Bihar, Zumaiena aretoan, 22:00etan 2022-04-21

San Telmotako jaialdia Zumaian: mende erdirako bidean, etenik gabe

Hirurogeita hamargarren hamarraldian sortua da Zumaiako jaialdia eta 1977an du ikus-entzuneko lekukotza. Herrian ez ezik eskualdean ere erreferentzia da. Bihar, 22:00etan, Zumaiena aretoan: Uxue Alberdi, Sustrai Colina, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña Unai Iturriaga eta Oihana Iguaran izango dira kantuan eta Jon Maia gai-jartzen.

Zumaiako San Telmotako bertso jaialdia egingo da ostiral honetan. Beti bezala jaietako txupinazo lanak egingo ditu, bera baita lehen ekitaldia. Pandemia ondoko lehena da eta bi urtez urrian egin ondoren, jaietara itzuli da. Aurtengoan Uxue Alberdi, Sustrai Colina, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña Unai Iturriaga eta Oihana Iguaran izango dira kantuan eta Jon Maia gai-jartzen, Zumaiena aretoan, 22:00etan. 

Jaialdi honen hastapenera jo eta egin duen ibilbidea gertutik ezagutuko dugu, antolakuntzan urte askotako esperientzia duen Xabier Azkueren laguntzaz.

77. urteko jaialdiko irudiak
Bide luzea egin duen bertso jaialdia da Zumaiakoa eta 50 urteko historia pilatzeko ez du asko faltako. "Ez dakigu zehazki zein urtetan hasi ziren San Telmotako saioa egiten, baina, bai 70. hamarraldian izan zela. Garai hartan zenbait sariketa egon ziren eta ondorenean etorri zen festetako jaialdia. Lehenengo lekukotza dokumentatua 1977koa da eta jaialdi hartako zenbait irudi grabatuta daude. Angel Lerma eta Joseba Zubiaurrek egindako San Telmoak 1977 lanari esker dakigu hori".



Ordu erdiko lan horretan, bi minutu pasa eskaintzen zaizkio bertso jaialdiari eta San Telmotako saioko irudiak eta hiru-lau bertso datoz: Xabier Amuriza, Jon Lopategi, Jon Azpillaga, Joxe Lizaso, Iñaki Murua eta Sebastian Lizaso ageri dira. Azken bi hauek, 19 eta 20 urteko bertsolari gazteak orduan. Abel Muniategi gai-jartzen. Bihar egingo den areto berean hain zuzen, eta 350-400 bertsozale publikoan zirela. "Zer bidetatik hurbildu geran/herria dago testigu/bertsolariak nondik gabiltzan/askotxok galdetzen digu/inor zalantzan baldin bazegon/abertzaleak gera gu."

Kartelaren ezaugarriei erreparatuta, garairako jaialdi berria zen ezbairik gabe: sortu berri zen bertsolaritza sozialaren bi ordezkari gorenak, Lopategi eta Azpillaga; Xabier Amuriza kartzelatik atera eta apaizgoa utzi berri; hogei urtez beherako bi gazte eta Joxe Lizaso. Gai-jartzen, bertsolaritza sozial berriaren teorikoetako bat, Abel Muniategi. Eta zer diren gauzak, seitik hiru hurrengo lau txapelak irabaziko zituzten bertsolariak (Amurizak 2, Lizasok 1, Lopategik 1). Joanito Dorronsoro eta bere inguruak antolatzen zuen jaialdia orduan. Herriko bertso eskola sortu ezkeroz, azken 40 urtean berak antolatu du, Udalaren laguntzaz.



Puntako bertsolariak, gazteak eta lurraldetasuna... aurten parekidea ere bai
San Telmotako jaialdiak hasieratik izan zituen gaur eguneko irizpideetako asko. "Garaian garaiko puntutako bertsolariak izan dira beti jaialdian, baina hasieratik beste ate batzuk ere zabalik izan ditu: bertsolari gazteei lekua ematea eta lurraldetasunarena, bereziki" dio Azkuek. Gaur egun ere mantentzen dituzte irizpideok, berdintasunarena gehituta.

"Berdintasunaren gaian ere pixkana bidea egin du Santelmotako jaialdiak" azaldu du zumaiarrak. "Gaur egunean maila handiko aukera zabala dago eta emakumezko bertsolarien parte hartzea ere parekatzen joan da herriko jaialdian". Aurtengoa, kopuru aldetik parekidea izango da, lehenengoz. 

Jaien hasieran beti: "Txupinazoaren parekoa da bertso saioa"
Herriko jaietako bertso saioa zein egunetan eta ordutan kokatu ere ez da garrantzia txikiko kontua, batez ere entzulearengan duen eragina kontuan izanda. Plazako kasuistika oso zabala da baina ez dira asko bertso jaialdia beti lehenengo ekitaldia duena, ia txupinazo gisa. Hori da Zumaiako kasua hasieratik eta halaxe jarraitzen du orain ere. "Zentzua ere badu -dio Azkuek-. Oso ondo funtzionatu izan du beti eta txupinazoaren parekoa da bertso saioa. Entzulea ere bertso eta festa gosez egoten da, giro ederra sortzen da eta gehienetan oso saio ona ateratzen da". Formatu aldetik ere egin ditu esperimentuak. Bi urtez bertso-trama moldean egin zen, Josu Goikoetxeak gidatuta.

Eskualdean ere erreferentzialtasun handia
Zumaian ez ezik, eskualdean ere tiradizo handia du jaialdiak: "Eskualdeko jende asko etorri izan da beti eta jaialdiak badu erreferentzialtasun hori". Maria eta Jose aretoan hasi zen jaialdia eta Aita Mari antzokian egin ditu zenbait urte, baliabide tekniko egokiagoen babesean. Maria eta Jose (egun Zumaiena) herritik apartexeago dago baina 650 laguneko aforoa du. Aita Marik, bere garaian ekipamendu berrixeagoa eta herrigunean baina aforoa ia erdia. "Jendea sarrerarik gabe gelditzen zen, azken egunean gelditzen ziren sarrera apurrak lortzeko ilara handiak sortzen ziren eta pena zen hori". Aurtengo erantzunaren arabera baloratuko dute aurrera begirakoa.



Azken 25 urteetan Egaña, gehiena
Bertsolari asko pasa dira Zumaiako jaietako jaialditik eta azken urte luzeetan "Andoni Egaña izan da parte hartze handiena izan duena, ia urtero. Jon Maia herritarrak ere ia urteroko parte hartzea izan du, behartutako hutsuneren bat salbu". Maia Bertsolari gisa aritu da batzuetan, gai-jartzaile bestetan. Horretan ariko da aurten, beste zumaiar bati, Unai Manterolari lekukoa hartuta.

Bertso eskolaren sustengu ekonomikoa urtetan
San Telmotako jaialdiak beste lan garrantzitsu bat ere egin du: herriko bertso eskolaren sustengu ekonomikoa izan da urtetan. "Jaialdiko gastuak udalak ordaindu izan ditu eta sarreretako irabaziak bertso eskolako urteko egitasmora bideratzen ziren: irakasleak ordaindu, gauzak antolatu. Horixe izan da gure finantziazioa urtetan, orain, diru laguntza bidez funtzionatzen dugun arren" argitu digu Xabier Azkuek.

Mende erdirako bidean doan jaialdi eder honen beste edizio berri bat izango dute ostiralean Zumaia eta inguruetako bertsozaleek. Bertsoa.eus ere hantxe izango da eta datorren astean sareratuko ditu handi-aurkiak.

Bertsoa.eus-en eskura dauden San Telmotako jaialdiak entzun nahi izatera sartu hemen.


Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri