AFERAK 2021-04-13

Aurpegi berrituta dator Deustuko Aferak dinamika

Aurpegi berrituta dator Deustuko Aferak dinamika
Laugarren urtea izango du aurtengoa Elorri bertso eskolak eta Deustuko Herriko tabernak martxan jartzen duten 'Aferak' bertso dinamikak. Urtero bertsolari gazteen elkargune eta plaza izaten dira saio hauek eta aurten, pandemiak eraginda, itxuraz aldatu behar izan du. Antolatzaileen hitzak bildu ditugu bertsoa.eus atarian.

Bihar (apirilaren 14) hasi eta maiatzaren 12ra arte asteazkenero izango da lau bertsolari gaztez osatutako saioaz gozatzeko aukera. Egunarena da aldaketa nabarmenetako bat, ikasleena izaten ziren ostegunetatik asteazkenetara egin baitu jauzi dinamikak; baina lekuan ere aldaketa egin behar izan dute ezin bestean eta aurten Deustuko herrikoan beharrean Bidarte Udaltegian izango dira. Aforo murriztuak, musukoak, distantziak... jada gure egunerokoan hain txertatuta dauden neurri guztiak ere presente egongo dira saioetan, noski.

Esan bezala, Covid-19ak eta garai honek guztiz baldintzatu du dinamikaren prestaketa eta antolakuntza, baina gogoz daudela adierazi digu Maite Sarasolak, Elorri bertso eskolako kideak: "Garaiotan edozein gauza egitea erronka bat dela esango nuke, ditugun neurri eta arau zorrotzek ez baitigute uzten gauzak behar bezala antolatzen. Beraz, pandemia garaira moldatu behar izan gara Aferak aurrera ateratzeko ere, eta lana izan den arren, ilusioz, mimoz eta gogo handiz prestatu dugu".

Eta parte hartzaile diren bertsolari gazteak ere izan ditu gogoan: "Bertsolari gazteentzako ere garai latzak dira, eta uste dugu bertsolariek ere eskertuko digutela kanturako oholtza bat eskaintzea, dibertsioa eta gozamena direla tarteko. Ezin da ahaztu ondo pasatzeko eta bertsoz gozatzeko beharra eta gogoa dugula, eta hau aukera paregabea dela horretarako".

Hainbeste aldaketaren artean, bada aurten ere aldatu ez denik eta horiek ekimen honen funtsa diren helburuak dira. "Gazteon plazaratzea eta Deustun bertsozaletasuna zein euskal kultra sustatzeko asmoz sortu zen Aferak, beti ere euskal kultura ardatz izanda, eta 5 bertso-saio diren arren, behintzat orain arte bermatu dugu kultur ekimen bat eskaintzea bertsolaritzatik eta euskaratik".

Etorri Deustura!

Bertsolarien jarrera onaz gain, publiko oso lehiala dutela onartu digu maitek, eta konfiantza osoa dutela haiengan. Hala ere, azkenengo mezu bat eskatu diogu ikusleentzat: "Aforo mugatua dagoela eta adi ibiltzeko, ez genuke gure bertso saioetako foroforik kalean utzi nahi! Apirilaren 14tik maiatzaren 12ra arte, Deustuko Bidarte udaltegian topatuko gaituzu asteazkenero 19:00etan".

Bertaratu nahi duenak azkar ibili beharko du gonbidapena lortu nahi badu. Azken hauek, Deustuko herrikoan daude eskuragai edo Berbaizu elkartean.

5 saio, 20 bertsolari

Aurreneko saioan Maite Sarasola, Asier Galarza, Paule Loizaga eta Ibai Amillategi arituko dira bertsotan, eta Unai Foruria izango da saioko gai jartzailea.

Apirilaren 21ean Maider Altuna, Koldo Gezuraga, Haizea Arana eta Mikel Retolaza arituko dira kantuan, Gerizeti Zubiaurrek gaiak jarriko dizkien bitartean.

Apirilaren 28an iznago da hirugarren saioa eta bertan, Enare Muniategi, Beñat Bilbao, Aroa Arrizubieta eta Ander Ucelay izango dira bertsolariak, eta Ainhoa Laparra arituko da gai jartzaile lanetan.

Maiatzaren 5ean Aissa Intxausti, Peru Irastorza, Unai Mendiburu eta Mikel Aiartzaguena arituko dira bertsotan eta Ander Anakabe izango da gai jartzailea.

Azken saioa maiatzaren 12an izango da, Iruri Altzerreka, Ander Anakabe, Garazi Navarro eta Asier Alcedo izango direla bertsotan, Maite Sarasolaren aginduetara.

 

 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri