GURE ALDETARA 2021-06-08
Esan bezala, bi helburu nagusi ditu Nafarroako Bertsozale Elkarteak bultzatutako egitasmoak: batetik, Nafarroako kulturaren ondare diren bertso-sorta idatziei bultzada ematea, jaso eta ikusgarri egitea, eta tradizionalki landutako bertsoen aldaera horrek gaur egun ere lekua baduela ikusaraztea.
Eta bestetik, Nafarroako emakume bertsolariei ahotsa ematea, proiektu honen bidez elkarren arteko sarea sendotzea, eta emakumeek bertsolaritzan esateko dutenari bozgorailu bat eskaintzea.
Lanak euskarazko 14 kanta ditu, banaka zein taldean, ahots hutsez edota musikaz lagundurik, baina denek ere bertsoa oinarri izanik. Nafarroako emakume bertsolarien aniztasuna du muinean; belaunaldi, eskualde eta ibilbide desberdinetako bertsolariak dira parte-hartzaileak. Bertsolari hauek hartzen dute parte diskoan, kantatu eta letrak egiteaz arduratu direnak: Saioa Alkaiza, Alazne Untxalo, Joana Ziganda, Amaia Lasheras, Enma Murillo, Idoia Granizo, Bittori Elizalde, Lide Arrieta, Erika Lagoma, Estitxu Fernandez, Maddi Ane Txoperena, Kristiñe Txoperena, Irati Majuelo, Haizea Beruete, Estitxu Arozena, Ekhiñe Zapiain, Uxue Mesa, Iratxe Muxika, Ane Telletxea, Lide Igoa eta Nimbe Urtxegi.
Bertsolariez gain, Itsaso Agirre (kantaria), Haize Agirre (kantaria), Jorge Cordon (pianoa), Matxalen Erzilla (biolontxeloa), Uhaina Apezetxe (gitarra), Koldo Montoya (gitarra) eta Jone Uriarte (gitarra) dira gainontzeko parte hartzaileak.
Bertso-sorten edukiari dagokionez, gai librekoak badira ere, ezin uka daiteke genero perspektibatik eta feminismotik idatzitako bertsoak direnik. Hala bada, emakumeek bertso eskoletan nahiz oholtzan dituzten errealitateek, gorputzari edo sexualitateari buruzko kezkek eta bertsolaritzari buruzko hausnarketek zeharkatzen dituzte lan guztiak.
Estilo ugari jaso dira: ahots hutsez bertsoaren biluztasuna erakusten dutenak, pianoa edo biolontxeloa bezalako instrumentuen bidez lagundutako pieza klasikoagoak eta baita tradizioa estilo garaikidearekin uztartzen duten sortak ere, bertsoaren eta raparen nahasketa egiten dutenak, esaterako. Bertsoen konposizioa ere anitza da: koplatik hasi eta Argentinako payadoreen egiturak erabiltzeraino.
Halaber, bertsolaritzaren historiaren berreskurapenari keinu egin, eta emakumeek izandako parte hartzeari eskertza eginen zaio lan honen bidez: 2020an hil zen Luzia Goñi bertsolaria, plazetan kantari ibili zen lehendabiziko emakumeetako bat. Diskoko azken kanta berak idatzitako bertsobatek osatua da, Estitxu Arozenaren, txapelketa bat lehendabizi irabazi duen emakume bertsolariaren ahotsean jarria.
Diskoa ez da bide baten azken emaitza soilik, Nafarroako emakume bertsolarien sorkuntza ikusarazten laguntzea, eta elkarren arteko sarea indartzen laguntzea du helburutzat egitasmoak. Bide horretan, Hezkuntza Arautuko bertsolaritza programan eta Bertso Eskoletan lantzeko material pedagogiko izatea da asmoa.
Egitasmoa ostiralean, ekainaren 11an, aurkeztuko da Barañaingo Kultur Plazan egingo den ekitaldian, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Ondoren, Nafarroako zenbait herritan ere aurkeztuko da hainbat bertso saio eskainiz, bertsolariei elkarrekin kantatzeko aukera ere emango dietenak.
Lehenbiziko aldiz ospatu zen Eskukula bertso eskolak 2024-12-06
Gipuzkoako Bertsolari txapelketa 2024 - finala 2024-12-02
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07