KRONIKA 2021-07-02

Thanatosen inguruko “azken bidaia”, Erosetik

Thanatosen inguruko “azken bidaia”, Erosetik

Jose Anjel Irigarai

Ez-ohiko hitzordua aurtengo ekainburuan, heriotzari buruzko Azken Bidaia bertso-saioa Donostiako Museo San Telmon (kalostrako bi hegaletan, oholtza angeluan): Miren Amuriza, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Julio Soto; Ainhoa Aranburu saio-prestatzaile eta gai-jartzaile, aurkezle Aintzane Irazusta. Berebiziko ikusentzunmina.

Antton Valverderen airean (Erdozaintzi-Etxarten hitzak), Aintzane aurkezten hasi-eta ondoko elizaren ezkila joka… Herio bera, ohi duenez, autogomitatua zela seinale. Agurretan, baina, Maialenen baduzue umorea! keinuak senti zitekeen goganbeharra goxarazi zuen.

Eta hasi ziren gaiak aletzen, sakon, artifiziorik gabe, zinezkotasunean; ariketa-erronka gaitza bertsolarientzat, denontzat durduzagarria. Eta zerk eragiten du beldurra?: inguruan ditugunak desagertzen ikusteak; duguna eta garena uzteak…, nahiz hil-eta (zer den) esplikatzeko joan denik ez den etorri.

Eta nor ez da gaztaroan Heriorekin dantzan ibili?: Andoni eta Miren bertso-dantzan, gazteak beldurrik ez, presarik ez Heriok. Familiako bat hiltzean -aitona- adin txikiko Julio semeak ikusi nahi gorpua eta Maialen amak utzi ez, 30 urteren bueltan pozten da semeak musu eta guzti eman izana jakindakoan, hori bai musuak hil aurretik emateko.

Heriotz-erritoen lehena eta oraina. Andoni eta Julio anaiak atakan: nor nahiago hil dadin aurrena, ama ala aita? Itzuli-mitzulika Juliok egokia bota dio anaiari: eta gutariko bat arreba balitz? Parada Andonirentzat generoen desoreka solfan jartzeko, edozein dela hautua, anaia probestuko baitzen arrebari uzteko lan-karga, baita solfa-bide beretik joz saia dadila aita hiltzen aurrena, amarekin lan gutiago edukiko zutelakoan.

Zahartzaroan, Maialen eta Miren paseoan eta banku batean eserita, Maialen azkenean bizitzeaz aspertua, Miren ez, baina oraingo abaila eta presa zertarako?,total leku berera iristeko denak.

Eutanasiaren aukera-maukeran, sedazioa bai, sedazioa ez, familiarren egoera ezberdinetan jarriz bertsolariak. Orobat maiz aipatzen den heriotza ederra izan du…, heriotza eta ederra? Entzun ziren gogoetak bai ederrak: … oroimen gozo bihurtu liteke mina, heriotzean ukitzen dugu gordinenean bizitza. Ildo horretatik ere, familiar bat galtzean senide bakoitzaren sentipenak besteen ikuspegitik.

Pausa batean, gonbidatu berezia: Jon Sarasuak Aitor anaia zenaren oroipenean ondutako bertso jarriak kantatu zituen.

Eta hondarrean hil zarete. Zer diozue? Julio behor batekin airean, Miren basoan, Andoni trufaz, bi zizarerentzako otoruntza izaki, Maialen Igeldoko itsasertzean legatza eta berdelen bazka …egongo naiz zuen barrenetan. Luzaz izan dadila, zuzenean, ez arrainen bidez!

Goizean goizik zuberotar kantu zaharra entzunaraziz, hildakoa joaten uzteaz aritu ziren Julio eta Miren, alferrik dela atxikitzea. Horregatik, Violeta Parraren oihartzunean, bizitzari kantatuz amaitu zuten saioa bertsolariek.

Thanatosen inguruko “azken bidaia”, Erosetik, baina. Gogoangarria. 

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra