-en musikarekin hasiz, gazte gazte, zail dago Sustrai Colina, Amets Arzallus eta Iñaki Gurrutxaga ezagutzen ere... Zer azkar pasatzen den denbora, ezta?

Kasu honetan, bai, inprobisatutik asko du saioak baina momentu batean paperaren lizentzia erabiltzen dute protagonistek ziri ederrak sartzeko.

2013-01-26 Donostia

Nork ez du gogoan The Beatles taldearen doinuetan Aitzol Barandiaran eta Iñaki Gurrutxaga osatutako "Zer krisi?" bertsioa?

Baina Kursaalean bertan, jaialdiaren aurretik ere beste bertso sorta bat jo eta kantatu zuen Bi Bala musika taldeko kide biek. Zer pentsatua ematen duten bertsoekin osatu zuten Bertso Egun hartako sarrera, bertso ironiko bezain mikatzez osatua.

2016-01-30 Donostia

Bertsolaritza eta RAPa elkarrengandik oso gertu daudela erakutsi zuten 2zio taldeko lagunek, beste behin ere. Bertsolari izatea eta azken hauen barruko beldur zein kezkak hartu zituzten gaitzat kasu honetan eta Donostia errimaz eta erritmoz bete zuten.

 

Aurtengo bigarrena Getarian

Gogoratu larunbatean 18:00etan izango dela Getarian 2021eko bigarren Bertso Eguna. Bertsozale Elkarteak 2021ean egingo dituen hiru Bertso Egunetatik bigarrena da hau, Iruñean egin baitzen aurrekoa eta Hazparnen izango baita hurrengoa.

Aretorako sarrerak amaituta daude, baina Internetez zuzenean ikusteko aukera badago; horretarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude 5 euroren truke, eta 3 eurotan, Bertsozale Elkarteko bazkideen kasuan.

 

Albiste gehiago

Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-10-10

Hitzetik Hortzera: Txirrita eta lehen plaza

Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-10-03

Hitzetik Hortzera, bertsotik versora

Gipuzkoako Txapelketa - Eli Pagola Apezetxea 2024-09-24

«Oso gustura ari naiz bertsotan eta lortzen dut egindako lana plazara ekartzea»

Larunbat honetan hasiko da denboraldi berria 2024-09-12

Hitzetik Hortzera: Bertsoz-bertso hariz hari