Lilibertso bertso eskola 2021-04-22

'Liliak loratzen', Gernikako udaberrian

'Liliak loratzen', Gernikako udaberrian
Gernikako bertso eskolak ekimen berri bati ekin zion aurreko astean. Ekainaren 11an izango da azkeneko saioa eta guztira 5 saio izango dira. Antolatzaile lanetan aritu den Koldo Gezuraga bertsolariarekin hitz egiteko aukera izan dugu.

Liliak loratzen ekimenaren helburu nagusia "gazteen plazaratzea" dela aitortu digu Koldo Gezuraga Lilibertso bertso eskolako kideak. Egoera honek eraginda, bertsolari gazteek normalean baino aukera gutxiago izan dute plazan kantatzeko eta gabezia horren baitan gaztetxuenen lekuari garrantzia eman nahi izan diote ekimen honekin:

"Kultur etxean DBH3tik hasita Batxillergoko 2.mailara arteko ikaslez osatutako talde bat daukagu eta iruditzen zitzaigun, zaharragoak direnek lehendik nahiko problema badituzte plazak topatzeko, adin tarte horretakoek oraindik eta gehiago zituztela; eskolartekoa erdizka gelditu zen iaz, finalean nagusienek abestu zuten... eta garapen bat egoteko ez zeukaten aukerarik". 

Guztira 5 saio izango dira Elai-Alai aretoko gela txikian gauzatuko direnak: "Covid dela eta ez dela, 20ko aforoa dago gela horretan, eta guk nahi genuen hori betetzen zuen: saio intimo bat izatea, gure arteko zerbait, baina plaza itxura izango zuena (mikrofono, publiko...). Azken finean formatu txikiago eta intimoago bat nahi genuen, ikusten genuelako gure helburua betetzeko aski zela".

Era berean, jaialdi estiloko saio "normalak" izango dira, ohiko ariketak entzun eta horietan trebatzeko aukera eskainiko dutenak eta saioaren arabera gonbidatu bat edo bi izango diren arren, adin ezberdinetako Busturialdeko bertsolari gazteez egongo dira osatuta saioak gehienbat.

Ostiraletan izango dira saioak, 19:00etan hasita:

Apirilak 16: Janire Arrizabalaga, Irune Basagoiti, Ander Sarriugarte eta Aitzol Unzueta

Apirilak 30: Mikel Retolaza, Ibai Amillategi, Koldo Muñiz eta Unai Mendiburu

Maiatzak 14: Aitor Zarraga, Koldo Gezuraga, Asier Galarza eta Aissa Intxausti

Maiatzak 21: Beñat Bilbao, Iker Uriarte, Nagore Beitia, Eneko Aldana, Ander Ucelay eta Enare Muniategi

Ekainak 11: Janire Arrizabalaga, Jokin Ansotegi, Malen Aretxaga, Aitzol Unzueta, Maider Altuna eta Amaiur Atxa

Aurreneko saioan, gustora

"Gaztetxuen saioa izan genuen. Janire Arrizabalaga eta Aitzol Unzueta, lehen aipatutako gaztetxuen talde horretako kideak dira eta trebakuntza saioa izan zen eurentzako. Horiekin batera eta aniztasuna bilatze aldera, Irune Basagoiti iazko Bizkaiko eskolartekoko txapelduna gonbidatu genuen eta baita Ander Sarriugarte ere aurten eskolartekoan parte hartuko duelako.

Saioa oso ondo joan zen, jendea hurbildu zen, saio entretenagarria atera zen eta oso gustora gaude".

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri