KRONIKA 2021-05-26

Arabako binakako bertsolari txapelketa: luze edo motz?

Arabako binakako bertsolari txapelketa: luze edo motz?
Araban ez dago txapeldun bakarrik. Bi txapeldun utzi ditu 2021eko bertsolari txapelketak: Manex Agirre eta Martin Abarrategi. Alabaina, Legution jokatutako finalean lehia oso estua izan zen: 828 puntu eskuratu zituen lehenbiziko bikoteak, 820 bigarrenak (Unai Andak eta Iñaki VIñasprek) eta 816 hirugarrenak (Manu Bendalak eta Oihane Pereak).

Izar Mendiguren Cosgaya

Apustuak gori-gori zeuden maiatzaren 22an Legutioko kiroldegian jokatutako finalean. Finaleko beteranoei gazteek hartu zieten aurre, pronostikoekin hautsiz: Unai Anda murgiarrak eta Martin Abarrategi aramaioarrak sekulako saioa egin zuten. Aulkiak metro eta erdiko distantzian egonagatik, entzulea hurbil izan zuten saio guztian zehar.

Zortziko handia seriotik hasi zen, Kutxabira dinamikaren baitan Agirre-Abarrategiren ametsak kantuan. Anda-Viñaspre gerra erreportariak Palestinatik bulego lanera eraman zituzten, isiltasuna arraro zitzaielarik. "Bulego hontan, baina, eroso nagoenik ez zazu uste / ahalko banuke bertako haurrak hona ekarriko nituzke", bota zion Andak, eta Viñasprek "kristal kaiolan bezela / biok kexaka nabaritzen da lehen mundukoak garela" erantzun zion.

Bendala eta Perea berdintasun teknikariak izan ziren, eta indarkeria matxista identifikatzeko lanetan kokatu zituen Eli Plazaola gai jartzaileak. "Ei, tia buena" probatu nahirik askoren ustez da broma / edo bestela kalean zehar 'Altxa zazu minigona!/ Nik auzolotsa daukat batzutan izateagatik gizona" markatu zuen bidea Bendalak. Perea ere argi mintzatu zen: "Baina emakume asko dabiltza bere buruaz barreka / eta guk ere barruan dugu lehenbiziko ariketa". 

Iparragirre doinuan, abil

Hamarreko txikian jarraitu zuten lanean hiru bikoteek. Elkarri zirika jardun zuten bertso aldi guztietan. Dena den, "Iparragirre abila dela" ariketan nabarmendu ziren gehiago.

Kontzertu aretoetako komuneko sekretuak aireratzen ibili ziren Agirre eta Perea. Abarrategi eta Andari amona-aitonen azaletik egungo hezkuntza sistemari buruz aritzea egokitu zitzaien, bilobaren bila zihoazela euren garaiko metodologiak gogoratuta: "Zaplastada horrela / edota erregela / joe hainbeste angusti / Orain etxera bueltatzen dira haiek marrazki ta guzti!". Andak fin tenkatu zuen soka: "Marjena zen estua / Unai jarri eskua / ta horrela geuk zenbat neke / baina algodoi artean ezer gutxi ikasi daiteke". Ikasi ezinak ere izan zituzten hizpide. Abarrategik Andari bota zion errua: "Hamasei urte jada / zoaz zu fabrikara / baina desberdin da hemen / eta horrela nik ere luze pozik ikasiko nuen".  Andak bizitako ikarekin jarraitu zuen. "Eskuak ziren beltzak / moreak begi ertzak / ta orain eskolan hara / zeozer gaizki baldin badoa errua irakasleena da".

Viñaspre eta Bendala Gure Zirkuko langileen txanda heldu zen segidan. Herri guztietan izandako harrera onagatik baino, helduen esker onagatik zeuden harrituta. Umoreari goxotasunetik begiratu zioten: "Pailazoen plazerra / ez ote da ederra? / Umetxoen aurpegia / baina oraindik politagoa amona baten irria" hasi zuen ofizioa Viñasprek. Bendalak dotore margotu zuen bertsoa: "jarri bi kolorete / ta irribarrez bete / segi bizitza horrekin / eta amona hurbil dadila gaur bere takatarekin".

Bakarkako lanetan denetariko gaiak suertatu ziren. "Egin dituzun biderik zailenek izan ditzute helmugarik ederrenak", zioen Agirreren gaiak. Azken egunetan bolo-bolo zabaldutako Ceutako hondartza bateko besarkada irudikatu zuen bere bi bertsoetan. Unai Andak, berriz, udaberriari distira berezia ikusten ziola-eta, txori txiki baten larrutik osatu zuen banakako ariketa. Manu Bendalari, aldiz, betiko amets horren haizeak laztantzen zuela geroz eta gehiagotan esan zioten, eta duela 12 urtetik euskararekin duen harremanari abestu zizkion bi aleak andaluz euskaradunak. Martin Abarrategik ere eman zuen kolpea bakarka. Alargunaren ahotik kantatu zuen:" baina lortu dut buelta eman ta / nigan pozik bizitzea / etxean bakarrik ta kalean / lagunekin aritzea / desberdin baita bakarrik egon ta bakarrik sentitzea". Viñasprek eta Pereak euren buruari kantatu zioten gaiaren  sakontasunari punta aterata.  "Zure izaera onartu duzu orain arte zalantzan jarri baduzu ere" zioen Viñasprerenak, eta 'zenbat eta gehiago ezagutu orduan eta gehiago maite duzu' Perearenak. 

Azkenik, seiko motzean lehiatu ziren kartzelakoan. 30 urteren ondoren elkartutako 2 lagun izan ziren bikote guztiak, bata telebistako izarra, eta bestea artaldea zaindu bitartean izarrei begiratzen dien artzaina. Bordan elkarrekin igarotzeko tartea hartu zuten denek. Agirrek eta Abarrategik gogor  eta gogoz jo zuten goia: "Antena 3-en ez dago hemengo ximaur usaina", aipatu zuen lehenak, eta bigarrenak "Manex izarra izango zara, ni izarren hautsa".

Andak eta Viñasprek ere ez zuten utzi alferrik galtzen puntua: garai hoietan biok genuen arkume papera" aipatu zion gazteak, baina finaleko beteranoak ez zizkion lagun ospetsuari hautsak harrotu "ardiak eta sua baitira telebista onenak". Bendalak eta Pereak ere ateraldi politak izan zituzten. "Nahiz ta izarra ni naizen zuk zeuk daukazu dirdira" bota zion Bendalak, eta Pereak bikain borobildu zuen saioa: "Ardi artean gabiltza / ez da egoera bortitza / kaka zapaldu dezagun eta gozatu bizitza!".

Sei bururentzat, baina, bi txapel baino ez zeuden eta Aramaiorako bidea hartu zuen Manex Agirrek eta Martin Abarrategik egindako lanari esker. Lau t'erdiko finala bostekoa emanez bukatu zuten denek, gozatu ederra hartuta eta emanda. Pozik itzuli zen nor bere bordara. Tentu, ordea: garai eta formatu berrietan, Arabako artaldean, gazteak azeri.

Albiste gehiago

Lanarteak plazaratuta Euskararen Egunaren harira 2024-12-03

Euskararen larrialdiari koplak