I. Señora Sariketa 2021-04-14
"Hainbat emakume bertsolari eta bertsozale" aritu dira lehenengo Señora sariketa hau antolatzen; eta horietako bat da Maider Arregi bertsolari oñatiarra. Emakume bertsolarien ahalduntzean sakondu, harremanak sendotu eta elkarrekin kantatzeko gune izango da hurrengo larunbatean hasiko den sariketa berri hau. Berria zentzu guztietan.
"Señora" izena. "Txantxa moduan" sortu zela aitortu digu Maider Arregik, baina aldi berean, aldarrikapenetik ere asko du izenak: "Espontaneoki bururatu zitzaigun, beste sariketa batzuen testuinguruan. Gero, ordea, ikusi genuen aldarrikatu daitekeen kontzeptua dela. Definitzeko zaila da: zer da señora bat? baina, aldi berean, denok ulertzen dugu zer den eta zerikusia dauka emakume indartsua eta ahaldundua izatearekin. Hori aldarrikatu nahi dugu".
Sariketa izango da, baina ikustera ohituta ez gauden sariketa forma hartuko du, ohiko sariketa horien dinamikarekin hautsiz eta lehiaren parametroen baitan izaera berri bat plazaratuz:
"Gazte sariketetan askotan kantatu dugu eta badakigu espazio maskulinoak direla. Horri buelta eman nahi genion eta esperimentatu, ea lehia beste modu batera egin daitekeen, elkarren etsai izan gabe eta elkar txiki sentiarazi gabe. Bestalde, sariketa ia gehienak gazteentzat izaten dira eta, emakumeen kasuan, plaza gutxiago izaten dira heldu egiten garenean. Horregatik, belaunaldi artekotasunari garrantzia eman nahi izan diogu, gazteen eta helduagoen arteko zubiak eraikiz".
Umorea eta feminismoa ardatz
"Saioak umorezkoak izatea nahi dugu eta bertsolariek oholtzan gozatzea. Tematika aldetik, askotariko gaiak landuko ditugu, beti ere, ikuspegi feminista kontuan izanda" argi kontatu digu Maider Arregi antolatzaileak.
Aurreneko kanporaketa Aramaion izango da larunbat honetan bertan, hurrengoa apirilaren 24ean Mutrikun eta finala, aldiz, Lesakan izango da maiatzaren 8an. Hamabi emakume bertsolarik hartuko dute parte kanporaketetan, baina guztira hamalau bertsolarik hartuko dute parte. "Kanporaketa bakoitzetik bi bertsolari sailkatuko dira finarela eta, finalaren egunean, bi bertsolari gehituko zaizkie "ohorezko señora" izateagatik dagoeneko finalera sailkatu ditugunak. Horien izenik ez dugu jakingo finalaren astera arte".
Bertsoa.eus finalean izango da eta bertako bertsoladien hautaketa zabala eskeiniko du sareko plazan.
Lehen aldiz testuinguru eta garai ezohiko hauetan martxan jarriko bada ere, gerora begira ekimen honekin jarraitzeko aukera ez dute baztertu antolatzaileek: "Oraingoz esperimentazio moduan jarri dugu martxan eta ea nola irteten den. Gustura geratzen bagara, ziur nago errepikatuko dela".
Aramaiotik Lesakara
Esan bezala, sariketaren lehenengo kanporaketa Aramaioko kultur etxean izango da datorren larunbatean, 17:00etan hasita: Alazne Untxalo, Haizea Arana, Itxaso Piquer, Maddi Aiestaran, Miren Artetxe eta Oihane Perea ariko dira. Ainhoa Urien izango dute gai-jartzaile.
Bigarrena Mutrikuko Kalbarioko ermitan izango da apirilaren 24an, ordu berean: Ainhoa Agirreazaldegi, Aissa Intxausti, Oihana Arana, Oihana Bartra, Paula Amilburu eta Saioa Alkaiza ariko dira bertsotan. Maite Berriozabalek gidatuko du saioa.
Finala maiatzaren 8an, Lesakako Arranoko terrazan, ordu berean eta Ainhoa Larretxeak gidatuta. .
Saio guztietarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu ditzakezue.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24