Uribe Kostako Bertsolari Txapelketa 2022-04-05

"Tokiko txapelketek ekarpen handia egiten diote bertsolaritzari"

"Tokiko txapelketek ekarpen handia egiten diote bertsolaritzari"
Jone Uriak, giroa eta bertsotarako grina ez ezik, bertso eskola inguruaren aktibazioa, epaile ta gai-jartzaileen formazioa eta antolakuntza esperientzia azpimarratu ditu, tokiko txapelketen ekarpenen artean.

Jone Uriak gustua hartu dio Uribe Kostako Bertsolari Txapelketa irabazteari. Joan den ostiralean laugarren aldiz irabazi zuen algortarrak, eta azken ediziotan gehien hurbildu zaiona Imanol Uria anaia. Biek jokatu dituzte buruz burukoak. ALBEk antolatzen duen ekimen honetan, egun berean jokatu zituzten finalaurrekoak eta finala. Bai publikoz, bai giroz eta bai mailaz txapelketa ederra izan da Uribe Kostakoa. Bizkaiko Txapelketarako sailkapen gisa baliatzen zen duela urte gutxi arte eta azken hiru ediziotan izaera propioa hartu du, funtzio horretatik askatuta. Bertsoa.eus-ek Jone Uriarekin egin du ekitaldiaren errepasoa.

"Formatu erosoa eta fase guztietan jende asko"
Jone Uriak azpimarratu du eskualdeko txapelketa "formatu erosoa" dela, "beste egoera batean ausartuko ez liratekeenak ere parte hartzeko modukoa. Tabernetan, giro beroa..." Aurtengoak osagai berezia ere izan du Uriaren ustez, "elkartzeko premia", pandemialdiaren ondotik.

Erromon eta Gorlizen izan ziren kanporaketak, hiru bakoitzean, taberna giroan denak. Eta hasieratik antzeman zen arrakasta: "Kanporaketetan ere bataz beste 50-60 entzule inguru izan dira saio guztietan, eta nabarmentzekoa da, bertso eskolako jendeaz gain, Erromo eta Gorlizko jendea ere batu zela txapelketara". 

Finalerako, bertso maila eta tentsio gehiago aurten
"Ez dakit aurten Bizkaiko txapelketatik gatozelako-edo baina aurten bertso mailaz eta intentzioz tentsio puntu bat gehiago egon da, eta beraz finala garestiago" adierazi du Uriak. Besteetan parranda kutsu gehiago somatu izan du eta aurtengoan jendea bertsotan zentratuago ikusi du: "Poztekoa da bertsotarako ahalegin eta intentzio hori". Finalaurreko eta finalak ere jarraipen handia izan zuten. Finalaurrekoetan 60 entzule inguru bakoitzean eta finalean 80 inguru Azebarrin.

Bertsotarako lanei dagokionez, kanporaketetan eta finalaurrekoetan ofizioak dira nagusi. Finala beste kontu da. Hor Bizkaiko finaleko ariketak izan ohi dira.

"Ilusio handia egiten dit"
Bizkaiko txapeldunorde izateak ez dio buruhauste handirik ematen Uriari eskualdeko txapelketan parte hartzeko, presio puntu bat eragiten diola aitortu arren. Horren gainetik, ilusio handia egiten dio parte hartzeak eta "oso gustura" bizi du esperientzia hori. Uriak 18 urterekin hartu zuen parte lehen aldiz, Bizkaiko Txapelketarako baliagarri zenean, eta irabazi egin zuen, azken hiru ediziotan bezalaxe. Lautik lau. Eta hori gutxi balitz, Imanol anaiarekin jokatu ditu buruz burukoak. Uriatarren diktadura ere aipatu du bakarren batek txantxetan.

Tokiko txapelketen ekarpen handia, maila askotan
Uribe Kostako txapelketaren harira, herriko edo eskualdeko txapelketek bertsolaritzari ekarpen handia egiten diotela uste du bertsolari algortarrak: "Jendearen arteko konexioa indartzeko, premia ere bazegeon eta, oso tresna potentea da. Jendea bertsotara motibatzeko ere baliagarria da, gai-jartzaile eta epaileen formazioan ere laguntzen du eta antolakuntza dinamika ere generatzen du. Aktibazioa, formazioa eta antolakuntza esperientzia ematen ditu. Pozteko formatua da."

Bizkaian aurten egin den eskualdeko bigarren bertsolari txapelketa da Uribe Kostakoa, Busturialdekoaren ondotik. ALBEk finala bideoz grabatu zuen eta aurrerantzean Bertsoa.eus-en hautaketa zabaltzeko moduan izango gara. 

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra