Eraman zure herrira! 2021-06-16

Bertso emanaldi bereziak, Unai Elizasuren eskutik

Bertso emanaldi bereziak, Unai Elizasuren eskutik
Argazkia | 'Lau bertsolari eta ziaboga bat' emanaldiko kartel zatia
Sekula ez dela "geldi egonzalea" izan onartu digu Unai Elizasu gai-jartzaile eta eragile altzatarrak. Oraingoan ere, berak sortutako bi proposamen ditu esku artean: "Lau bertsolari eta ziaboga bat" eta "Bertso txiki, infernu handi" emanaldiak.

Askok gai-jartzailetzan egindako ibilbidearengatik ezagutuko badu ere, bertsolaritza formatu eta esparru ezberdinetara hurbiltzeko saiakera andana egin ditu azken urteetan Unai Elizasuk. Besteak beste, Puntutan arropa markaren sortzailea da eta azken aldi honetan, Haatik dantza konpainiarekin batera Errimak bi oinetan emanaldia aurkezten dihardu.

Oraingo honetan ere, bertso eskaintza osatu asmoz sortutako bi emanaldiren berri eman digu.

1- Lau bertsolari eta ziaboga bat

Izena irakurtze hutsarekin asmatu daitekeen gisan, arraun mundua eta bertso mundua gerturatzeko saiakera da lehen emanaldi hau, eta orain dela urte batzuk sortutako ideia baten garapena dela esan daiteke:

"Orain dela urte dexente egin genuen lehen proba moduko bat eta orain bi uda egin genuen lehen emanaldi bat. Azken finean, ni arraunzale eta bertsozale naiz, oso barrukoa bi mundu horietan, eta oso uztargarriak ikusten nituen. Arraunak baditu egunerokotik oso gertu dauden terminoak eta aldi berean, bai metaforikoki eta bai irudien aldetik, oso interesgarriak bertsoa sortzeko".

"Gerora gainera sortu dira bertso-derbiak, futbola oinarri duten bertso emanaldiak, eta piskat ideia hori da; azkenean da arrauna eta bertsoa elkartzea. Helburua da beste tematika bat erabiltzea eta hori aitzakia bezala erabiltzea bertso plaza bat osatzeko. Orain arteko emanaldietan, egia da kostako herrietan izan direla, baina harrera oso ona izan du".

Zuen herria herri arraunzale edo bertsozalea bada eta zaletasun horretaz gozatzeko beste aukera bat eman nahi badiozu publikoari, aukera ona izan daiteke emanaldi hau. Emanaldiari buruzko xehetasun gehiago eta kontratatzeko bidea, hemen.

2- Bertso txiki, infernu handi

Hurrengo hau, aurten sortutako ideia bat da. ETB1eko Herri txiki, infernu handi programaren ideia eta filosofia ditu abiapuntutzat, eta ezinbesteko eduki formatu bat oinarrian: ikus-entzunezkoak.

"Gogoan dut bere garaian, Bilboko Alhondigan egin genuela Bideoa bertso bide izeneko emanaldi bat, emanaldirako propio grabatutako bideo edo irudiekin, eta kasu honetan ere hori da ideia".

Herriaren arabera guztiz desberdina izango den emanaldia izango da, herriaren araberako bideo eta istorioak ardatz izango dituena: Aste batzuk lehenago "herrira hurbilduko gara bideo zenbait grabatzera eta bideo horiek izango dira gaiak sortzeko aitzakia. Bideoak sortzerakoan herriko jendearekin elkartzeko asmoa dugu, beraiek ere ideia edo erreferentzia batzuk hartu ditzaten. Hemen ez dago ez Gurrutxaga, ez Pagadirik, kasu hontan bertsoak izango luke leku gehiago".

Lehen emanaldi bat lotua dute dagoeneko, abuztuaren 13an izango da, Goizuetan, eta kantuan arituko dira Maialen Lujanbio eta Jon Maia bertsolariak. Zuen herrira ere emanaldi hau ekartzeko ideia izanez gero, hona hemen mail kontaktua.

 

"Ez naiz sekula geldi egonzalea izan"

Aspaldidanik du lotura estua Unai Elizasuk bertsolaritzarekin eta horrek, ezin bestean, bertso mundua ondo ezagutzera eraman du gai-jartzaile altzatarra. "Urteetan egon naiz Bertsozale Elkartearen inguruan lanean, nominapean ere Lanku enpresan, eta barru barruan egotetik, eduki izan dut bertsolariek edo kultur eragile diferenteek sortutako emanaldietan parte hartzeko aukera. Dudarik gabe, barru barruan egoteak ematen dizu gauzak sortzeko aukera eta aukera hori baliatu izan dut". 

Maiz aurkitu izan dugu Unai Elizasu bertsoaren inguruko proiektu eta asmo berriak esku artean eta modu batean ala bestean, bertsolaritzan eragiten. Forma eta ibilbide askotariko proiektu eta emanaldiak sortu ditu bide horretan, eta orain bere kabuz ari da nagusiki, horrek dakartzan zailtasunekin.

"Elkartetik irten ginenetik ahalegindu izan naiz gauzak mugitzen. Kasu horretan -eta aurreko bi emanaldi hauekin gauza bera gertatzen da-, bakarrik sentitzen da bat, azkenean ez dugulako komertzialik edo marketina egingo digun inor. Ni naiz kasu honetan emanaldiak mugitzen dituena eta ni ere ez naiz izen-abizen ezaguneko bat. Ez da erraza udaletxetara iristea. Eta gero, eta kasu honetan, Lankuk ere ez ditu mugitzen gure emanaldi hauek, orduan, ahal den bezala egiten dugu".

Lan hori egitera zerk mugitzen duen galdetu eta erantzun argia eman digu Unaik:

"Gauzak egiteko gogoak, eta nik esango nuke, hutsune batzuk ikusten ditudalako sortzen ditudala gauza hauek. Ez daudelako. Ez da ikusi dudan bertso emanaldi baten moldaketa bat egin nahi dudala? Ez, ez. Gaur egun ez dago ikus-entzunezkoak oinarri dituen bertso formaturik, eta piskat Bertso txiki, infernu handi horri erantzunez dago. Gainera bideo horiek kasu batzutan guk egingo ditugu, nik egingo ditut audiobisualetan profesionalak diren ezagunekin, eta beste batzuetan herriko jende eta herriko audiobisualetan lan egiten duen jendearekin hitzegiteko asmoa dut. Beraien lana eskatu eta lana eskaini gauza hauek egiteko".

...eta Lau bertsolari eta ziaboga bat-en kasuan?

"Hutsunerik ez da osatzen; bertso jaialdi bat da bere horretan. Baina bai ikusten dudala herri askotako kultur eragileek zalantzak izan ditzaketela bertso saio bat bere horretan jartzeko. Herri arraunzalegoa den horretan, ba bertso saioa beste gauza baten aitzakian sartuta, errezagoa izan daitekeelakoan".

Gerora begira ere esku artean beste proiektu batzuk dituela aitortu digu:

"Iraila edo urrirako baditut beste pare bat, emanaldi bat, behintzat, bai: Emanaldi intimoago bat egiteko intentzioa daukat. Orain ikusiko dugu zer forma ematen diogun horri, izena badakit baina ez dut hainbeste kontatuko. Asmoa hori da irailetik udaberrira bitartean leku intimoetarako, leku itxietarako, formatu bat, bertsolari ezberdinek parte hartuko dutena eta nik uste interesgarria. Kasu honetan ere ez dagoen gauza bat da proposatzera natorrena".

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri