Bertso plaza Covid garaian 2022-02-24
Bertsozale Elkarteak 2021. urteko bertso plazaren irakurketa egin berri du eta hainbat datu oso interesgarri ageri dira pandemia garaian bertso plazaren egoera eta bilakaera ulertzeko. Bertsolari eta gai-jartzaileen bizipenetan sartu aurretik, datu orokorrekin hasiko gara: hona hemen adierazgarrienak:
-2021ean 694 saio egin ziren, 2020an baino ia 200 gehiago. Pandemia aurretik baino 300 gutxiago, 1.000 inguru egiten baitziren.
-Jaialdiak igo dira, batez ere: 270 jaialdi 2019an eta 372, 2021ean.
-Otordu bueltako eta libreko zirkuitua asko galdu da. 2019an, 753 egin ziren; 2020an, 165; eta 2021ean, 200.
-Bat-bateko emanaldi bereziek gora egin dute. Lehendik goranzko bidea hartua zuen fenomenoa zen, baina are nabarmenagoa izan da joera hori 2021ean. Bereziki, generoari eta feminismoari lotutako ekitaldiak nabarmendu dira; ezagunena eta gehien egin dena, Ez da kasualitatea bertso saio musikatua. 2019an, 98; 2020an, 85; eta 2021ean, 122.
-Jaialdien igoerak bertsolarien saio kopurua orekatzea ekarri du, oro har. Jaialdietan sartu ez den bertsolari kanonak antzeman du gehien saio galera.
-Parekidetasun ikuspegitik, 2021ean plazako zirkuituan gizonezko eta emakumezko bertsolarien parte hartzea: %52 gizonezko bertsolariak eta %48 emakumezko bertsolariak; 2019an, parte hartze hori %64koa eta %36koa izan zen.
Pandemia giroan, bertsotarako tarte estua
Bertsolariek irakurketa honen intuizioa bazuten. Bizi izan dute edo sumatu inguruan, eta baloratzen dute saioak mantentzeko egin den ahalegina ere. Estatistika eta datuez harago, bertsolarientzat pandemia garaian plazako jarduna ez da erraza izan, hala aitortu diote Bertsoari: "Erantzi ezinezko lanbroa" izan da Covid-aren inguruko guztia Amets Arzallusen hitzetan. "Gaia jarri nahiz ez jarri, beti oso presente egon den testuingurua" Onintza Enbeitaren hitzetan.
Publikoarekiko konexioa, aldiz, handitu egin dela iruditzen zaie bertsolariei. Beharbada, maskarak galarazten zuena txaloek eta esker onak ordezkatu duela adierazi dute, eta saioen berotasun maila igo egin dela iritzi diote. Adinari dagokionez, adin batetik gorakoen presentzia ohikoa edo ohikoa baino altuagoa izan dela adierazi du Arzallusek.
Plazan bertsotan norbere ideiak adierazteko ere zirrikitu estua sumatu dute. Batetik, gai bakarrak gainerakoak jaten zituelako, baina baita lanbro horren ezaugarriengatik ere: "Iritzi kritikoa oso mugatua, ia iritzi erdi bakarra, urradurak ia harreman zirkulu guztietan, norbera kokatzeko zailtasuna, tabua, tentsioa, kalanbrea..." aipatu ditu Amets Arzallusek, orain egoera zerbait irekitzen ari dela ikusten duen arren.
Onintza Enbeitak azaldu du momentu askotan ia ezinezko zela inorentzat mingarri izan gabe kantatzea: "Poloak sortu dira, zenbait neurriren kontra kanta zenezakeen baina bazenekien publikoan egongo zela COVID-19agatik asko sufritu duen jendea, eta haientzat ere ez zen erraza izango. " Plazan ere gizartean izan diren sentipena izan direla ekarri du Enbeitak: "Shocka, beldurra, zalantzak eta erabakiak".
Joanes Illarregik ere bizi izan du egoera hori: "Bolada batean dena ziren COVIDaren inguruko gaiak, eta gero, ia desagertu egin dira. Tabu bat bezala izan da". Illarregik uste du bertsolaria zenbait ataka estutan ez jarri nahi izatea egon litekeela horren atzean. "Nik, pertsonalki, zenbait gairen falta sumatu dut plazan (txertatzearena, COVID pasaportearena...) kantatzeko aukera izatea" adierazi du.
"Datuetara ekarri ezin den errealitate bat galdu da"
Pandemia garaian saioen datuek erakusten duten bilakaerarekin bat datoz, oro har, bertsolariak. Datuez harago, bertsolaritzaren eta bertsogintzaren errealitate bat ia desagertu izana azpimarratu dute hirurek: "Bertsotan egiteko kode bat" eta "bertsoaz gozatzeko modu oso zabal" bat errotik moztu dira bolada batez, eta hori galera handitzat jotzen dute bertsolariek, jaialdien ugaritzeak ordezkatu ezin duena.
"Jaialdiak txapelketaren kodetik gertukoak dira, lagunarteko eta libreko saioak ez bezala" dio Arzallusek, eta ildo berean mintzatu dira Enbeita eta Illarregi ere. "Aurrekoan bertso poteo bat egin genuen Miren Amuriza eta biok, eta katarsi bat izan zen, jendeak bertsoa horrela ere bizitzeko premia dauka". Illarregik ere uste du apustu bat egin beharko litzatekeela espazio hori berreskuratzeko.
Era berean, adierazi dute libreko eta lagunarteko saio asko dituzten profil jakin bateko bertsolariengan jaialdiak eta saio bereziak ugaritzeak ez duela halako eraginik izan.
"Ez da uste bezain azkar itzuliko"
Pandemia garaian ia desagertu den bertsolaritzaren errealitate horren itzulerarekiko ere kezka adierazi dute bertsolariek, hasieran uste zitekeena baino nekezagoa izango delakoan. Enbeitaren esanetan, "uste izan dugu egun batean itzartu eta dena lehengora itzuliko zela, eta hori ez da gertatuko". "Ziurrenik ekimen pertsonal handiz egiten ziren saioetako asko ez dira itzuliko" gaineratu du. Amets Arzallusek kezkaz bizi du gai hau eta luze joango dela uste du.
Iparraldeko eta Hegoaldeko errekuperazio abiaduran jarri du fokoa hendaiarrak, eta Iparraldean azkarrago suspertzen ari dela uste du: "Nire pertzepzioa da inoizko saio gehien antolatzen ari direla Iparraldean eta baita lagunartekoak ere". Xilabaren eragina ere aipatzen du hor. Illarregik herri eta gazte ekimeneko antolakundeen gaia ekarri du: "Pandemia garaian antolatzaile hauek izan dira kaltetuenak, ez zituztelako beste antolatzaile batzuen aukerak eta laguntza publikoak".
Gai-jartzailearen kezkak eta beldurrak
Pandemia garaian gai-jartzailearen figurak pisua irabazi du, saio gehienak gai-jartzailearen gidaritzapean egin diren neurrian.
Amaia Agirre da zeregin horretan gehien ibili denetako bat, 2021ean 50 gai-jartze saio inguru eginda. Bertsoari aitortu dionez, pandemia garaian kezkak eta beldurrak areagotu egin zaizkio gai-jartze lanean, pandemiaren korapiloa estutu ahala.
Izurri garaian kantatzearen anormaltasuna hausteko (maskarak, oholtzan bertsolarien arteko distantziak, atmosfera oso bat...) bertsolariak librean utzi izan ditu beren aldartea plazaratu eta saiora egokitzeko: "hori eskertu izan didate bertsolari batzuk" dio billabonatarrak.
"Jarri izan ditut sortzailearen baldintzen gaiak eta beste zenbait egoera, baina zuzenean pandemiari buruzko gaiak, serio zein umoretik, ez ditut jarri izan duela gutxi arte: txertoa, COVID pasaportea, murrizketak... Etxe, lagunarte eta inguru askotan zalaparta handia sortu duten gaiak izaki, beldurra eta kezka ematen zidan bertsolariak ataka horretan jartzea”, dio Agirrek. Ametsi galdetu zion Asteasun (abenduan) ea egoerari kantatzeko prest ote zegoen, eta "bazen garaia erantzun ziola gogoratu du.
Agirrek uste du korapiloak sortzen dituzten gaiak ere jarri egin behar direla, baina formulazioa dela gakoa, eta bertsolariaren prestutasuna ere bai zenbait gaitan sartzeko.
Parte-hartze ia parekidea bat-bateko bertso jardunean
2021. urteak datu historiko bat ere utzi du, eta ez da gutxiagorako: plazako zirkuituan emakumezko eta gizonezko bertsolarien parte-hartzea ia parekidea izan da, %52 gizonezkoena eta %48 emakumezkoena, Bertsozale Elkarteak egin duen plazaren erradiografiak erakusten duenez. 2019an, proportzio hori %64koa eta %36koa zen.
Parte-hartze datuak xeheago azalduta, honako hau erakusten du 2021. urteak:
-Jaialdietan (osotasunean) %51,5 gizonezko bertsolariak eta % 48,5 emakumezkoak
-Bat-bateko saio berezietan, musikatuak gehienetan (hemen sartzen da Ez da kasualitatea formatua, besteak beste: %70,5 emakumezko bertsolariak eta % 29,5 gizonezkoak
-Plaza librean, %57,1 gizonezkoak eta % 42,9 emakumezkoak
-Lagunartekoetan, %66 gizonezkoak eta %34 emakumezkoak
Plazako zirkuituan, beraz, jaialdiak ia parekideak izan dira 2021ean. Librekoek zein lagunartekoek aldatzen dute batez ere hori, baina bat-bateko saio bereziek orekatzen dute parte hartzea, horietako askotan soilik emakume bertsolariak aritzen direnez.
Datuon inguruan, Onintza Enbeitak bi ideia azpimarratu ditu: parekidetasunerako hurbilketa oso positiboa dela, eta aldi berean emakumezko bertsolariak soilik parte hartzen duten espazioak mantendu beharra dagoela, plazaren zenbait eremutan parekidetasun hori oraindik urrun dagoelako:"Ez dago guardia jaisterik".
Ea lanbroa haizatzen duen bertsoaren eta bertsozalearen hauspoak.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24