Bertsolaritza irratietan 2022-05-23

Bertsoa uhinetan

Bertsoa uhinetan
Aurreko asteak ere ekarri zizkigun bertsoaz gozatzeko aukera ederrak. Hona hemen irratietan onduak izan diren saioen bildumatxoa.

Potto programa Bilbo Hiria irratian

Potton Bizkaiko saioetan ibili dira kuxkuxean; 2022 eta 2021 urteetako saio ezkutuak azaleratu dituzte, mesanotxean gordeta zeudenak.
2021eko azaroaren 12an, Lauroetako San Miguel ermitan kantuan izan ziren apokalipsiaren zaldunak: Unai Iturriaga, Etxahun Lekue, Xabi Paya eta Igor Elortza; Delorean izeneko autoa hartu eta, 2022ko maiatzaren 8an, Indautxuko jaietan beste laukote bat izan zen protagonista : Xabat Galletebeitia, Ane Labaka, Oihana Bartra eta Alaia Martin.
On egin!

Potto 2022-05-18


(H)ari naizela Ataria irratian

Martxoan zenbait bertso-saio izan dira, eta horietako hiru saiorekin osatu zuten duela bi asteko irratsaioa, bada bertso-saio horietako beste zenbait bertsoaldirekin osatu dute irratsaio hau ere: Martxoaren 8an, Amezketako Kultur Etxean, Oihana Iguaran eta Amaia Agirre aritu ziren kantuan, merienda lagun. Martxoaren 18an, Amasako Uxo-toki elkartean, asto-jana egin zuten, eta afariaren ostean kantuan aritu ziren Haritz Mujika eta Unai Mendizabal. Martxoaren 25ean, Ibarrako Xepla elkartean, Ernaik antolatutako bertso-afaria izan zen. Tolosaldeko bost gaztek kantatu zuten: Oibar Olanok, Beñat Mateosek, Jon Mendiluzek, Izar Zelarainek eta Aratz Arzelusek. Gai-emaile, berriz, Naia Gabirondo izan zen.

(H)ari naizela 22-05-18

Bertsoinka saioa Xorroxin irratian

Joan den apirilaren 23an jokaturiko Osinalde sariketako bertsoak entzun dira Bertsoinka saioan. Bertan, Ane Zuazubiskar Iñarra, Xabat Illarregi, Aner "Euzkitze", Oihana Arana, Aitor Tatiegi eta Unai Izagirre aritu ziren kantuan.



Hitza Jolas programa Euskadi irratian

Bertsoen uzta urta osoan jasotzen dute. Saio honetarako, bizkaiko soroetatik bildutakoak hautatu dituzte, batetik Abadiñoko Matiena auzoako Errota Kultur etxeko saioko bertsoaldiak ditugu eta bestetik berriz Iurretan "durangaldea uztabarritzen" bertso-zirkuituko saiokoak entzungai ditugu. Gipuzkoan, Zestoan egitekoak diren jaialdi baten berri ere jaso dute eta bederatzikoa Ipar Euskal Herritik iritsiko da... Nora joango ote da orain?

 
 

Bertsoa plazaratzen gabiltza astero
Ta denek gozatzea hau dugu espero !

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri