Ikerketa 2021-04-30

Ekainaren 30era arte bidal daitezke ikerketa proposamenak

Ekainaren 30era arte bidal daitezke ikerketa proposamenak
Kilometroek eta Mintzolak elkarrekin deitutako bigarren ikerketa beka da aurtengoa; Goierriko hiru ikastolak eta Gerriko Kultur Elkartea batu zaizkie deialdira aurtengoan. Bertsolaritza ikertzeko aukera ematen du deialdiak, Goierri eskualdea ikerketa eremu dela.

Pozik eta ikerketa proposamenak jasotzeko gogoz daude Goierri eskualdeko (Gipuzkoa) ahozko ondarearen bilketa eta ikerketa helburu duen bekaren sustatzaileak. "Mintzolarentzat pozgarria da Kilometroak Kultur Elkartearekin batera ikerketa beka deialdi honen bigarren deialdia aurkeztea", dio Mintzola Ahozko Lantegiko Beñat Gaztelumendi patronatu kideak.

Iaz abiatu zuen ikerketa beka honek bidea Kilometroen eta Mintzolaren eskutik, eta Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolaren eta Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkartearen babesarekin. Pello Mari Otaño izena hartu zuen orduan Aiztondo bailarako (Gipuzkoa) ahozko ondarea ikergai zuen bekak, jaialdiak bertsolari zizurkildarra hartu baitzuen ikur. Aurtengoan, Kilometroak jaialdia antolatzeko ardura Goierriko ikastolek hartu dute, Beasaingo AndramendikOrdiziako Jakintzak eta Lazkaoko San Benitok, eta haien eta Gerriko Kultur Elkartearen babesarekin deitu dute Kilometroek eta Mintzolak elkarlanean aurtengo ikerketa beka.

3.000 euroko saria eskuratuko du ikerketa proposamen hautatuaren egileak edo egile taldeak lana garatzeko eta urtebeteko epea izango dute. Ekainaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira proiektuak. Goierriko ahozko ondarea izan behar dute mami; tartean dira ahozko kultur sorkuntzak, eta bertsolaritza ikertzeko aukera ere ematen du, beraz.

Deialdiaren inguruko informazio gehiago, www.mintzola.eus eta www.kilometroak.eus webguneetan.

Aiztondoren zirtotsa

Iaz Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak lortu zuen saria Aiztondoren zirtotsa proiektuari esker. Aiztondo eskualdea (Gipuzkoa) zen orduan ikerketa eremu eta hango zirtoak (umorezko hitz-joko labur eta azkarrak, norbaiti erantzuna ematerakoan baliatuak) bildu eta horiek aztertuta, hurrengo belaunaldiei transmititzeko material didaktikoa prestatzea da proiektuaren helburua. Lana laster aurkeztuko dela iragarri da.

Albiste gehiago

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu

Bizkaiko finala larunbatean Bilbon 2025-12-17

Bizkaiko zortzi finalisten aldartea eta helburuak

Jexux Mari Irazu

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-12-04

Laudio eta Errezilgo bertsoak Hitzetik Hortzeran

Mirari Martiarena

Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21

Aniztasunaren argazkia oholtzan

Jexux Mari Irazu

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»