Joserra Bilbao - Santutxuko Bertso Eskola 2022-05-10

"Gure helburua da Udaberriko zikloa kopuruz handitu eta auzoetara zabaltzea"

Aurten ere lau saio izango dira, larunbat honetan hasita. Lehen biak Santutxun, Karmelon plazan. Azken biak, Deustuan, San Pedro plazan, frontoiaren ondoan.

Udaberriko Bertso Saioak bertso zikloa hasiko da larunbat honetan Bilbon, Santutxu auzoko Karmelo Plazan. Amets Arzallus, Oihana Bartra Uxue Alberdi eta Unai Iturriaga ariko dira kantuan, 13:00etan. 1980an egin zen lehen aldiz Udaberriko Bertso Saioak zikloa eta Bilboko Aste Nagusiko bertso zikloan dute abiapuntua. Hura antolatu eta ondoko urtean etorri zen, Bilbon saioak antolatzeko ekimenari segida emanez, Joserra Bilbao Santutxuko bertso-eskolako kideak argitu digunez. Aurten Santutxun eta Deustun izango dira saioak, bina. Bertso eskolaren helburua ordea, zikloa kopuruz handitu eta saioak Bilbon zabaltzea da. Aurten, ordea, erdibideko proposamena izango da. Ziklo hau Santutxuko bertso eskolak eta Bilboko Udalak antolatzen dute elkarlanean.



"Gaurko begietatik Bilbon saioak egitea normala da baina ez da beti hala izan"
1978an egin zen lehenbiziko Aste Nagusia Bilbon eta 1979an zortzi saioko zikloa egitarauan sartu eta aurrera ateratzeko gaitasuna izan zuten Santutxuko bertso eskolakoek, Bilboko Udalarekin elkarlanean. Hiriburuetako lehenengo bertso zikloa izan zen Bilboko Aste Nagusikoa. "Garai hartan Siadekoko azterketa soziologikoek esaten zuten milaka euskaldun bizi ginela Bilbon, baina elkar ez genuen ezagutzen, euskaldunak topatzea kosta egiten zen". Testuinguru horretan baloratu behar da abuztuan zortzi egunetan zortzi saio eta maiatzean beste lau antolatzearen meritua.

"Beti Bilbo osoko perspektiba izan dugu"
Joserra Bilbaok azpimarratu du Bilbon saioak antolatzeko garaian beti Bilbo osoko perspektiba izan dutela, bertso eskola Santutxun egon arren. Udaberriko Saioek ere kokapen asko izan dituzte 42 urteotan eta "azkenean ondoena funtzionatu duten tokian egonkortu dira, Santutxuko Karmelo plazan". Horixe izan da motiboa, ez bertso eskola Santutxu auzoan egotea.


Udaberriko Saioak Santutxun finkatu dira, ondoen hor funtzionatu dutelako.


Zabaltzeko lehen pausoa emateko baldintza egokienak Deustuan
Udaberriko Bertso Saioak Bilbo osora zabaltzeko aukeraz, bertso eskolaren planteamendua da funtzionatzen duena ez mugitzea, eta beste auzoetan ere eskaintza zabaltzea saio kopurua handituz. Aurten, ordea, ez da hori posible izan lau saio egingo dira beti bezala. Zabaltzen hasteko baldintza egokienak Deustuan ikusten zituzten eta hantxe egingo dira azken bi saioak. Joserra Bilbaok denbora ere eskatu du: "Aldaketa hauek denbora behar izaten dute egonkortzeko".

Aurtengo saioak
Maiatzak 14an, Karmelo plazan, 13:00etan:
Amets Arzallus
Oihana Bartra
Uxue Alberdi
Unai Iturriaga

Maiatzak 21an, Karmelo plazan, 13:00etan:
Maialen Lujanbio
Ibon Ajuria
Jone Uria
Etxahun Lekue

Maiatzak 28an, Deustun, San Pedro plazan, 13:00etan:
Andoni Egaña
Nerea Ibarzabal
Libreko saioa izango da.

Ekainak 4an, Deustun, San Pedro plazan, 13:00etan:
Onintza Enbeita
Sustrai Colina
Saioa Alkaiza
Arkaitz Estiballes

Gai-jartze lanak Santutxuko bertso eskolako kideek egingo dituzte.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri