Bilintxen Menda 2021-04-27
Amodioa eta desamodioa izan zituen kantagai nagusi Indalezio Bizkarrondo Ureña Bilintx bertsolari donostiarrak. Tartean, bere nortasunaren defentsan kantatutako bertso honetan oinarrituta jarri diote izena hamabostaldiari, Bilintxen Menda:
Askok diyote kantetan betiamore-kontu naizela,
nik esaten det arriturikanmotibo gabe daudela.
Zer egin biat baldin zerubakdoaitu banau horrela?
Ez dute ikusten usaia mendakbere izatez dubela?
Nere biyotzak amoriyuamendak usaia bezela.
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatu dute hamabostaldia, eta Bilintxen figura omendu eta gogora ekartzeaz gain, bertsolaritzak azken urteetan bizi dituen bilakaera eta aldaketak ere aztertuko dituzte.
Guztira 4 ekitaldik osatuko dute egitaraua:
Maiatzaren 2an, hitzaldi musikatua eskainiko da Antzoki Zaharrean eta donostiar bertsolariaren bizitza eta pentsamendua aztertu nahian arituko dira Unai Agirre, Eñaut Agirre, Maddalen Arzallus eta Amets Arzallus bertsolariak. Horrez gain, Bilintxen hainbat bertso ere kantatuko dituzte, Joxan Goikoetxea eta Imanol Kamio musikarien laguntzaz. Saioa 19.00tan haiko da.
Bigarren ekitaldia mahaingurua izango da: "erdaretatik bertsotara". Erdaretatik plazetarako urratsa ezagutzen duten hiru lagunen lekukotasunak entzuteko aukera izango da Okendo Kultur Etxean maiatzaren 6an. Bertan izango ditugu beraz, Jone Uria, Jon Maia eta Aitor Servier bertsolariak. Izan ere, Bilintxek ere beste sustrai batzuk zituen eta Dionisio Ureña, aitona, Huelvako Ayamonten jaioa zuen, Portugalgo mugan. Amagoia Mujika kazetariak gidatuko du saioa, 19.00tatik aurrera hau ere.
Maiatzaren 11an "Gorbatatik Piercingera" hitzaldia emango du Imanol Lazkanok, bertsolaritzak azken 100 urteetan izan duen bilakaeraren lekukotasunetik. Bertsolaritzak belaunaldiz belaunaldi izan dituen aldaketak izango ditu aztergai bertsolari azpeitiarrak: bertsolarien profil soziala eta profesionala, pentsakera, bertsokera, gaiak, estetika... Victoria Eugenian izango da hitzaldia eta Xabier Euzkitzek egingo ditu aurkezle lanak.
Azkenik, hamabostaldia borobilduz, bertso jaialdia izango dugu, Lugaritz kultur etxean, maiatzaren 14ean. Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi arituko dira kantuan eta Joxerra Gartzia ibiliko da gai-jartzaile.
Sarrerak donostiakultura.eus/sarrerak webgunean eta antzokietako leihatiletan aurkituko dituzue.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24