Bertsolaritza irratietan 2021-11-15

Bertsoa uhinetan

Bertsoa uhinetan
Berriz ere hemen aurkituko ditugu irratietan aurreko astean egin izan diren irratsaioen bildumak.

Bapateko Unibertsoa Arraio irratian

Bi asteko etenaldiaren ondotik, martxan diren txapelketen errepaso ederra egin digute programa eramaten duten Maite Aizpurua, Unai Agirre eta Markel Eizagirrek. Nerea Ibarzabal gonbidatu dute haien saiora eta duela urte gutxi Zaldibian sortu zuen Zapi-janzteari buruz hitz egin dute.
Saioa ederki bukatu egin dute gainera.
Adi egon!

Bapateko Unibertsoa 2021-11-08

 

(H)ari naizela Ataria irratian

Maritxu Huizi, 87 urteko emakumea elkarrizketatu du Imanol Artola "Felix"ek (H)ari Naizela irratsaioan, eta San Lorentzoetan Berastegin izandako bertso-saioko bertsoaldiak entzun dira.
Maritxuk hautatu zituen Berastegin kantuan aritu ziren sei bertsolarietatik lau, eta laurek Maritxuri kantatu zioten. Aitzakia hori abiapuntu hartuta, Maritxuk buruz ikasitako zenbait bertso kantatu dizkio, eta haren bertsozaletasunaren nondik norakoen berri jaso du.
Elkarrizketaren tarteetan Berastegin San Lorentzotan kantatutako zenbait bertsoaldi ere entzun dira. Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Unai Mendizabal, Aitor Mendiluze, Sebastian Lizaso, Amets Arzallus eta Oihana Iguaran; gai-jartzailea: Iñigo Gorostarzu "Etxorde".
Oroimena eta bertsoa!

Hari naizela 2021-11-10

 

Potto programa Bilbo Hiria irratian

Xilaba (Xiberu, Lapurdi, Behe nafarroa) txapelketa izan dute jomuga azken POTTO balan. Maule,Bardoze eta Izpura bisitatu dituzte eta hiru finalerdi horietako ariketa aukeratuak eskaini, aukeraketa diktatorialean.
Bertsolariak prosan entzutea gustuko dugunez, Karlos Aizpurua gonbidatu dute irratira, eta elkarrizketa egin diote bertsolari / irakasle / eragile… handiari.
Biba bertsoa!

Potto 2021-11-11

 

Bertsoinka programa Xorroxin irratian

Urriaren 23an Zaldibian egin zen IV. Zapi-Jazteko bertsoak ekarri ditu Julen Zelaietak aurreko asteko Bertsoinka saioan.
Bertan, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal eta Jon Maia aritu ziren.
Zaldibiko Zubi-Buru elkartean izan zen saioa, bazkalostean, eta azkenean publikoak emandako botoei esker Nerea Ibarzabalentzat izan zen Zapia. Andoni Egaña iazko irabazleak jantzi zion ohitura den legez.
Bertsoa eta zapia buruan!

Bertsoinka 2021-11-11

 

Hitza Jolas programa Euskadi irratian

Xilabaren finala ate-joka, Nafarroako eta Bizkaiko lehiak final-aurrekoetan.
Ordu batzuk soilik eskas ziren argitzeko nor izango zen Xilabaren aurtengo txapelduna. Bien bitartean, Bizkaiko eta Nafarroako txapelketak final-aurrekoen fasean murgilduta dira. Azaroan murgildu garenez, Bertsopedia atalarekin San Martin egunari lotuta, 1996an Ataunen, Xebastian Lizasok eta Andoni Egañak osatutako bertsoaldi bat berreskuratu digu Eneritz Gorrotxategik.
Bederatzikoak Ordiziatik Azpeitira luzatu du puntua.
Txapelketak, leku guztietan!
 
 
 
Programa dexente...
Belarriak tente!

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri