Etxepare Jalgi hadi Batura 2022-02-09

Euskarazko lehenengo liburuko bertsoak euskara batura ekarri ditu Xabier Amurizak

Euskarazko lehenengo liburuko bertsoak euskara batura ekarri ditu Xabier Amurizak

Xabier Amurizak Bernart Etxepareren Linguae vasconum primitiae poema/bertso liburua euskara batura ekarri du Etxepare Jalgi hadi batura lanean. Euskara batura moldatu eta neurriak zein errimak eguneratu ez ezik, jendaurrean kantatu eta deklamatzeko hautaketa ere moldatu du bertsolari eta idazleak emanaldi formatuan zabaltzeko, Xalbador eta Lazkao Txikirekin antologiekin egin zuen bezala. Xabier Amurizaren esanetan, Etxepare koblakaria, bertsolaria izan zen gaur egungo adieran, eta bere lana kantatua eta deklamatua izateko egin zuen.
Etxepare Jalgi hadi batura lanean jatorrizko bertsioa eta bertsio eguneratua biak datoz orrialde berean ezker eskuin, irakurleak bien arteko jolasa egiteko aukera ere izan dezan.

Otsailren 17an Gasteizen aurkezpena
Bilboko euskaltegi batek egindako eskari batetik abiatu zen ideia. Otsailaren 17an Xabier Amurizak Gasteizen aurkeztuko du bere lana Oihaneder Euskararen etxean, 19:00etan.

Gaur egunera, bere estiloari zintzi eutsiz
Jatorriko bertsiotik euskara batura ekartzen zenbait moldaketa egin behar izan ditu Amurizak: "Lexikoa aldatu dut, aditza ere bai, eta, oroz gain, teknikoki ere pixka bat hobetzen saiatu naiz. Itzulpen hutsa egiteko —euskara batura ekartze hutsa, esan nahi dut—, ez nuen izango halako kinadarik edo interesik. Teknikoki hobetu dudala esan dut, baina exajeratu gabe. Nire sentimendu nagusia zen Etxepareren testua gaurko egunera ekartzea, bere estiloari zintzo eutsiz. Teknikoki, haren errima oso elementala da, eta batez ere, bariazio gutxikoa. Arlo horiek pixka bat hobetuz, hizkuntza ulergarri egite aldera egokitu dut", adierazi du Argiari emandako elkarrizketan.

Emazten favore/Emakumeen alde
Etxepareren lanean, Xabier Amuriza gehien harritu duen poema Emazten favore izenekoa da, berak Emakumeen alde itzuli duena. "Borobilak iruditu zaizkit horko esaldi batzuk, rotundoak! “Andrerik ez den lekuan / ez dakusat plazerik / ez gizona, ez etxea / ez deus ere garbirik. / Etxean den gauza oro / gaizki antolaturik / ez nuke nahi zeruratu / han ez balitz andrerik”. Grazia ere egiten du deskribapen horrek. Eta hona gero: “Ez dut entzun emazteak / lehen eraso gizonik / bai gizonek emaztea / beti ere lehenik. / Txarkeria sortzen baita / beti gizonetarik! / Nola egozten zaie, bada / emazteei errurik?” Eta geroago: “Mila gizon gaiztorik da / emazte batendako / Gizon baten mila andre / bere fedean dago”. Eta azken adibidea: “Nik ez dantzut emazteak / bortxaturik gizona / bai gizona andreari / zoroki darraiona”.

Nor zen Bernart Etxepare
Nafarroa Behereko Garaziko eskualdekoa zen sortzez. Sarasketan jaio zela uste da, XV. mendearen azken hamarkadetan (1480an ?), eta bizitza gehiena ere Garazi aldean eman zuen, Eiheralarreko erretore eta Donibane Garaziko bikario izan baitzen.

Nafarroako erreinuan 1512tik aurrera izan ziren gerrak eta istiluak gertutik bizitzea egokitu zitzaion: poema batean aitortzen duenez, espetxean ere egon zen. Atxilotzearen arrazoiak ez daude oso garbi: batzuen iritziz, garai hartako gatazkan Gaztelako erregearen alde jokatu izana leporatuko zioten; beste batzuek, ordea, arrazoi politikoak bainoago, moralak izango zirela uste dute.

Hala ere, Etxeparek ozenki aldarrikatu zuen bere errugabetasuna. Harez gero, bere poema liburua idatzi zuenean, argitaratu zioten. Sasoi hartarako ez zen gutxi, euskarazko lehenbizikoa zela kontuan izanik. Bordelen plazaratu zen 1545ean liburua, Linguae vasconum primitiae izenburuarekin. Tituluan bertan, hitzaurrean eta amaierako poemetan agerian uzten du Etxeparek lehen euskal idazlea dela. Euskarari "kanpora, plazara dantzara" irteteko agintzen dio, eta euskaldunek ere bide berriak urra ditzatela nahi du, moldiztegiaren bitartez, euren burua erakutsiz.

(Argazkia: Alea.eus)

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri