Uda Ikastaroa UIKen 2021-06-23
Kultura eragileak, ikertzaileak, sortzaileak eta beste zenbait aditu elkartu ditu Pandemia garaiko kulturgintza: egoera eta erronkak ikastaroak. Donostiako Miramar Jauregian izan da ikastaldia, ekainaren 21ean eta 22an, UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan eta Mintzola Ahozko Lantegiak antolatuta. Tartean izan dira Beñat Gaztelumendi Bertsozale Elkartearen izenean eta Oihana Iguaran bertsolaria.
"Bertsolaritzaren gizarte mugimendua geldirik ez da inoiz egon herriz herri egon den sareari esker" nabarmendu du Gaztelumendik, baina pandemiak bertso plazara ere ekarri du ondoriorik, eta horiek ere mahairatu ditu: "Bi taldetan izan du batez ere eragina: otordu bueltan aritzen diren bertsolariengan eta gazteengan, gune informaletan egiten baitituzte lehen plazak". Bestalde, antolatzaile motak ere aldatu direla azaldu du: "Bertsolaritza tresna edo bitarteko bat bezala ikusi duenik ere badago; gizartean bestelako eragina egiteko". Gainera, bide horretan, aurretik bertsozalea ez zen jendea erakarri dela esan du; emakume bertsolariek osatu dituzten bertso saioekin, esate baterako.
Elkarteak hezkuntzan eta ikerkuntzan lanean jarraitu zuela ere gogora ekarri du: "Plazak erori ziren, eta sortzaile asko diru iturririk gabe geratu ziren. Horren aurrean, elkartearen lehendabiziko gogoeta izan zen plazan aritzen diren bertsolariei baliabideak ematea".
Hain justu, elkartearen erantzuna ere eskertu du Oihana Iguaranek: "Bertsozale Elkarteak arnas moduko bat eman zigun: Administrazioa bere diru-laguntzak antolatzen ari zen bitartean, elkartea antolatzaileei eta sortzaileei begira zein baliabide eman pentsatzen ari zen". Tokian tokiko bertso-eskolen lana ere azpimarratu du berak.
Iguaranek bere gorputzetik pasatakoa kontatu du ikastaroaren bigarren egunean, sortzaileek garaiotan bizitakoa irudikatu ahal izateko. Kolpetik agendan saioak atzeratzen edota bertan behera geratzen ikusi zituzten. Pandemiaz harago, beste egoera pertsonal bat ere bazen tartean garai horretan: "Aurreikusia nuen udan geldirik egongo nintzela, ekainerako alaba espero nuelako. Kasu honetan, zorionez, nik erabakitakoa zen eta haurdunaldi bat, baina zintzoki onartu behar badut etenaldia hartzearen erabakia beldurrez hartu nuen; barruan gertatzen diren kezkak dira". Udaberriko saioak atzeratzeak udan ezin egitea ere bazekarren, bere kasuan.
Kolpea iritsi berritan sormen lanak dohainik egiteko jasotako proposamenez ere aritu da Iguaran: "Eskaera egiteko gerturatzeko modua zen…niretzat garrantzitsua zen jakitea ekarpen horren balioa zein zen, eta ez naiz tarifaz ari".
Gaztelumendik eta Iguaranek mahai inguru banatan parte hartu dute, gainerako hizlariekin. Kulturgintzaren alorrean, pandemiak beste modu batera aritzen hasteko aukera eragin zezakeela aipatu du Gaztelumendik, baina bere inpresioa bestelakoa dela: "Ez dakit ez ote ari garen ebento handietan oinarritutako kultura batera itzultzeko nahian ari: sentsazioa badaukat zentzu horretan kulturalki akats bat egiten ari garela. Uste dut esparru txikitan lanean jarraitu behar dugula Bertsozale Elkartetik".
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24