Aixita sariketa 2021-05-11

Sariketa berri bat Nafarroan

Sariketa berri bat Nafarroan
Iaz bururatutako ideia batetik abiatuta, aurten hartuko du lehen aldiz forma Aixita Sariketak, larunbatean izango da, Irurtzungo Kultur Etxean. Mintxo Astiz bertsolariak eman digu sariketaren berri.

"Iaz bururatu zitzaigun, Nafarroan ez zegoen horrelako sariketarik eta horregatik animatu ginen. Irurtzun erdigune izan da beti zenbait aran euskaldunendako (Arakil, Sakana, Basaburua, Larraun, Imotz, Ultzama...), eta Irurtzunen bertan, Pikuxar euskal txokoa dago. Elkarte horretako bertsozale batzuen ideia izan zen, eta Barañaingo Bertso Eskolatik babes "teknikoa" eman genien. 

Nafarroan Izeta sariketa existitzen da bakarrik, baina Nafar bertsolari gazteendako da, eta hau berriz, Euskal Herria osoari dago irekita. Asmoa dugu bi nafarrekin kontatzea beti, eta beste herrialdeetatik bertsolari bana eta aurten horrela izanen da". 

Gauzak horrela, Euskal Herri osoko bertsolariz osatutako seikote honek hartuko du parte sariketa berri honen aurreneko edizioan: Eli Pagola, Imanol Uria, Iker Gorosterrazu, Maddi Ane Txoperena, Saioa Alkaiza eta Xabi Igoa. Zigor Gartzia "Zian" izango da gai-jartzailea.

Bertsolari gazteak izanagatik, gaur egun gazte sariketen zirkuitutik kanpo geratu diren bertsolariekin osatu dute kartela, eta Mintxo Astizek kasualitate kontua ez dela izan aipatu digu: "Adin kontuarekin argi genuen ez genuela Barañaingo "Txana" sariketa zanpatu behar. Aixita-rekin antza handia dauka, baina eskolartekoan ibiltzen direnekin osatua (17-20 urte bitartekoak). Horregatik Aixita  22-30 urte artekoen artean kokatu genuen, baina malgutasunez jokatzen beti".

Pandemiaren eragina

Pandemia honek hamaika ekitaldi bertan behera uzteaz gain, beste asko aldatzera ere bultzatu ditu. Horietako bat da Aixita sariketa eta iazko asmoak alde batera utzita, moldatzen jakin dute antolatzaileek. Hala ere, hurrengo urteetara begira ez dute esperantzarik galdu, noski.

"Iazko asmoa oso ezberdina zen: arratsaldean kanporaketa, triki-bertso poteo, afaria, eta afariaren ondoren buruz-burukoa. Aurten berriz, dena eginen dugu takada batean, eta Elkarteak itxita daudenez, Irurtzungo Kultur etxean izanen da. 2022an ea egiten dugun iaz egin behar genuen formatoan, jai egun oso bat bertsoaren inguruan, Pikuxar Elkartean".

Kanporaketa 17.30tan hasiko da eta buruz-burukoa izango da ondoren, 19.45 aldera.

Aixita izena

"Aixita zen Irurtzun-Etxeberrin zegoen gaztelu baten izena, Nafarroa konkistatu zutenean mapatik ezabatu zutena. Azken urteetan berreskuratze lanetan ari dira eta inguru honetako herritarrentzako leku berezi eta esanguratsua da" zehaztu digu Mintxok.

Eskuratu zure gonbidapena

Gonbidapena eskuratzeko aixitabertsosariketa@gmail.com helbidera idatzi. Aforo mugatua dago.

Albiste gehiago

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Bizkaiko finala larunbatean Bilbon 2025-12-17

Bizkaiko zortzi finalisten aldartea eta helburuak

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-12-04

Laudio eta Errezilgo bertsoak Hitzetik Hortzeran

Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21

Aniztasunaren argazkia oholtzan

Jexux Mari Irazu

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu