Manuel Olaizola Uztapide - Kultur transmisioa 2022-05-12
"Kultur transmisioaren inguruko kezkatik" dator Manuel Olaizola Uztapide bertsolaria gazteengana hurbiltzeko Zestoan abian jarri duten ekimen multzoa, Udalak bultzatuta. Halaxe adierazi du Mikel Arregi Zestoako alkateak, Nire Uztapide (Erein) liburuaren berrargitalpenaren aurkezpenean: "Uztapide, garai hartan Euskal herri guztian mirestua, ezaguna, kultur erreferentea... eta ohartzen ari ginen Uztapide bezalako pertsona bat belaunaldi berriek, gure nerabeek ez zutela ezagutzen". Kulturgintzako kezka eta arazo orokorra dela jakitun, Hezkuntza sistemak bere etxeko lanak egiteaz gain, erakunde publikoek ere egiten dutena baino gehiago egin behar luketela uste du Arregik. Etxetik hasita, Uztapideren figura bizirik mantendu eta gazteei transmititzeko ahaleginean antolatu dute ekimen hau.
Lehenengo pausoa, Nire Uztapide lanari hautsa kendu eta berpiztea izan da. Duela 22 urte Bertsozale Elkartearen ekimenez bertsolari klasikoen biografiak nerabeentzako erakargarri izateko klabean argitaratu ziren hiru liburuetako bat izan zen Nire Uztapide, Pako Aristik idatzia. Urteetan Oiartzunen bizi izan zen zestoarraren bizitza nobelatua da. Uztapideren Lengo egunak gogoan autobiografia eta Manuel Lasarteren Uztapide gogoan liburutik osatu du dokumentazioa Aristik. Joxekruz Ezeiza Kaxka oiartzuarrarekin testigantza ere baliatu du. Uztapidek, osasun arazoak medio erretiratuta, Kaxka izan zuen laguntzaile omenaldi eta ekitaldietan, berak kantatzen zituen Uztapidek idatzitako esker oneko bertsoak. "Liburu horretan kontatzen den guztia egia da, ez dut ezer asmatu" esan zuen idazle urrestildarrak aurkezpenean.
"Goizean bertsopaperak erosi, eguerdirako ikasi eta arratsaldean kantatzen zituen autodidakta handia"
'Autodidakta handi' gisa definitzen du Aristik Uztapide. Bertsopaperekin ikasi zituen bertsoaren egiturak eta oinarrizko moldeak. "Goizean bertsopaperak erosten omen zituen, eguerdirako ikasi eta arratsaldean kantatu, paperak utzita." kontatu zuen atzo Aristik aurkezpenean.
Manuel Olaizola Uztapide, goian eskuinean, 1936an, finalaren ondoren.
Uztapide, eskolarteko gazteekin Oiartzunen, 1983an, hil aurrean.
Goiko bi argazkiotara dakar Aristik Uztapideren ibilia. 1936koa bata, Txirritarekin finalean egon zen bertsolari 27 urteko bertsolari gaztea. Bestea, 1983ko maiatzekoa, hil aurrean -hiru astera hil zen-, Eskolarteko belaunaldi berriarekin ateratakoa: Xabier Euzkitze, Arantzazu Loidi, Sarasua anaiak, Felix Iñurrategi... Txirritaren mundua eta zetorren berria bizi eta arnastu zituen figura gisa.
1936ko Txapelketa Nagusiko aitorpenak
1936ko Txapelketaz hain ezagunak ez diren kontuak ere jaso ditu Aristik Nire Uztapide liburuan. Hiru aldiz txapeldun izanak kontuta utzi zuenez, 1936an, finala amaituta, epaimahaiko bat etorri omen zitzaion esanez txapela berak irabazi zuela. Baina, gaztea izaki, berriz ere izango zela txapelketan eta txapela Txirrita zaharrari ematea pentsatu zutela, Uztapide berak hala onartzen bazuen. Eta honek baietz, ez zuela saririk izango zuenik ere espero, eta baietz. 1936ko Txapelketan, 2. postuan ageri da Uztapide.
Unitate didaktikoa eskoletarako
Liburua oinarri hartuta, eta herriko ikastetxeekin hitz eginda, Uztapideri buruzko unitate didaktiko bat ere egingo dute ikasleekin lantzeko. Horrez gain, Zestoako nerabe guztiei banatuko zaie liburua doan.
'Uztapide plazara' datorren astean: hitzaldiak eta bertso jaialdia txapeldunekin
Uztapide handia belaunaldi gazteengana hurbiltzeko ahalegina ekitaldiz lagunduta dator, Zestoan. Batetik, Nire Uztapide liburuaren aurkezpen musikatua egingo da herrian eta zenbait gaztek hartuko dute parte. Aizpea Aristi eta Ioritz Zunzunegi dira horietako bi. Zunzunegik eta Aristik adierazi dute saioa prestatzeak Uztapideren lana hobeto eta sakonago ezagutzeko aukera eman diela, eta zentzu horretan eskertuta agertu dira.
Era berean, aurreratu dute musikaz jantziko dituztela Uztapideren hiru bertso sorta. “Aurrena, 1961an Uztapidek eta Xalbadorrek osatu zuten sorta bat abestuko dugu. Aldamio baten gainean dauden bi lagun dira, eta aldamioa zutik mantentzeko modu bakarra horietako bat bertatik botatzea da. Bertsoetan argi ikusten da Uztapidek eta Xalbadorrek elkarri zioten miresmena eta maitasuna. Bigarren sorta, 1975ekoa da, Sasoia joan da gero liburuan agertzen diren eta Zestoari eskainitako bertsoak dira. Azkenik, Uztapidek 1962an Euskal Herriko bertso txapelketaren buruz burukoan amari eskainitako bertsoak abestuko ditugu”, kontatu du Aristik.
Uztapidek prosa ere landu zuen plazatik erretiratzea eta jardun horretaz Xabier Amurizak Uztapide, bertsotik prosara hitzaldia eskainiko du. Horrez gain, Uztapide, nonbait, Zestoako Arroa auzo inguruko baserrietan zeuden bertsolarietara biltzen zen txapelketako entrenatzeko eta ibilera horien kontuak berrituko dituzte, hitzaldi tertulia formatuan.
Azkenik, Txapeldunen Bertso Jaialdia egingo da Zestoan. Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Xabier Amuriza.
Antolatutako ekintzetan belaunaldi desberdinetako herritarrek parte hartuko dute, eta horietako bi dira Aizpea Aristi eta Ioritz Zunzunegi gazte zestoarrak.
Hona hemen Uztapide Plazara ekimenaren egitaraua, xehe:
Maiatzak 17, asteartea:
19:00etan, Zestoako Kultur Etxeko aretoan, Nire Uztapide liburuaren aurkezpen musikatua. Hizlariak: Pako Aristi eta Joxe Kruz Ezeiza. Musikariak: Aizpea Aristi eta Ioritz Zunzunegi.
Maiatzak 19, osteguna:
19:00etan, Kultur Etxeko aretoan, Uztapide, bertsotik prosara hitzaldia, Xabier Amurizaren eskutik.
Maiatzak 20, ostirala:
19:00etan, Arroabeko eskola zaharrean: Arroa inguruko bertso historia; txapel bat mila buru hitzaldi-tertulia.
Maiatzak 22, igandea:
18:00etan, Zestoako kiroldegian: Txapeldunen Bertso Jaialdia: Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Xabier Amuriza.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24