Erronda kalean 2022-03-31
Bilboko Erronda kaleko Bertso Erronda ekimenak toki berezia hartu du bertsolaritzaren plazan, ikasle giroan. Bertsoaren inguruan astearte buruzuri batean ere tabernak betetzen ditu eta finaletan jendetza biltzen du. 2017an antolatu zuten lehen aldiz eta joan den astean jokatu da laugarren edizioaren finala, aurten ere bertso giro eder, bero eta publiko betekada handi batekin.
Erronda Kaleko zenbait elkarte eta taberna daude ekimenaren atzean eta Oihana Bartra bertsolaria eta Bira Kultur Elkarteko kidea da antolakuntzan dabilenetako bat. Berak kontatu dizkio Bertsoari Bertso Errondako gakoak eta xehetasunak.
Bilboko bertsolari gazteak eta unibertsitateko ikasle bertsolariak
"Erronda kaleko elkarte, zenbait taberna eta gaztetxea elkartu ginen eta ikusi genuen interesgarria izan zetekeela ikasle giroko bertso ekimen bat antolatzea. Bilboko bertsolari gazteak eta unibertsitatean zebiltzan Bilboz kanpoko bertsolariak genituen buruan. Txapelketa egitura izan zezakeela ere ikusten genuen baina ezaugarri bereziekin: bertsolari berrientzat plaza erraza eta gozagarria izatea, jolastia eta umoretsua".
Bartraren esanetan, inkognita bat zen ekimenak zein harrera izango zuen baina hor abiatu ziren Bira, Adaxka, Errondabide, La Villa eta 7Katu gaztetxea. Bidean, Zirika batu zaie. Lau kanporaketa eta finala ziren hasieran, bost orain. Finala 7Katu gaztetxean egin izan da aurreko ediziotan. Aurten, gaztetxeko azpiegitura arazoak medio, Biran egin da eta itzelezko arrakasta izan da aurtengoa ere.
Agur bereziak, kopla ariketa asko, final tematikoa...
Txapelketa berezi honek hasieratik konektatu zuen bai bertsolariekin eta baita publikoarekin ere. Izaera jolastiak eta kanta errazak bertsolari berri eta eskarmentu gehiagokoen uztarketa ekarri zuen. "Agurrak bereziak izaten dira, kopla ariketa asko jartzen ditugu, batez ere kanporaketetan hasi berriak eta tabernetako bertsolariak animatzeko, ariketa batzuetan bertso musikatuak ere sartzen ditugu eta finala tematikoa izaten da: gai baten inguruan, eszenografia zaindua, bertsolariak erdi mozorrotuta... Horrek guztiak oso giro berezia sortzen du" azpimarratu du Bartrak.
Eta ez da gutxiagorako, joan den asteko finalak lau ordu pasa iraun zuen, eta publikoan ere hantxe egon ziren denak zintzo-zintzo. Kontuan hartzeko detaile bat, gaurko gaztediaren likidotasuna azpimarratzen dutenentzat.
Bertsolariak bezala, publikoa ere, batez ere gaztea da, ikasle girokoa asko, baina betiko bertsozaleak ere hurbiltzen dira.
"Bilbon, euskaraz eta gazteentzat... bada zerbait"
Bertso Errondak dakarren ekarpen azpimarragarriena zein den galdetuta, Oihana Bartrak garbi utzi du: "Bilbon, euskaraz eta gazteen artean horrelako ekimen bat egotea, aste barruan tabernak betetzen dituena, eta finaletan 200 lagunetik gora elkartzen dituena, bada zerbait. Bertsolariei Bertso Errondan parte hartzeko irrika sortzea lortu izana ere balioan jartzen du Bartrak, ekimena gustagarri egiten zaien seinale. Hori ere bada lorpen bat".
Bideoak sarean
Saioak grabatzeko lana ere hartzen dute Bertso Errondako antolatzaileek. Saio guztiak grabatu eta zenbait bertsoaldi sarean jartzen dituzte, youtuben. Hortxe daude edizio guztietako laginak.
Unai Mendiburu: "Bertso Erronda oso plaza polita da, ez dauka zer ikusirik beste ezerekin"
Unai Mendiburu bertsolari algortarrak badaki zerbait Bertso Errondari buruz. Edizio guztietan hartu du parte eta lautik hirutan irabazi du, azken edizio hau tartean. Lilura berezia sortzen dio ekimenak eta pasioz hitz egiten du. "Bertso Erronda oso plaza polita da eta ez dauka zer ikusirik beste ezerekin. Gehiago egitekoa da, zabaltzekoa". Hasierako agurrek jartzen dute jendea tonuan. "Kantu ezagun baten bueltan egiten dira eta bertsolariak elkar zirikatzeko baliatzen dugu". Jolastu ez ezik, Mendiburuk azpimarratu du bertsotan ere egin behar dela, batez ere finalean: "Bertsotan egin behar da eta jendeak estimatu egiten du hori, bertso ona saritu egiten da".
Azken finala, alde horretatik, final ona izan zela uste du Mendiburuk: "Gure artean komentatzen aritu ginen eta orain arteko onena izan zela uste dugu".
Finala tematikoa izateak, atrezzoak, iluminazioa, giroak... elementu horiek denak ere testuinguruan positiboki asko eragiten dutela azpimarratu du Mendiburuk. Baina, bertsolariak mentalki prestatzeko tarterik ia ez du izaten. "Oholtzara igo arte ez dugu jakiten gaia zer izango den. Sorpresa izaten da eta hor ibiltzen gara zein izan litekeen igertzen..."
Publikoaren arreta ere oso deigarri egiten zaio Algortako bertsolariari: "Jendea hasieratik bukaera arte bertsoari erabat engantxatuta egon zen finalean". Eta lau ordu iraun zuen.
Unai Mendiburuk aurten esan dio agur Bertso Errondari, ikasle garaiari jada agur esan baitio. Hemendik aurrera publikotik gozatuko du.
Julene Iturbe: "Finala brutala izan da"
Aurtengo finalean Julene Iturbe, azkoitiarra eta Leioako ikaslea, aritu da Bertso Errondan Unai Mendibururekin buruz buruzkoa jokatu duen bertsolaria: "Lehendik ere entzuna neukan nolakoa zen eta barrutik bizita konfirmatu egiten zait sentsazio hori. Finala brutala izan da" atera zaio Iturberi barru barrutik. "Oso-oso gustura, jende piloa, jendeak asko lagundu zuen, antolakuntza oso gertu..." Parte hartzen duen bigarren aldia da aurtengoa. 2020an hartu zuen parte lehen aldiz: "Kantatzeko erraza, bertso aldetik ez da hain exijentea, kopla saio asko. Eskolartekotik pasa berri nintzen eta ziurretik bestela ez nintzen aterako." Orduan kanporaketa jokatu zuen baina Covida medio, ezin izan zuten Bertso Erronda bukatu.
Publikoa ere berezia iruditu zaio bertsolari azkoitiarrari. "Nik esango nuke saiotara bestela arrimatzen ez den publiko mota erakartzen duela Bertso Errondak".
Bosgarren edizioaren bidean arrastoa uzten ari da Bertso Erronda bertsolaritzan, inguruan, bertsolariengan, publikoan... Urte askoan horrelaxe!
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24