Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2021-12-18

Nerea Ibarzabal txapeldun

Nerea Ibarzabal txapeldun
Nerea Ibarzabalek irabazi du 2021eko Bizkaiko bertsolari txapelketa, Jone Uriarekin jokatu du buruz-burukoa. Neurriak neurri 4000 bertsozaletik gora batu dira Bilboko Bilbao Arenan. Azkenean, iragarri bezala, Joseba Etxebarria eta Moises Enbeitak jantzi diote txapela txapeldunari. Laster, finaleko bertsoaldi onenak ikusgai sareko plazan.

Nerea Ibarzabal Salegi izan da txapelduna eta bigarren izan da Jone Uria Albizuri. Ondoren sailkatu dira, hurrenez hurren: Etxahun Lekue Etxebarria, Xabat Galletebeitia Abaroa, Onintza Enbeita Maguregi, Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola eta Gorka Pagonabarraga Agorria.

Historiara pasatuko den finala izan da, besteak beste, buruz-burukoan lehen aldiz bi emakume aritu ziren kantuan. Miribillan elkartu diren 4000 entzuleek ongi erantzun diote erronka horri eta hasierako agurretatik eta bukaerara bero bero aritu dira.

Itxaro Juaristi Olaetxeak egin ditu aurkezle lanak eta Idoia Anzorandia Kareaga aritu da gai-jartzaile lanetan. Agurren ondoren, zortziko nagusiko eta zortziko txikiko ofizioekin ekin diote bertsolariek. Hiru puntuei erantzun behar izan diete gero eta 10eko txikiko ofizioen txanda izan da bakarkako gaiari heldu aurretik.

Lehen fase hori amaituta, Jone Uria Albizuri eta Nerea Ibarzabal Salegik lortu dituzte puntu gehien, eta eurek jokatu dute buruz-burukoa. Zortzi bertso osatu dituzte puntuka eta jarraian, 6ko motzean aritu dira. Kartzelako lana tokatu zaie ondoren. Honakoa izan da egokitu zaien gaia: "Topa egin eta txin-txina entzutearekin batera holan pentsau dozu: Pasau daitela pasau beharrekoa!".

Azkenean, bertsolari markinarra nagusitu da eta Joseba Etxebarria eta Moises Enbeitak jantzi diote txapela publikoaren txalo zaparrada artean; Txapelketako Talde Antolatzaileko bikote ezinbestekoa izan da azken urteetan eta keinu sinboliko honekin, egindako lan guztia eskertu nahi izan die Bizkaiko Bertsozale Elkarteak.

Honela gelditu da azken sailkapena:

  1. Nerea Ibarzabal Salegi......................874,5
  2. Jone Uria Albizuri...............................866
  3. Etxahun Lekue Etxebarria.................520,5
  4. Xabat Galletebeitia Abaroa...............507,5
  5. Onintza Enbeita Maguregi.................489,5
  6. Aitor Bizkarra Ruiz.............................486
  7. Aitor Etxebarriazarraga Gabiola.........484
  8. Gorka Pagonabarraga Agorria...........464

Bertsoaldi onenak eta saioaren kronika

Astelehenean, Biilbo kantatu diren bertsoaldi onenak ikusgai izango dira Bertsoa.eus sareko plazan, eta aste hasieran ere, Igor Galartzaren finalari buruzko kronika irakurtzeko aukera ere izango da.

Txapeldunaren hitzak

Nerea txapeldunari Amaia Goikoetxea kazetariak egindako elkarrizketa sakona batuko duen bideoa argitaratuko dugu asteartean. Bertan txapeldunak orain arte txapelketan bizitakoak, txapela irabaztean sentitutakoak eta askoz gehiago entzuteko aukera izango da. Finalaren osteko gainontzeko finalisten hitzak ere eskainiko dizkizuegu astean zehar.

Bihar Hitzetik Hortzera berezia

Horrez gain, ez ahaztu bihar eguerdian, igandez, Hitzetik Hortzera bereziaz gozatzeko aukera izango dela Euskal Telebistan, finaleko bertsoaldi onenak eta txapelduanren saio osteko hitzak batuko dituena. igandean, 15.00etan, ETB1en.

Albiste gehiago

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra

Araitz Katarain, Izaro Bilbao eta Janire Arrizabalaga - elkarrizketa 2024-03-13

«Bertso munduratze prozesu horretan sortzen diren gatazkak gorpuztuko ditugu, mimoz, arduraz eta umorez»

Larunbat gauean 21:00etan ETB1en 2024-03-07

Hitzetik Hortzera Xabier Rico Arabako txapel emailearekin