Azpeitian eta Usurbilen 2022-05-05

Sardiniako bertsoak gurean maiatzaren 19an eta 20an

Sardiniako bertsoak gurean maiatzaren 19an eta 20an
'Improvisa Una Antiga Poesia' ikuskizuna eskainiko dute. Dioniggio Bitti, Guiseppe Porcu, Tenore Murales de Orgòsolo, Alaia Martin eta Julio Soto ariko dira besteak beste. Remundo Piras inprobisatzaile eta poeta sardiniarraren obran oinarritutako lana da.

Maiatzaren 18 eta 19an Sardiniako inprobisazioaren perla berri bat gozatzeko aukera izango da Euskal Herrian, Bidaiak egitasmoaren baitan. 'Improvisa Una Antiga Poesia' ikuskizuna eskainiko dute. Remundu Piras Sardiniako poesia lehiaketetako cantadore handienaren inguruan osatutako eta Paolo Pillonca kazetariak idatzitako omenaldi barregarria aurkeztuko dute.

Sardinieraz eta euskaraz, bat-bateko bertsoak, Pirasen eta euskal bertsolarien bertso idatziak, kontakizuna, musika eta irudiak uztartuko dira ordu eta erdiko emanaldian. Dioniggio Bitti, Guiseppe Porcu, Tenore Murales de Orgòsolo, Alaia Martin eta Julio Soto ariko dira besteak beste.

Sardiniarrak lehenago ere izan dira Euskal Herrian, 2016an. Kasu honetan ordea, beste eskualde bateko inprobisazio moldea da, desberdina.

Tra Parola e Musica - Casa di Suoni e Racconti erakundeak ekoitzitako ikuskizuna da. Korsikan, Maltan, Grezian, Suitzan edota Katalunian ere prestatuko dira egokitzapenak, kantu inprobisatuen arteko loturak baliatuta. Italia Txiki elkarteak bideratuta eta Bertsozale Elkartearen eskutik iritsiko da gurera.

Usurbilgo Sutegi aretoan izango da lehen emanaldia maiatzaren 19an, 19:00etatik aurrera, eta Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean bigarrena, 22:00etan, maiatzaren 20an.


Remundo Piras inprobisatzailea, eskuinean.

Bidaiak saio esperimentalak
Bidaiak Bertsozale Elkarteak bere ekimenez eta elkarlanean antolatutako saio esperimentalak dira. Ohiko bertso plazatik harago, bestelako emanaldi eta saiakera berritzaileei aukera ematea du helburu, bertso plazaren formatuen ertzak zorrozteko eta zabaltzeko. Horri Bertsozale Elkarteak atzerriko kantu inprobisatuekin duen elkarlan esperientzia gehituta atera zaigu hurrengo bertso bidaia proposamena.

www.bertsosarrerak.eus atarian
Emanaldia maiatzaren 19an eta 20an eskainiko da Usurbilen eta Azpeitian, hurrenez hurren. Sarrerek 5 euro balio dute Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 7 gainerako zaleentzat; www.bertsosarrerak.eus atarian eskura daitezke.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Oreka dirulaguntza jaso du Bidaiak egitasmoak.

 

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa