None 2022-01-18

LODIFOBIARIK EZ!

SAN ANTONTXU XXIV. BERTSO PAPER LEHIAKETA 2022 - SORTA SARIDUNA (1.SARIA)

Doinua: Baneza eta banitu

1- Bizitzaren loteriak
sari gisa, komeriak
igortzean, alegriak
non, biztanlego erdiak?
Egi-oste ko gizarte hontan
aldatuz doaz egiak
baina benetan iritzi denak
ote dira zilegiak?
Kilotxo batzuk gora-behera
gu bihurtzean eriak
zenbat ertz izan ditzaken egun
gorputz borobilegiak! (BIS)

2- Astebururo ilada
merkatal zentroetara
kontsumitzeko parada?
Bai … haiek gu, beharbada!
Arropa-dendan nabaritzen dut
saltzaileen begirada
nire gorputz ez normatiboa
bilakatzen zaie traba.
Salerosketa xinple bat zena,
egun kontraesana da:
orain arropek saltzen gaituzte
besteen begietara. (BIS)

3- Malenkoniak hartzean
amonaz akordatzean
oraindik ere, lantzean
ikusten dut baratzean.
Jende ugarik ganoraz ez du
bazkaltzen etxeratzean
ta beste askok barau egiten
dute sarri arratsean …
Mendeetako gure izana
uzten gabiltza atzean
ez jatearen kultura hori
guztiok elikatzean. (BIS)

4- Festan, ilunabarrean
parrandaren aparrean
hemen algara, barre han
bizipoza indarrean…
Tabernan sarri entzuten ditut
niregatik marmarrean:
Polita da bai, baina kiloak
hartu ditu paparrean!
Nire beldur ta gabezi denak
zamatzean bizkarrean
arropak jantziz biluztu ohi naiz
sarri besteen aurrean. (BIS)

5- Jostailuak irakaspen
izan litezkela ahazten
zaigu maiz, ohituraz azken
modara baitira janzten.
Monster family-n, xelebre dena
potolo dute marrazten
berdin neskato guztiz sexya,
gorputz hutsa adierazten …
Jostailu hauek topikoetan
dituztenez haurrak hazten
beldur naiz haiek ez ote diren
gure haurrekin jolasten! (BIS)

6- Edertasunaren ligan
nagusitzeko desiran
ispiluen ikusmiran
begi-niniak dilindan!
Gimnasioko Apolo-ekin
hizketaldi baten jiran
mutiko batek ez zara zaintzen!!
tupustean bota zidan,
Yoga ta Tai-chi egiten ditut!
nik ihardetsi segidan …
Batzuk gorputz bat dira bakarrik
ta nik gorputz bat dut nigan.(BIS)

7- Batez ere emaztea
bazara, a ze kaltea!
Inon ez zara maitea
ta baietz itxi atea!
Lodifobiak antigorputzak
sortzea du aldartea
lotsak musuko gisa dihardu
zail da ezer esatea …
Pandemiaren metafora hau
al da gure izatea?
Guri neurriak betearaziz
gaixotzen du gizartea.(BIS)

8- Eskolan, jazarpenean
ta sendirik onenean
errespetuzko bermean
gu ixilik, azkenean.
Xenofobiak ta matxismoak
mintzen gaitu barrenean
hortaz guztiok oldartzen gara
Bullyng-aren izenean.
Baina nolatan ez da ikusten
bortxa hau aldamenean?
Lodifobia aurreko hauen
batura soila denean... (BIS)

9- Interneteko sareak
bihurturik aldareak!
Berdin kuadrilak, taldeak
autozentsura gabeak.
Kontraesanak azaleratzen
dizkit nire B aldeak:
Nik ere denak juzkatzen ditut…
ta ez dira hitz xuabeak!
Txutxumutxuak ta inbidiak
bilakatuz zutabeak
buruaskiak izan gintezke
baina ez burujabeak. (BIS)

10- Gure gizarte zombie-a,
lokartu ta eroria…
Berriz, dieten lobby-a
hain aberats ta joria!
Etorkizuna jorra dezagun
galdu gabe memoria
bada garaia hitz errealez
definitzeko “Lodia”.
Gure eskutan ere badago
aldatzea historia
pisuz ta kargaz arindu dadin
gurean lodifobia. (BIS)

POTTOLA - Iñigo Legorburu Arregi

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri