XILABA 2021 2021-10-14

Segi dezala festak!

Segi dezala festak!
Larunbatean ekingo dio aurtengo XILABA txapelketak finalerdien fase berriari. Guztira 18 bertsolarik hartuko dute parte bigarren fase honetan, hiru saiotan banatuta. Ortzi Idoate Bertsularien Lagunak elkarteko sustapen eragileak lehen fasearen balorazioa egin digu.

Iazko udazkenean egoerak behartuta bertan behera utzi behar izan zuten XILABA 2020 eta aurten Bertsularien Lagunak elkarteak indarrez eutsi dio txapelketa berriaren erronkari. Orain arte 4 saio izan ditu XILABA 2021 txapelketak Makean, Muskildin, Hiriburun eta Gabadin, azkena joan den larunbatean. Guztira 24 bertsolarik hartu dute parte aurreneko zati honetan eta hain zuzen ere "bertsolariek agertu duten maila" azpimarratu nahi izan du Ortzi Idoatek: "Gauza oso politak utzi dizkigute guztiek. Txapelketako gazteenak agertu duen maila ere azpimarratu nahi nuke, joan den urtetik hona Josu Txoperenak jauzi handia eman duela iruditzen zait. Eta gero, txapelketako sopresa dena, nire ustez bederen, Johaine Sarraillet bertsolari xiberutarra finalerdietara sailkatu izana da eta berak ere gauza oso politak erakutsi ditu".

Pandemiak eraginda

Aurreneko saioetan, iaz baino jende piskat gutxiago biltzen ari direla onartu digu Idoatek; eta horretan egoeraren baldintzek eta pase sanitarioaren derrigorrezkotasunak eragina izan dutela ondoriozta daiteke."Gure ustez askatasun murriztaile den neurri bat da. Nahiz eta aplikatu behar dugun bada jendea onartzen ez duena eta ez onartzeagatik ez datorrena saioetara. Hori nabaritzen dugu. Beti etorri ohi diren aurpegi batzuk ez dira etortzen, errespetatu behar dugun erabakia da eta hor dago".

Elkartearentzat ere lan gehigarri bat suposatzen du, noski, hori kudeatu behar izateak baina "behin behar diren aplikazioak eskuko telefonoetan izanda aski errez egiten" dela onartu du. "Hor izan ditugun sopresa handienak hegoaldeko ikusle batzuekin izan ditugu. Denak ez, baina batzuk gabe etorri dira eta ez diote aurre hartu behar horri. Nik uste nuen aski argi zela Ipar Euskal Herrian, eta frantziar estatuan orokorrean kultura ekimen, jatetxe eta abarretara joateko derrigorrezkoa dela. Ikusleak QR kodea duen papertxoa ekarri behar luke guztien lana errexten duelako".

Hurrengo fasean larunbat hontatik aitzina

Maulen arituko larunbat honetan kantua izango dira Aitor Servier Etxexuri, Amets Arzallus Antia, Karlos Aizpurua Etxarte, Kerman Diaz Franco, Maddi Ane Txoperena Iribarren eta Maddi Sarasua Laskarai bertsolariak. Hurrengo saioak Bardozen eta Izpuran izango dira jarraian helduko diren bi larunbatetan.

"Hurrengo fasean festa honek jarraitzea espero dugu, bertsolariek maila ona erakustea, entzulea etortzea eta finalean Donibane Lohizuneko Jai Alaia bete dezagun".

Aitzina bertsularitza!

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri