Iñaki Segurola zendu da 2022-04-19

Bertsotan agurra, ezten zorrotzari

Iñaki Segurola Amutxastegi 'Ogro', 'Ogrue' ezinez ere oso ezaguna bertsotan agurtu zuten Azpeitiako beilatokian egindako agur ekitaldian. Egungo bertsolaritzaren argazki orokorrarekin kritikoa zen Segurola eta horren testigantza idatzia utzi du bere artikulu eta liburuetan. Bertso-maitea zen ordea Segurola eta bertsolaritza klasikoan jantzia, bere hiztegigintza lanean hainbat adibide bertsotatik hartuaz. Gai-jartze lanetan ere aritu izan zen Azpeitian. Bertsolari inguru batekin hurbileko tratua zuen Segurolak eta bere azken agurrean ere han izan ziren hainbat bertsolari: Maialen Lujanbio, Unai Agirre, Nerea Ibarzabal, Jon Gurrutxaga, Malen Amenabar, Jexux Mari Irazu eta Aitor Bizkarra.

Unai Agirre, Igor Egiguren eta  Jexux Mari Irazuk kantatu zuten ekitaldian.

 

 

Iñaki Segurolaren agurrean kantatutako bertsoak, transkribatuta:

Igor Egiguren

Gaurko eguna da normalean
baino (e)re tristeagua
Ezustekoak mugitu digu
barruko sentimendua
duintasunez bizi izan haiz
hala utzi dek mundua
irabazia daukak guztion
errespetua Ogrua
behin eta berriz irakurriko
diagu hire librua.

Momentu hontan ez da sentitzen
besterik, beldur ta hotza
baina agudo gailenduko da
bizitakoaren poza
indiferentzi orokorrean
maitatzen dagon bihotza
ta bakarrikan gai egiteko
horren kritika zorrotza
hire argian aurrean ez dek
ezer ere heriotza.

Nola domatu sentimendu bat
barrutik datorrenian?
Ezin dulako ezer ulertu
arrazoian izenian...
Nahiz eta faltan botako haugun
borrokan aldamenian,
poz bihurri bat bazeukeagu
petxuaren barrenian:
derrigorturik etorri hitzan
hoa askatasunian!


Unai Agirre

Aspaldi ez ginun egondu eta
luze zenaren ustia
banian eta egokitu dek
gure mundu hau uztia!
Bazekiagu, ez dituk maite
losintxa eta lustria...
Errespetuan adio Ogro
bi begi malkoz bustia.
Ez pentsa gero erantzun bila
ni galdezka ikustia
hire eskutik idatzia dek
"dena ez dala guztia".

 
Jexux Mari Irazu

Orotariko zerbait
bazebilen Ogrun
hirekin ez nikek nahi
zurikerin jardun
ezin izan leizkenak
bazitezkek lagun
hire zabaltasuna
bihotz eta garun
ezin izan leizkenak
bazitezkek lagun
ze gerra eman deken ta
zenbat maite haugun!

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa