Bertso Saio Musikatua 2021-05-26

'Ez Da Kasualitatea (nahita egin dugu)', ostiralean bigarrena

'Ez Da Kasualitatea (nahita egin dugu)', ostiralean bigarrena
Martxoan egin zuten aurreneko saioa Gasteizko Jimmy Jazz aretoan eta ostiral honetarako antolatu dute bigarrena. Leire Vargas bertsolariaren hitzak bildu ditugu. Horrez gain, martxoko saioko bideoa ere ikusgai jarri dute aste honetan.

Twitterren abiatu eta lagun talde batek gauzatutako ideiaren ondorio dira EDK (nahita egin dugu) saioa hauek. "Ustekabean" sortu zen ideia baten emaitza. Hala kontatu digu Leire Vargas bertsolariak: "Nik Twitter bidez partekatu nuen duela urte batzuk Iruñean egin zen EDK saio bateko linka, bertan kantatu gura nuela esanez. Anerrek erantzun egin zion tweetari, eta horren harira berbetan hasi ginen eta zerbait antolatzeko geratzea erabaki genuen, zer hori nora iritsiko zen jakin barik".

"Antolakuntza-zita horretan beste lagun batzuk batu zitzaizkigun, eta hor irten zen irten zen formatuko saio bat egiteko ideia. Parte-hartzaileei proposamena bota genien eta oso harrera ona izan zuen, eta hortik aurrera guk kudeatu genuen prestakuntza-lan guztia. Esan genezake lan kolektiboari eta gogoari esker ezustean materializatutako fantasiatxo bat izan zela; esfortzua eskatu zuen arren, opari bat".

Horrela, lagun talde batek bete zuen Jimmy Jazzeko oholtza martxoan. Gai-jartzaile lanetan aritu ziren Maria Oses, Maddi Zabalo eta Olatz Zuazubiskar, eta saioari musika jartzen Libe Goenaga eta Aner Euzkitze. Bertsotan, berriz, Haizea Arana, Aroa Arrizubieta, Maddi Aiestaran, Leire Vargas, Maite Sarasola eta Maider Altuna ibili ziren.

Bigarrena, ostiralean

Saioak izan zuen arrakasta ikusita errepikatzera animatu dira antolatzaile eta protagonistak:

"Lehenengo saio horren balorazioa positiboa izan zen orokorrean; giro ederra izan genuen eta pozik ibili ginen oholtzan oro har. Badaude lantzea gustatuko litzaizkigukeen alderdiak, edonola ere, eta hori da hain zuzen ere bigarrena abiaraztera bultzatu gaituen arrazoietako bat. Jaso genuen erantzuna (sarrerak azkar amaitu ziren eta etorri zirenek gozatu zutela adierazi ziguten) eta gure gogoa ikusita, antzeko ekimenak antolatzeak merezi duela uste dugu. Oraingoan kartel berbera mantendu dugun arren, planteatu dugu bestelako itxura batekin eta eskaintza zabalduta ematea jarraipena kontuari".

Etorkizunera begira atal gehiagori ateak itxi ez badizkiete ere, oraingoz ostiralean izango da bigarren saio hori, maiatzaren 28an, 18.30tik aurrera. Sarrerak eskuragai daude Jimmy Jazz aretoko sarreren salmenta webgunean. Eskuratu zurea hemen, 3,50€-ren truke.

Esan bezala, lehen saioak zer eta nun hobetu erakusteko balio izan ziela aitortu du Leire Vargasek eta horretan ahaleginduko dira, ondo pasatzeaz ahaztu gabe, noski: "Neuretik baino ezin dut hitz egin, baina esango nuke aurrekoan bezain ondo pasatzea dela asmoa lehenik eta behin, eta hortik abiatuta aurrekoan hobetzeko beharrez ikusi genituen gauzak zorroztea, hala bakoitzak beretik nola emaitza orokorrean. Doinu ez horren ohikoak erabiliko ditugu oraingoan eta aurrekoa ikusita gaitegiari eta tonuari ere errepaso bat emango zaiolakoan nago, beraz, ikusi beharko da nora garamatzan horrek".

Animatu zaitez ostiralean Gasteizera!

Bitartean, lehen saioaren bideoa publikatu dute aste honen hasieran antolatzaileek. Ikusi eta gozatu!

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri