Maiatzaren 5-8 bitartean 2022-04-29

Madeirako Charambistak eta bertsolariak elkarrekin kantuan, lehenengoz

Madeirako Charambistak eta bertsolariak elkarrekin kantuan, lehenengoz
Madeiratik iritsi da "Encontros Topaketak: repentismo em diálogo" ekimena eta Bertsozale Elkartea ere inplikatu da topaketan. Eli Pagola eta Asier Galarza joango dira bertsotara. Maialen Velarde itzulpen lanetara. Oholtza partekatzeaz gain, bi inprobisazio munduen arteko elkar ezagutza eta harremanak egitea da sakoneko helburua.

Bertsolaritza munduko ahozko kantu inprobisatu desberdin geroz eta gehiagorekin ari da gurutzatzen aspaldiko urteetan. Bide horretan, pauso berri bat emango du Madeirako Charamba kantu inprobisatuarekin lehenengoz oholtza eta elkarren esperientzia partekatuta. 

Encontros Topaketak: repentismo em diálogo ekimena antolatu du Madeirako Agência de Promoçao da Cultura Atlântica erakundeak, Associação Grupo Cultural Flores de Maio eta Associação Musical e Cultural Xarabanda erakundeen laguntzarekin. Bertsozale Elkartea ere aritu da laguntzen.

Datorren astean izango da topaketa, Maiatzaren 5-8 bitartean. Jaialdia, 7an, larunbatean, 16:30etan, Porto da Cruz, Flores de Maio espazioan.


Madeiran Portugesez inprobisatzen dute eta munduko ahozko kantu inprobisatu asko bezala, bizirauteko ahaleginean dihardute lanean. Topaketa honen jatorrian Lasturko (Gipuzkoa) gazte bat dago, Ander Arakistain, Global Training bekarekin Funchaleko APCA kultur enpresan lanean ari da azken ikasturtean eta topaketa hau izan da bere bekaldiko proiektua. Berak aitortu duenez, 2016an egin zen Donostian egin zen Europa bapatean proiektuan inspiratuta.

Euskal Herritik Eli Pagola eta Asier Galarza joango dira bertsotara eta Maialen Velarde itzulpen lanak egitera. Pagola eta Galarza bertsolariak ez ezik, Bertsozale Elkarteko zuzendaritza kideak ere badira biak, eta Bertsozale Elkartearen izenean joango dira Madeirara. Izan ere, oholtza partekartzeaz gain, bertsolaritzaren proiektu orokorra partekatzea ere bada topaketa honen sakoneko helburua. "Bertsotan egiteaz aparte, Bertsozale Elkartearen helburua da mugimendu osoa gertutik ezagutzea eta harremanak egitea. Madeirako kantu inprobisatuak atzean elkarte bat izatea (Xarabanda) oso interesgarria da" adierazi dute Bertsozale Elkarteko iturriek eta hortik dator bertsolariak ere zuzendaritzako kideak izatearen arrazoia.



Despique eta Charamba
Madeirako kantu inprobisatua musikaz lagunduta egiten da eta bi modalitate desberdin ditu nagusiki, Arakistainen arabera. Despique eta Charamba. "Despique bertsotan puntuka egitea bezala da, ulertzeko. Eta bi modalitateetan zabalduena da. Egiteko errezena ere bera da. Charamba pentsamendu kantatua da. Hori da benetan bertakoa eta hori da galtzen ari dena". Inprobisatzaile gehienak helduak eta gizonezkoak dira, gazte eta emakumezko bakan batzuk ere badauden arren.

Xarabanda Elkartea
Madeiran ere badute kantu inprobisatua biltzen duen elkarte propioa: Xarabanda Elkartea da. Bere egitekoa batez ere ahozko ondarearen bilketara bideratu izan dute baina kultur diziplina hau bultzatzeko ahaleginean ere ari dira, laguntza publiko handirik gabe, ordea. Hezkuntzan ere saiakerak egin dituzte. Topaketa hau oholtza partekatzetik hurrunago, Bertsozale Elkartearen esperientzia, hezkuntza proiektua... eta abar gertutik ezagutzeko ere baliatu nahi dute, Ander Arakistainen hitzetan.

"Ez zuten bertsolaritza ezagutzen"
Bertsolaritzak eta Madeirako Charambak ez zuten elkar ezagutzen. "Madeirakoek bazuten Kanarietako inprobisatzaileen eta kanpoko beste zenbaiten berri baina hemengoa ez zuten ezagutzen" azaldu digu Ander Arakistainek. What is bertsolaritza ingelerazko ikusentzunekoa jarri nien eta hor BEC-eko irudiak-eta ikusi zituztenean harrituta gelditu ziren eta interesa piztu zitzaien". Bertsozale Elkarteak bazuen Charambaren eta Xarabanda Elkartearen berri, baina zuzeneko harremanik ez.

Charambista ezagunak
Charambistak deitzen zaie Madeirako inprobisatzaileei eta beraiei buruzko informazioa eta irudiak badaude sarean. Izen berezietako batzuk honako hauek dira: Leonardo Carvalho, Aldora Gonçalves, Roberto Moniz (Despique), Maria Gorete Vieira, Heliodoro Jardim, André Vieira eta Cristiano Silva.

 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri