Irailaren 18tik 2021-06-01

Hiru bertsolari txapelketa izango dira udazkenean

Hiru bertsolari txapelketa izango dira udazkenean
Iaz eta urtearen hasieran atzeratutako Bizkaiko, Nafarroako eta Xilaba bertsolari txapelketak izango dira. "Pandemiaren eboluzioaren arabera, irailean, egoeraren irakurketa berria egin eta beharrezkoak diren neurriak" hartuko direla aurreratu du Bertsozale Elkarteak.

Bertsozalearentzat gozagarri izango den agenda atondu du Bertsozale Elkarteak udazkenerako. Sasoi horretan egingo dira, COVID-19ak eragindako zailtasunak tarteko, iaz eta urtearen hasieran egin gabe geratu ziren Bizkaiko, Nafarroako eta Xilaba bertsolari txapelketak.

Bizkaiko, Nafarroako eta Bertsularien Lagunak bertsozale elkarteek elkarrekin ateratako oharrak txapelketa hauen zenbait xehetasun ere aurreratzen ditu. Zortzina saio izango dituzte Xilabak eta Nafarroako Bertsolari Txapelketak, eta hamar Bizkaikoak. Kasu bakan batzuetan, egun berean izango dira zenbait saio, baina "zaleei haien jarraipena errazteko, txapelketak elkarren artean ahalik eta modu onenean uztartzeko egutegia" osatu dela aurreratu dute.

Final laurdenetan zela eten zen Xilaba iaz. Frantziako Estatuak pandemiaren aurka egiteko neurriak gogortu zituen urrian, eta kultur emanaldiak bertan behera geratu ziren. Irailaren 18an hasiko da berriro ere txapelketa, eta azaroaren 13an izango da finala.

Udabarria bertsotan sailkapen saioak irailean eginda, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa ez hastea erabaki zen, aurreikusten ziren eragozpenak tarteko. Urriaren 3an hasiko da txapelketa eta abenduaren 18an ezagutuko dugu txapelduna.

Nafarroan urtearen hasieran behar zuen txapelketak, baina atzeratu egin zen. Urriaren 2an ekingo zaiola iragarri dute, eta azaroaren 27an izango da finala. Aurretik, ordea, sailkapenerako saioak gauzatuko dira, eta horiek ekainean egingo dira. Laster ezagutaraziko dira Nafarroako aurrekanporaketen inguruko xehetasunak eta hiru txapelketen inguruko informazioa udazkena gerturatu ahala.

Pandemiaren eboluzioaren arabera, irailean, egoeraren irakurketa berria egin eta beharrezkoak diren neurriak hartuko direla ere adierazi du Bertsozale Elkarteak.

COVID-19ak eragin izugarria izan du bertsolaritzan. Zentzu horretan, bertso-eskoletako eta bertso plazetako dinamika berreskuratzean du begia jarrita bertsolaritzaren mugimenduak. Azken hilabeteotako bertso plazako zenbait datu dituzu hemen.

Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu