125. zenbakia 2022-04-21
Kalean da Bertsolari Aldizkariaren udaberriko alea, 125garrena hain zuzen. Ale honek ere bertsolaritza eduki zerrenda luzea du bere baitan. Iker Zubeldiari egindako elkarrizketa, Señora Sariketaren nondik norakoak, Danel Goikolea eta Xanti Iparragirre, eta Bertsobeef-ak dakartza azalean.
Zaldieroak ongietorria emanda, Markos Zapiain filosofo kontenplalariak idatzitako gogoetaz hausnartzeko parada dakar.
Bertso beefak edo ika-mikak ditu hizpide Kepa Matxainek, historian zehar bertsolarien artean eman diren dema dialektikoak. Sorta esanguratsu batzuk bildu ditu Bertsolarik, handik eta hemendik. Gaia errematatzeko Zuberoako txikitoei buruzko Joseba Aurkenerenaren artikulu bat dakar… txikito zerrenda luze batekin, prefosta.
Ane Zuazubiskar antolakuntza lanetan jardun zen iazko Señora Sariketan, eta esperientzia hark utzi zuenaz idatzi du.
Iker Zubeldiari Gorka Azkaratek egin dio elkarrizketa eta Iban Urdangarinek bertso sorta eskaini dio bere adiskideari.
Perlak atalean 2004an Bergarako Arrano elkartean ospatu zen bertso saio bat ekarri du gogora Amaia Agirrek. Maialen Lujanbio eta Estitxu Eizagirre aritu ziren kantuan.
Rudolf Trebitsch-en ondarea
Rudolf Trebitsch antropologo, etnologo eta hizkuntzalari austriarra Euskal Herrian barna ibili zen 1913an, eta utzi zuen ondarearen berri eman digu Inaxio Lopez de Aranak.
Haritz Mujika eta Ane Zuazubiskarren bertso sortak
Ttakun-Herren atalean topatuko dituzu Haritz Mujika eta Ane Zuazubiskarren bertso sortak. Jarraian iragan urtean ospatu ziren herrialdeetako txapelketen inguruko erreportajeak irakurtzeko aukera daukazu, denborak ematen duen perspektibatik idatziak.
Gipuzkoan garrote bidez exekutatutako azken pertsona izan zen Joxe Frantzisko Tejeria, Aiako Muatz baserriko semea, 1900.urtean. Kasuaren inguruko bertsopaperak zabaldu zituen Juan Mari Zubizarreta “Etxeberritxo” bertsolariak. Beñat Hach Embarekek kontatu dizkigu nondik norakoak.
Talde ikerketa bertsolaritzaren komunitate funtzioez
Ikerketa atalean hainbat lagunen artean ondutako ekarpena jaso du Bertsolarik: “Bertsolaritzaren komunitate funtzioak: bertsolaritzan aktiboak diren belaunaldi ezberdinetako emakume gisa sozializatutako agenteen bizipenetatik”. Ines Huarte Gonzalez, Leire Amenabar Larrañaga, Ane Bengoetxea Erezuma, Miren Aiertza Odriozola eta Ana Villanueva Martinez dira egileak.
Urtarrilean Xanti Iparragirre itzaldu zen, eta jarraian Danel Goikolea. Jon Sarasuak gogora dakartza, eta bi debagoiendarrei eskainitako bertso ugari biltzen aritu da aldizkaria han-hemenka.
Nazioarteko atalean Brasilgo repenteaz mintzo da Thierry Rougier, eta Idazmakinaz sekzioan Txomin Ezpondaren agurra.
Amaitzeko, Gasteizen barna eramango gaitu paseoan Ruben Sanchezek.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24