Ikerketa 2021-10-05

“Guretzat ere polita da ikustea hau nondik datorren"

“Guretzat ere polita da ikustea hau nondik datorren"
Gabiriako bertsozaletasuna izango dute aztergai bertako zenbait herritarrek. Kilometroak eta Mintzolak deitutako bigarren ikerketa beka eskuratu du "Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian" proiektuak.

"Gabiriarrak abilak gara, errautsetik sua pizten; eta beka hau aprobetxatuz, aukera hau zaigu irten", hasi zen kantuan Aratz Igartzabal Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian proiektuaren aurkezpenean, pasa den ostiralean, Ordiziako Barrena Jauregian. Ikerketa proiektuak Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak deitutako bigarren ikerketa beka eskuratu du, eta horri esker, 3.000 euroko saria lortu dute proiektua dena ikerlan bihurtzeko. Horretarako, urtebeteko epea izango dute egileek.

Betidanik izan dute gabiriarrek herriko bertsozaletasuna aztertzeko eta dokumentatzeko gogoa, eta ikerketa bekak aitzakia ederra eman die lanean hasteko: "Txapelketa Nagusia denean edo inguruko herriren batean saioa dagoenean, taldean mugitu izan gara; eta zer esanik ez, dauzkagun bertsolari pila. Berezia da", azaldu du Eresti Oiarbidek, ikerketa garatuko duen taldeko kideetako batek. Berak eta Maialen Akizuk sinatu zuten proiektu sariduna, baina taldean egingo dute ikerlana. Endika Igartzabal da partaideetako bat: "Txikitatik jaso dugu bertsoa zerbait ohiko bezala. Guretzat ere polita da ikustea nondik datorren hau, zergatik gauden egoera honetan, zenbat kasualitate gertatu diren edo zenbat lan egin den hona iristeko". Kideek erosoen sentitzen diren horretan egin ahal izango dute ekarpena, eta hala banatu dituzte egitekoak: elkarrizketak egiten eta dokumentazioa jasotzen ari dira orain. Gabiriarekin eta bertsolaritzarekin lotutako anekdota, ikus-entzunezko, irudi edo antzerakorik izanez gero, gabiribertso@gmail helbidera bidaltzea eskertuko dute.

Taldearen izenean aurkezpenean hitza hartu zuten Aratz Igartzabalek eta Eresti Oiarbidek; baita deialdia antolatu duten Kilometroak Kultur Elkarteko eta Mintzola Ahozko Lantegiko ordezkariek ez ezik, lagundu duten Gerriko Kultur Elkarteko eta Goierriko ikastoletako ordezkariek ere.

Lanean jarraituko dute gabiriarrek herria berezi egiten duen horri eusteko; Aratz Igartzabalek aurkezpenean botatako bertsoan aipatu bezala "Gabiriako bertso katea sekula eten ez dadin".

Informazio gehiago, hemen.

Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu