Bertsolari gazteak 2021-05-31

ARGI BALTZA sariketa, Jon Lopategiren omenez

ARGI BALTZA sariketa, Jon Lopategiren omenez
Gernikako Lilibertso bertso eskolak bertsolari gazteen sariketa berri bat jarri du martxan. Argi Baltza, orain dela 2 urte zendu zen Jon Lopategi bertsolari handiaren omenaldi gisara. Bizkaiko bertsolari gaztez osatutako 3 saiok erabakiko dute finala.

Gernikako Lilibertso bertso eskolako kideak dabiltza sariketa berri honen antolakuntzaren atzean eta Jon Lopategik Bizkaiko zein Euskal Herriko bertsogintzan egindako lan izugarria omendu nahi izan dutela adierazi zuten asteburuan Gernikan egindako prentsaurrekoan:

"Gure eskualdean bertsolari lez eredu nabarmena izateaz aparte, Euskal Herriko bertsolaritzaren transmisinoan zutarri garrantzitsu izan zan. Ikastolen Elkarteko proiektuaren hastapenetan parte aktibo lez eragin eta ikastetxeetara bertsolaritza ekarri eban, hainbat gazte oholtzara bultzatuz. Eskoletan bertso zaletasuna elikatu eta sariketa zein txapelketetara eroaten ebazan bertsolari gazteak. Horretan erreferente izanik, omenaldi edarra begitandu iaku bere omenez gazte sariketa bat antolatzea".

"BALTZA zan ezizenez bera eta guk, erreleboa hartuta, geugan sentitzen dogu bertsoaren transmisinoari eusten dautson eta Lopategiren orduko intentzinotik egungo sasoira piztuta heldu dan ARGIA" adierazi dute antolatzaileek.

Gazteak plazara!

Aldi berean, omenaldi eta gazteen plazaratzean eragiten jarraitzeko bidean beste geltoki bat izango da sariketa hau. Pandemiak kulturgintza hainbeste astindu duen honetan, bertsolari gazteen plaza ere kaltetu da erabat. Horri erantzun bat eman nahi izan dio Lilibertsok eta 18 eta 30 urte bitarteko gazteei eman nahi izan diete aukera.

Gauzak horrela, Bizkaian "Baltza"-k egindako lana oholtza gainean irudikatuta agertzea nahi izan dute antolatzaileek eta horregatik, Bizkaiko eskualde denetatik etorritakko bertsolari taldea izango da kantuan arituko dena.

Hiru kanporaketak osatuko dute I. Argi Baltza Bertsolari Gazteen Sariketa, hirurak Busturialdeko herri ezberdinetan ospatuko direnak.

Igande honetan hasiko da sariketa. Ekainaren 6an izango da aurreneko saioa Muxikan, Gorozikako frontoian eta 18.00etatik aurrera. Kantuan arituko diren bertsolariak honako hauek dira: Asier galarza, Jone Larrinaga, Paule Loizaga, Asier Alzedo, Enare Muniategi eta Beñat Bilbao.

Bigarrena hurrengo igandean izango da Gautegiz-Arteagako frontoian, eta kantuan arituko dira Imanol Uria, Mikel Retolaza, Maite Sarasola, Leire Vargas, Ander Anakabe eta Nagore Beitia.

Eta hirugarren eta azken saioa Ajangizen, Mendietako frontoian osatuko da, ekainaren 20an. Kantuan, Garazi Navarro, Koldo Gezuraga, Txaber Altube, Iruri Altzerreka, Ander Ucelay eta Koldo Muñiz arituko dira.

FINALA Bermeoko Artza frontoian izango da ekainaren 27an. 

 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri