2021eko Bapatean bilduma kalean da 2022-03-08

Eppur si muove!

Labetik ateratzear da Bapatean 2021 liburua, iazko bertso saiotako informazio bilduma eta plazako bertsogintzaren isla dena. Islarik isla, 34ko artxipelago ederra osatu dugu jadanik. Euskal Herrian gaindi antolatzen diren bertso saioetako datuak eta bertsoak biltzeko Bertsozale Elkarteak zale sarea du. Esan gabe doa, sare horretako lagun asko dira borondatez ari direnak. Horri esker obratu ahal izan dugu Bapatean saileko 34. alea.

Karlos Aizpurua Etxarte

Labetik ateratzear da Bapatean 2021 liburua, iazko bertso saiotako informazio bilduma eta plazako bertsogintzaren isla dena. Islarik isla, 34ko artxipelago ederra osatu dugu jadanik. Euskal Herrian gaindi antolatzen diren bertso saioetako datuak eta bertsoak biltzeko Bertsozale Elkarteak zale sarea du. Esan gabe doa, sare horretako lagun asko dira borondatez ari direnak. Horri esker obratu ahal izan dugu Bapatean saileko 34. alea.

Bapatean 2021 liburuan ageri diren bertsoaldiek osatzen dute 2021ko plazako bertsogintzaren kalitatezko lagina; kalitatezkoa diogu, irizpide jakin batzuen arabera osatua baita. Lagina osatzeko lehenik eta behin, Xenpelar Dokumentazio Zentroan (XDZ) jasotako bertsolarien plaza kopuruak hartu ohi ditugu kontutan; kopuru horien arabera dakigu bertsolari bakoitzari dagokion agerraldien zenbatekoa, nahiz eta inoiz bateren baten kopurua ezin erdietsita geratu garen grabazio faltaren karietara. Bestalde, bertsogintza eta grabazio kalitateaz bezainbat balioetsi ohi ditugu Bertsozale Elkarteko zehar-lerroak, alegia: lurralde, genero eta belaunaldi tasunak. Eta horrezaz gain, kanon artistiko, saio zein biltzaile motak orotarikoak izan daitezen ahalegintzen gara. Bestela esanda, Bapatean 2021a ematen duen ekuazioa aldagai askotarikoa da; hain zuzen ere, horrek bihurtzen du Bapatean bakoitza kalitatezko lagin.  

Saioak, gaiak, doinuak, neurriak, bertsolariak eta gai-jartzaileak dira Bapatean bakoitzaren ezaugarrietako batzuk. Horiek amiñi bat aztertu nahi izan ditut Bapatean 2021aren baitan; baina baita ere diakronian, duela 20 urteko Bapatean 2001 haren datu batzuekin konparatuta. Eta aizue,  agerikoa da, oraino ailegatu ez garen arren, ez zaiola goroldiorik lotu gure harriari, ibili bagabiltzala.   

SAIOAK
XDZk bildutako datuen arabera, 2021 urtean 1.198 saio antolatu ziren. 1.198 horietako 236ren grabazioak helarazi zitzaizkigun XDZra eta horiek izan dira Bapatean 2021 liburuko bertsoaldien hautaketarako corpusa. Corpus horretako 80 bertsoaldi hautetsi ditugu; 548 bertso orotara. 80 bertsoaldi horiek 52 saiotakoak dira: Arabako 4 saio, Bizkaiko 11, Gipuzkoako 26, Nafarroa Garaiko 9 eta Lapurdiko 2. Baxenabarre eta Zuberoako saioko bertsoaldirik ez dakar Bapatean 2021ak.

Bapatean 2021ak dakarren datu metan atzeman daiteke Euskal Herriko eskualde bakoitzean 2021. urtean barrena apailatutako bertso saio mota eta kopuru zehatza: Araban 125 (% 10,43) saio  antolatu ziren; Baxenabarren 17 (% 1,41); Bizkaian 326 (% 27,2); Gipuzkoan 521 (% 43,5); Lapurdin 33 (% 2,75); Nafarroa Garaian 165 (% 14,02); Zuberoan 7 (% 0,58) eta online 4 (%0,33).

2021eko 1.198 saio horietatik guztietatik 378 (% 31,55) saio jaialdiak izan ziren, eta bereziak deitutakoak beste hainbeste: 378 (% 31,55). Ondotik, 123 (% 10,26) plaza librekoak izan ziren; 110 (% 9,18) lagunartekoak; 37 (% 3,08) ekitaldipekoak; 3 (% 0,25) eskekoak; 6 (% 0,50) didaktikoak; 61 (% 5,09) txapelketakoak; 38 (% 3,17) sariketakoak; 21 (% 1,75) lehiaketakoak eta 43 (% 3,59) hitzaldiak izan ziren. Hitzaldien kasuan, zehazteak zerbait balioko baitu, 43etatik 22 Gipuzkoan eman ziren, eta 12 Nafarroan.  
 
Duela 20 urteko Bapatean 2001 liburu hark beste zenbaki batzuk ekarri zituen, izan herrialdeei, izan saio motari dagokionez. Hogei urteko tartea duten bi Bapatean-ak erkatuz gero, zenbait aldaketa begi-bistakoak dira, nahiz eta kasu batzuetan pandemiaren eragina kontutan hartzekoa den, lagunarteko saioen kasuan, esaterako. XDZko datuen baitan, 2001ean 1190 saio antolatu ziren; hots, 2021eko kopuru bera abantzu. Hauek izan ziren herrialde  bakoitzeko datuak 2001ean: Araban 49 (% 4,18); Bizkaian 314 (% 26,38); Gipuzkoan 627 (% 52,68); Iparraldean  92 (% 7,73) eta Nafarroa Garaian 108 (% 9,07). Hots, 20 urteko tarte horretan saioak Araban eta Nafarroa Garaian emendatu dira gehienik, eta zer edo zer Bizkaian. Apaldu egin dira, ordea, Lapurdi, Baxenabarre, Zuberoa eta Gipuzkoan.

Saio motari buruzkoak, berriz, datu hauen berri eman zen 2001ean: jaialdiak 155 (% 13,02); bereziak 138 (% 11,59); plaza librekoak 312 (% 26,21); lagunartekoak 336 (% 28,23); ekitaldipekoak 88 (% 7,39); didaktikoak 33 (% 2,77); txapelketakoak 52 (% 4,36); sariketakoak 38 (% 3,19); hitzaldiak 11 (% 0,92) eta gainerakoak  27 (% 2,26). Alegia, jaialdi eta saio berezien kopurua nabarmen hazi da eta plaza libre zein lagunarteko saioetako kopuruak txikitu egin dira. Dena den, lagunartekoen kasuan ez genuke ahantzi behar pandemiako neurriek eragin zuzena eduki zutela.

GAIAK
Bapatean 2021 liburuan zehar, 40 gai desberdinei buruzko bertsoak aurkituko ditu bertsozaleak. Gai nagusia Covida izan da; hari buruzko 11 bertsoaldi ageri dira liburuan gaindi. Maizenik agertu diren gainerako gaiak, bikote harremanak (8 aldiz), langile borroka (4), feminismoa (4), parranda (4) eta gatazka politikoa (4) izan dira. Horietaz gain liburuan orotariko gaiak ageri dira, supermerkatuko apaletan jogurt desberdinak beste: zaintza, heriotza, gogoeta pertsonalak, bertsolaritza, bazterkeria, amatasuna, migrazioa, kirola, hiri eredua, herri txikiak, negua, nudismoa, ikasketak…

DOINUAK  
Aukeratutako 80 bertsoaldiak 51 doinutan kantatu dira. Zortziko txiki edo lau puntuko txikian, Urzo xuri pollit bat A, Haizeak bidali du, Orioko balearena eta Gizona da zoroa dira gehien baliatu diren aireak (bakoitza 4 bider). Zortziko handi edo lau puntuko handikoetan Eguna pasa nekean eta  (4 aldiz) izan da erabiliena. Eta hamarreko handi edo bost puntuko handiak Lurraren pean  sar nindaiteke (3 bider) eta Gogoan daukat ez du aspaldi (3 aldiz) doinuetan kantatu dira ardurenean.

Bapatean 2021eko doinu gehien-gehienak aski ezagunak dira. Bat behar eta, Orain agertzen dira  doinua aipatuko dugu hemen, ez baita usu baliatzen den airea, ezta neurria ere (zazpikoa, txikiaren moldekoa, 4 puntuz edo lau puntukoa, txikiaren moldekoa deritzona).

NEURRIAK
80 bertsoaldietarako 17 neurri desberdin baliatu dituzte bertsolariek. Zortziko txikia edo lau puntuko txikia erabili dute maizenik: 30 bertsoalditan ageri da. Zortziko handi edo lau puntuko handia ere ardura baliatu dute, 19 aldiz. Bi neurri horiek nabarmendu dira binakako edo taldeko ariketatan. Bakarkakoetan, berriz, Hamarreko handian (edo bost puntuko handia) eta Hamabiko handian (edo sei puntuko handia) aritu dira bertsolariak Bapatean 2021eko bertsoaldietan.

Bat-bateko bertsoak idatziz emateko irizpideetan eginiko berrikuntzak Bapatean 2021eko bertsoaldietan aplikatu ditugu estreinakoz. Horietako berrikuntza bat da neurrien izendapena eta eskema metrikoaren karietara eginikoa. Izan ere, bertso lerroak idazteko bi tradizio ditugu bizi-bizirik: batetik, puntu osoa lerro bakarrean idaztekoa (Lapurdi, Zuberoa eta Baxenabarren) eta bestetik, hemistikioka idaztekoa (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaian). Bata bestea baino hobea ez denez, eta bi tradizioek bizirik segi dezaten, bat-bateko bertsoak idatziz emateko irizpideei jarraiki, holaxe jokatu dugu: Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan sortutako bertsoen puntuak lerro bakarrean paratu ditugu, horren araberako neurrien izendapena baliatuz. Eta bestetik, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian kantatutako bertsoak hemistikioka eman ditugu, horren araberako neurrien izendapena aplikatuz.  

BERTSOLARIAK
Maddi Sarasuak hala dio Bapatean 2021eko aitzinsolasean: “Badatoz olde berriak, ikusmolde berriak, bertsolari berriak, oholtza argiztatuenetaraino. Eta nork ez du nahi berria hobea izaterik? Aukera eman behar zaio bada”. Eta arestiko datuen konparaketari jarraiki, ezagun da Sarasuak ez duela arrazoirik ments; hemen da berrikuntza, biharko zaharturik menturaz.

66 bertsolariren bertsoaldiak ageri dira Bapatean 2021ean. 66 bertsolari horietatik emakumezkoak 36 (% 56) dira eta 29 (% 44) gizonezkoak. Duela hogei urteko Bapatean 2001 liburuan, 50 bertsolariren bertsoaldiak argitaratu ziren. 50 bertsolari horietatik emakumezkoak 11 (% 22) izan ziren eta 39 (% 78) gizonezkoak. 20 urteotan, Bapatean-eko emakume bertsolarien kopurua % 22tik % 56ra igaro da. Eppur si muove, beraz.   

Bertsolarien jatorriari so, berriz, Bapatean 2021ean arabarrak 4 (% 6) dira; 12 (%18) bizkaitarrak; 11 (% 17) Nafarroa Garaikoak; 33 (% 50) gipuzkoarrak eta 6 (% 9) lapurtarrak. Baxenabarreko eta Zuberoako bertsolaririk ez da ageri. Duela 20 urteko Bapatean 2001 hartan 50 bertsolarietatik bakarra (% 2) zen arabarra; 13 (% 26) ziren bizkaitarrak; 2 (% 4) Nafarroa Garaikoak; 32 (% 64)  gipuzkoarrak eta 2 (% 4) lapurtarrak. Orduan ere ez zen bertsolari baxenafarren eta zuberotarren bertsorik agertu. Hots, 20 urteko tartean bertsolari gipuzkoarren eta bizkaitarren presentzia apaldu den bitartean (% 90tik % 68ra), Nafarroa Garaiko, Lapurdiko eta Arabako bertsolarien ordezkaritza handitu egin da (% 10tik % 32ra). Hots, hor ere bada higidurarik, nahiz eta oraino baden zer inarrosi.  
 
GAI-JARTZAILEAK
Liburuko 52 saioetan 35 gai-emaile ageri dira gaiak aurkezten. Horietako 3 gai-emaile dira 4 saio edo gehiagotan aritu direnak. Generoari erreparatuz gero, 35 gai-emaile horietan emakumezkoak 20 (% 57) dira, gizonezkoak berriz, 15 (% 43). Hots, iazko datuak Bapatean 2001 liburukoekin erkatuz gero, agerikoa da emandako jauzia. Izan ere, 2001eko Bapatean liburuan ageri diren 46 gai-emaileetatik 9 (% 19,5)  besterik ez ziren izan emakumeak.

Harkaitz Zubiri ikertzaileak gizarte mugimendu gisa definitu zuen bertsolaritza; egiturazko arazo historiko bati erantzuteko antolatzeaz gain, munduari begiratzeko eta funtzionatzeko ikuspegi bat eraiki duelako. Baina batez ere, bertsolaritza bere egoeraren jabe egin eta bere existentziaren baldintzetan eragiteko antolatu delako da mugimendu: bere testuingurua eraldatzeko gai dela ondoriozta daiteke arestiko datuen erkaketa ikusita.  

Bestela ere, hainbeste emozioren arrago denez gero, ez da estonagarri bertsolaritza higitzea eta eraldatzea. Mugimendu horren fotograma bat da Bapatean 2021a; 2001koarekin konparatuz gero iraganaren salatari eta datorrenaren iragarle dena. Bapatean bildumak horretarako ere balio baitu: egindako bidea aztertzeko eta datorrenari egokiro buru egiteko. Ere diogu, ezen izango baita Bapatean 2021a bertsolaritza klaseak prestatzeko baliatuko duenik; bertsoaldiak aztertu, aireak ikasi, gaiak baliatu… Badu zer probestu. Baina jakina, gozamena da Bapatean 2021a leitzeko bertsozaleok dukegun arrazoirik behinena. Goza dezagun bada!

Karlos Aizpurua Etxarte

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri