San Frantziskoko Euskal Etxean 2022-03-25

Omenaldi beroa AEBtako bertsolari, gai-jartzaile eta antolatzailei

Omenaldi beroa AEBtako bertsolari, gai-jartzaile eta antolatzailei

'Omenaldi Berezia' eskaini berri die NABOk San Frantziskon Estatu Batuetako bost bertsolariri eta bi gai-jartzaileri eta antolatzaileri. Berezia eta hunkigarria, bertakoen hitzetan, azkeneko hiruzpalau hamarkadetan hainbat euskal jai eta elkarretaratzetan bertsolaritzaren sua mantendu eta giro ona jarri izanaren esker onez.



Omendu diren bertsolarietarik hiru Kalifornian bizi dira: Jesus Arriada arizkundarra, Gratien Alfaro urepeldarra eta Johnny Kurutxet ezterenzubiarra; Nevadan, Jesus Goñi oronoztarra; eta Wyoming-en, Martin Goikoetxea gorritiarra. Haiekin batera omendu dira, gai-jartzaile eta bertso saio antolatzaile gisa, San Frantziskoko Franxoa Bidaurreta (Esnazu-Aldude) eta Renoko Joxe Mallea-Olaetxe (Munitibar).



Omenaldian parte hartzeko joan ziren Euskal Herritik Sebastian Lizaso, Aitor Mendiluze eta Xabi Paya. Getxoztarra, itzultzaile lanetara. Ehun pertsonatik gora bildu zituen ekitaldiak. Gai-jartzaile eta antolatzaile, Boise Idahon bizi den Todor Azurtza donostiarra ibili zen eta saioa hasi aurretik ongietorri hitzak esan zituen NABOko lehendakari Philippe Acheritogaray sanfrantziskotarrak. Sariak ematen, laguntzaile izan zuen Kate Camino NABOko idazkaria.



Bertsolariei ohorezko aurreskua dantzatu zien Nick Fawce gazteak, Valerie Etcharren Arrechea txistulari zela. Omenaldiaren ondotik aperitifa izan zen areto berean, mahaiak ezarri eta afaria zerbitzatu zen, girotzeko Elko Nevadako Mercedes Mendive akordeoi-jotzaileak euskal aireak jo zituela.



Omenaldiaren antolakuntzan NABO Ipar Amerikako euskal etxeak biltzen dituen federazioarekin batera lankide izan ziren San Frantziskoko Gure Euskal Etxea-Basque Cultural Center eta Euskal Kluba, Basque Educational Organization (BEO), Eusko Jaurlaritza eta Euskal Kultur Erakundea.

Xebastian Lizaso: "Bertsoa oso ondo ulertzen zuten"
Bertsoak harrera eta estimazio ederra izan zuen San Frantziskoko Euskal Etxean bildu zirenen artean. Halaxe adierazi du Xebastian Lizasok, Bertsoari emandako azalpenetan. "Jende gehiena euskal hiztuna zen eta oso ondo ulertzen zuen bertsoa. Ingeleserako itzulpena ere jarri zuten baina pantailara begiratzen zuten hitzen bat ulertzen ez zutenean". 

Beste bi saio egiteko aukera ere bai
Egitarau ofizialean omenaldiko bertso saioa bakarrik bazegoen ere, Lizaso, Mendiluze eta Payak beste bi lekutan ere kantatu zuten, Txino eta Baskervillen, bi bazkaritan, bertako euskaldunen gozagarri eta han ere estimazio ederra izan zuen bertsoak. Esperientzia ederra izan dela esan du Lizasok, berriz ere joateko modukoa.


Argazkiak: www.euskalkultura.eus

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri