Bertso Eguna Getarian 2021-04-09

Udaberrira itzultzea

Udaberrira itzultzea
"Badira hilabete batzuk jada, konfinamendu orokorraren ondotik, plazei berriro ekin zitzaiela, baina oraindik ere arraro ematen digu saioen itxura berriak, urrunagoa, hotzagoa iruditzen zaigu. Baina arraro dioenak berezi ere badio, eta saio txukuna osatzea lortu zuten kantuan zirenek".

Paul Beitia Ariznabarreta

Udaberriko aurreneko astea, Getarian, imajina dezakezuen modukoa da. Arratsalde ederra dago, martxoaren bukaera da. Kostako kamiotik barrena datorrenak urdina begiztatuko du aurrena, gero ohartuko da itsasoaren eta zeruaren artean gorputz marroixka bat badagoela, paretek, leihoek, plazek eta moilak osatutakoa. Eliz dorrea harro zutitzen da teilatu guztien gainetik, San Antongo mendia bere tokian dago, bai baporeak eta motore txikiak ere. Kamiotik herrira pixkanaka sartu ahala, ordea, udaberriaren beste alderdi batzuk ere nabarituko dira: turistak patxada artegagarrian paseoan, tabernak goraino, aparkatzeko tokirik ez. Izan ere, udaberria denontzat ailegatzen da kostara, eta berekin hori guztia ere badakar ezinbestean.

Horrelakoa da martxoaren 27 bat Getarian: imajinatzen duzuen modukoa. Aurtengoak, baina, bazeukan zerbait berezia. Jende talde ederra zegoen ilaran jarria Balenciaga Museoaren atzeko atean, bertan ospatzekoa zen Bertso Egunera sartzeko zain. Kantuan ziren Alaia Martin, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi, Maite Berriozabalen gidaritzapean. Aretoa bete zen udaberri hasierako iluntze berezi bat pasa nahi zuten bertsozalez.

Berezi dioenak arraro dio. Pandemiak nahitaez ardaztutako urtea da aurtengoa, eta hori bertsoari ere badagokio. Bertso Eguna bera, ohiko neguko festaren partez, hiru saiotan banatu dute aurten; bigarrena zen Getariakoa. Planteamendutik harago ere badoa, ordea, pandemiaren eragina. Zer pentsatuko genuke oraingo saioen formatuari, musukoei, distantziei eta besteri iazko begiekin begiratuko bagenie? Badira hilabete batzuk jada, konfinamendu orokorraren ondotik, plazei berriro ekin zitzaiela, baina oraindik ere arraro ematen digu saioen itxura berriak, urrunagoa, hotzagoa iruditzen zaigu. Baina arraro dioenak berezi ere badio, eta saio txukuna osatzea lortu zuten kantuan zirenek.

Mantso samar hasi zen saioa, eta segur aski formatuak ere ez zuen gehiegi lagunduko: Balenciaga Museoak sortzen du solemnitate-giro bat, elegantzia gehiegizko bat, freskotasunaren kaltetan. Saioak, ordea, bigarrenetik behar derrigor, eta sentipena izan nuen une oro saiatu behar izan zutela bertsolariek gertu eta natural kantatzeko lanean. Hain justu, horretarako aukera gehien eman zieten gaiek funtzionatu zuten ondoen, nire ustez; hirurek batera bizkotxoa prestatzen ari den familiaren paperetik kantatutakoetan edo Unai eta Uxue itsasotik ateratzerako unean ipintzen zituen bertsoaldian izan zen ale ederrik.

Saioari bizitasuna eman zion, bestalde, bertsoaldi eta bertsoaldi artean, lau gonbidatu oholtzaratu izanak bertso jarriak kantatzera. Tonu oso desberdinetako sortak entzun genituen: Manex Agirrek konfinamenduan jarritako kopla neoruralak, Maider Arregik eta Eli Pagolak egindako Andre txarraren bentajak mitikoaren bertsio bollerista eta Rosi Lazkanoren bertsoak, baserri-giroko emakumeen omenez jarriak. Azken horiek geratu zaizkit niri gogoan, haien apaltasuna, haien indarra, Balenciaga Museoaren gehiegikeriaren aldean elegantzia egiazkoago bat.

Izan bat-batekoak ala jarriak, bertsolariek saiatu egin behar izan zuten formatuak eta pandemia egoerak eragindako hoztasunari buelta ematen, eta halaxe lortu zuten saio berezi bat osatzea. Aurten, nahitaez, guztia egiten baitzaigu berezi. Martxoak berak ere ez du lehen zeukakeen zaporea berriro edukiko: 2020an bizi gabe laga genuen hilabetea izango da aurrerantzean. Iturriagak berak esan zuen hasierako agurrean, "pozarren gatoz gu beste behin Getarira / Iaz zorretan utzi genuen ustezko udaberrira". Udaberrira itzultzea izan zen guretzat martxoaren 27an Getariara joatea, bertsolariarentzat plazara itzultzea izango zen bezala, bertsozalearentzat bertsora. Hazparnera itzuliko da Bertso Eguna, aurten azken aldiz, maiatzaren 22an.

Albiste gehiago

Lanarteak plazaratuta Euskararen Egunaren harira 2024-12-03

Euskararen larrialdiari koplak