BTN22 2021-10-26

2022an egingo da Bertsolari Txapelketa Nagusia

2022an egingo da Bertsolari Txapelketa Nagusia
Iturria: XDZ-Gari Garaialde
Irailaren 24an hasiko da eta finala abenduaren 18an izango da, Iruñean.

Aurten izan behar zuen Bertsolari Txapelketa Nagusiak badu data berria: 2022ko udazkena. Hala jakinarazi du Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak gaur bertan: "Pandemiak eragindako egoera leundu den honetan, lurraldeetako txapelketak ahalik eta normaltasun handienarekin bururaino eramateko modua izango dela aurreikusiz", 2022ko udazkenean Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 18. edizioa aurrera eramateko erabakia hartu du elkarteak.

Getxon abiatuko da irailaren 24an, eta Iruñean amaituko da abenduaren 18an. Honenbestez, azken urteetan Barakaldoko BECen egindako finala Iruñeko Nafarroa Arenan gauzatuko da: "Ibiltaria da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Euskal Herrian zehar, herrialdez herrialde, herriz herri, eragitea eta bertsolaritza sustatzea da Bertsozale Elkartearen helburua. Ondorioak nabariak izan ohi dira: zaletasuna areagotzen da, bertso-eskolentzat bizigarri dira eta ilusio piztaile da tokian tokiko bertsogintzan".

Helburu horrekin eta Nafarroa Arenak finalerako beharrezkoak diren azpiegiturak eskaintzen dituela aztertu ondoren, Bertsozale Elkarteak finala bertan egiteko erabakia hartu du. Finala Iruñean izateak Iruñerrian eragitea du asmoetako bat. Nafarroan bertsolaritza sustatzeko ahalegin handia egin du Nafarroako Bertsozale Elkarteak: horren ondorio da, besteak beste, Nafarroako Gobernuak 2018an bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatu izana.

Hurrengoa, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak antolatzen duen Bertsolari Txapelketa Nagusiaren hamargarren edizioa izango da. Txapelketaren finalak Donostian errotuta egotetik (1935-2001), beste lurralde batean eragin asmoz, finala Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren egitea erabaki zuen Bertsozale Elkarteak 2005.urtean; orain Iruñearen txanda izango da.

Ohiko plazak, lehentasun
Edonola ere, ohiko bertso plaza berreskuratzen jarri du indarra hilabeteotan Bertsozale Elkarteak eta hala jarraituko du; baita egun abian diren lurraldeetako txapelketak hasieratik amaieraraino ahalik eta normaltasun handienarekin gauzatzen. "Bertsolari Txapelketa Nagusiaren antolakuntzan ilusioz eta buru belarri ari da elkartea" gaur adierazi dutenez.

Ildo horretan, Bertsozale Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie, 1987tik gaurdaino txapelketen edo bestelako egitasmoen bitartez, bertsolaritza sustatzen eta eragiten lankide izan ditugun norbanakoei, bertso-eskolei, elkarteei eta erakundeei.

 

Albiste gehiago

EHBT26 2026-10-10

Xabat Illarregi, Gotaineko gorabeherei bertsoz bertso eutsiz

Igotz Alkorta Irastortza

Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Irati Egibar Izeta

Txikitik handira 04 2026-10-08

Txapelketen sintonien notei jarraika

Bertsoak ez du adinik 2026-10-07

Adin-adin, bertsoa zabaltzen Nafarroako adinekoen egoitzetan

Igotz Alkorta Irastortza