Hitza Jolas 2021-07-05
Eneritz Gorrotxategi: Oso aberasgarria. Esparru berri bat ezagutzen, lanerako beste molde bat jorratzen ari naiz, eta gauza asko ikasten. Jende berriarekin harremanetan...
E.G.: Momentuz jasotakoa ona izan da. Espero dezagun bide horretan jarraitzea, nahiz eta hobetzeko beti izaten den aukera. Egia esan denbora tarte “luzea” izan da Euskadi Irratian bertso-saiorik gabe eta dirudienez pixkanaka ari da jendea berriz ere saioa entzuteko ohitura berreskuratzen.
E.G.: Erredakzioko lankide eta lagun batzuek bazekiten bertsozalea izan, banintzela. Eta programa buruak halaxe adierazi zidan, erredakzioko lankide batek proposatu ziela nire izena. Egia esan ez nuen espero horrelako eskaintzarik, baina erronka interesgarria zela iritzita, heltzea pentsatu nuen.
E.G.: Gure herria beti izan da bertsozalea eta gaztetxotatik Osinalde sariketa jarraitu izan dugu; auzolanera joanda hasiera batean. Gero kazetari gisa sariketaren jarraipena egitea ere eskatu zidaten eta egia esan gustura egiten nuen. Gerora gainera Osinalden gaztetxo zirela abesten ezagututakoak bestelako saioetan edota txapelketetan ikustea ere zirraragarria da. Nolabait ere batzuen ibilbidearen jarraipena egin dudala sentitzen dut. Saioetara joatea gustatzen zait baina agenda kontuak ez dira beti errazak izaten...
Xabier Sukia: Oso aberasgarria, emozio handikoa, intensoa eta ederra. Esango nuke ikasturte honetan bizitzen ari naizena, sentsazio aldetik, atrakzio parke bateko Dragon Khan handi bat izaten ari dela. Gora, behera, ezker, eskubi, kolpean jende pila bat zure inguruan… aldaketa izugarria baina oso aberatsa.
X.S.: Egia aitortuta momentu honetan, ez. Oso konzentratuta nago telebista proiektu honetan eta zentzu horretan astirik ere ez dut izan irratia faltan botatzeko. Goizetan irratiarekin esnatzen naiz, kirol piska bat egin behar badut irratia entzunez egiten dut, autoan ere beti Euskadi Irratia, goizetan, arratsaldetan, iluntzetan, asteburutan…. Konturatzen naiz nire lankide ohiak -beno, oraindik nire lankide kontsideratzen ditudanak- denak entzuten ditudala eta irratia ez dudala faltan botatzen nire bizitzan oso presente dagoelako.
X.S.: Bai, noski, ez agian larunbatero baina esango nuke Hitza Jolasen entzulea naizela. Gogoan dut Eneritzek egin zuen lehebizikoa espektatiba gehiagorekin entzun nuela; ea ongi aterako zaion, nola moldatuko da, nolakoa izango da… eta asko gustatu zitzaidan. Egun horretan esan nuen Eneritzek sekulako lana egingo du.
X.S.: Sentsazioa arraroa da baina aldi berean polita ere bai. Ikusten duzu beste pertsona bat zure tokian eta imajinatzen duzu beste pertsona hori nola ibiliko den zu lehen ibiltzen zinen moduan: ezkutuko lan guzti hoiek egiten, bertsolari zein antolatzaileekin kontaktatzen, audioa txukun txukun jartzen eta bereziki artxiboa egiten. Izan ere, Hitza Jolasek zerbaitetan lan ikaragarria egin badu, Nikolas Aldai hasi zenetik gaur arte, artxiboa izan da; izugarria da emititutakoa zer mimoz eta zer txukun jasota dagoen dena Euskadi Irratiko artxiboetan.
E.G.: Bai, gure etxeko sukaldean, larunbat askotan jasotzen genuen sukaldea irratia piztu eta bertso saioa entzunez. Oso gogoan dut Nikolas Aldairen ahotsa esaterako eta gerora ere ahal nuen neurrian Xabier Sukiaren saioa entzutea ere gustatzen zitzaidan.
E.G.: Egia esan niri eskaini zidatenerako Xabier telebistan zen lanean. Honenbestez, pare bat aldiz edo egon ahal izan dugu zalantza batzuk argitzeko baina, oso arin egin behar izan dugu halabeharrez.
X.S.: Kontatu nion nire esperientzia, nola egiten nuen nik, baina Eneritz profesionala da, irrati esatari bikaina da, bertsozalea ere bada, eta uste dut Hitza Jolas bezalako irratsaio bat ondo egiteko behar diren ezaugarri guztiak dituela.
E.G.: Bai, saioa gero eta “neureago” sentitzen dudala esan dezaket bai. Saiatzen naiz neure ukitua ematen baina egia da aurrekoek egindakoaren ardura sentitzen dudala. Nikolasek egindako bilketa lana, artxibatze lana izugarria izan zen. Hark biltzeaz gain gainera etorkizunean erabilgarri izango zen moduan antolatu zuen dena. Xabier Sukiak berriz, Nikolasek hasitako bidea elikatzen asmatu du zintzo-zintzo eta aberastasun hori izatea sekulakoa da. Nik ere hori nahi nuke, eurek hasitako bide horri eutsi eta jarraipena ematen asmatzea.
E.G.: Udako programetan bi aldeak uztartzen saiatuko gara: saio berriak eta urtean zehar entzun ditugun hainbat bertsoaldi berreskuratzeko tartea ere hartuko dugu. Aldaketarik izatekotan, ikasturte berrian izango da, baina oraindik ez dago ezer erabakita.
E.G.: Bai, urte interesgarria dator, baina orain artekoa ere oso interesgarria izan dela esango nuke. Pandemiak egoera asko hankaz-goratu ditu eta kulturari ere ataka zaila geratu zaio. Esan behar da halere bertsolaritzak berrasmatzen jakin duela, eta muga askorekin bada ere molde ezberdinetan baina, saioak antolatu direla: Txapelketa berriak asmatu dira, sariketa berriak ere bai... Bertsozaleak bertso gosez ziren eta bertsolarientzako plazak sortzen ere asmatu da. Udazkenean Xilaba, Nafarroako txapelketa eta Bizkaikoa ere izango ditugu, eta egia da bai txapelketek zale ugari batzen dituztela. Guretzako ere erronka izango da txapelketa horiei jarraipena egin ahal izatea.
X.S.: Egia bihurtutako amets bat. Topikoa ematen du, baina hala da. Ni gogoratzen naiz haurra nintzela gurasoekin kotxean irrati esatariarena eginez joaten nintzela, nire irudimena erabiliz. Bizitzak gero beste ikasketa eta beste lan batzuk egitera eraman ninduen baina 25-26 urterekin konturatu nintzen komunikazioa nire barruan zegoela, eta orduan bideratu nituen nire unibertsitateko ikasketak.
Nik bere garaian, 26 urterekin, esaten nuen “nik lan hori kobratu gabe ere egingo nuke”. Gogoratzen dut hori esaten nuela; hainbeste gustatzen zitzaidan. Eta azkenean bizitzak eraman nau lan hori egin eta lan hori nire ogibide bihurtzera. Hitza Jolas aurkeztea niretzat izan da bizitzan gertatu zaidan gauzarik politenetakoa.
X.S.: Gogoan momentu asko ditut baina batzuk aukeratze aldera, aukeratuko nuke, adibidez, nire lehendabiziko saioa. Saioa bera baino oso presente daukat garai hura. Nikolas Aldairekin erreleboa oso atsegina izan zen, egunero nire ondoan egon zen, aholku pila eman zizkidan eta oso oroitzapen goxoa daukat, nola utzi zuen Nikolasek eta nola hartu nuen nik erreleboa. Lehenago ere, niri izugarri gustatzen zitzaidan Nikolas Aldairen “Eta Hitza Jolas bihurtu zen” saioa: Nikolasen ahotsa, bertso zaharrak, garai horietako ahots guzti horiek (Xalbador, Mattin, Lasarte, Uztapide, Basarri…) nola sartzen zizkigun gure etxera… Asko zor diot.
Gero oso gogoan ditut joandako bertsolariei eskainitako saio bereziak. Gogoan dut Joxe Lizaso hil zenean haren hiletara nola joan ginen, nola jarraitu genuen, nola eskaini genion bere bizitzako laburpena, haren bertsorik onenak eta hautaketa bat eginda… Jon Azpillagarena, Jon Lopategiri eskainitakoa, Aitor Sarasuari… saio berezi hoiek oso gogoa ditut. Lan asko izaten zen baina oso gustura egiten nuen lan bat zen. Lan polita eta oso esker onekoa, jendeak asko baloratzen zituen.
Eta gero txapelketak. Lurraldetakoak ere oso bereziak dira baina bereziki Euskal Herrikoa aipatuko nuke. Bertan sortzen den tentsio eta emozio guztiarekin: Finalaren aurretik eta ondoren egiten ziren prentsaurrekoak jarraitzea, BEC-etik zuzenean sartu irten aritzea…
E.G.: Euskarari eta euskal kulturari zor zaiolako. Irrati publikoa izaki eta euskararekiko duen ardura bere eginda, esango nuke badagokiola horrelako saio bat izatea. Euskararekin lotutako beste diziplina batzuei tartea eskaintzen zaien bezalaxe bertsolaritzak ere berea behar duela esango nuke.
X.S.: Eta, askotan entzun izan diegu, batez ere garai bateko bertsolariei, “gu herriaren zerbitzariak gara”, askotan erabiltzen zituzten esaldiak ziren “herriak nahi duenean abestuko dugu”, “herriarenak gara”, “herriaren izenean kantatuko dugu”… Herria, alegia, publikoa. Eta nahiz eta esango nukeen kontzeptu hori aldatu egin dela eta zentzu horretan bertsolaritzaren ibilbidea garai berrietara oso ondo egokitu dela, Herriari ere zor zaio irrati publikoak bertsoari espazio bat eskaintzea. Bertsolaritza herriarena delako, herriarena izan delako, herritik atera eta sortu delako, herrian kantatzen delako, herriak antolatzen duelako. Iruditzen zait oso saretuta dagoen mugimendua dela bertsolaritzarena eta publikoak behar du bertsogintzari eskainitako irratsaio serio eta profesional bat.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24