Lilibertso bertso eskolak antolatuta 2022-06-03
Bizkaiko Busturialdeko Lilibertso bertso eskolak Jon Lopategi zenaren omenezko Argi Baltza sariketaren bigarren edizioa antolatu du eta igandean hasiko da Ajangizen. Aitor Etxebarriazarraga, Iker Uriarte, Peru Abarrategi, Jone Larrinaga, Sarai Robles eta Aner Peritz arituko dira kantuan, Mendietako frontoian, 18:00etan. Lopategiren ikasleetako batek, Igor Elortzak, asmatu zuen Argi Baltza kontzeptua, Lopategiren ekarpena deskribatzeko artikuluan.
Jon Lopategik eskualdean zein Euskal Herri osoan zehar egindako lana balioan jartzeko antolatu dute sariketa: “Bertsolari gazteak plazaratzeko lan ikaragarria egin zuen, baita kulturgintza sustatzeko ere. Hil zen momentutik, bera urtero-urtero gogoratzea oso garrantzitsua dela uste dugu”. Janire Arrizabalaga Lilibertsoko kideak adierazi duenez: “Haren lekukoa hartzea erabaki dugu, Lopategiren lanari jarraipena emateko asmoz. Bigarrena da, eta bigarren batek ohitura bat sor dezake. Gustatuko litzaiguke oraingo txapelketa honek arrakasta izanez gero, urtero antolatzen jarraitzea”.
Iaz, bizkaitarrak izan ziren bertsolari gehienak, baina, aurten, lurralde ezberdinetako bertsolarien presentziari garrantzia eman diote, txapelketaren oihartzuna Euskal Herrian zabaltzeko helburuz. Hala ere, Lopategiren filosofiari jarraiki, bizkaitarrak izango dira gehienak. “Euskal Herriko zazpi lurraldeetako ordezkaritza bermatu dugu, baina bizkaitarrak gailentzen dira. Horien artean, gainera, Busturialdeko bertsolariak egoteari eman diogu garrantzia. Guk zortez bertsolari gazte asko ditugu taldean, eta aukeraketa zabala izan dugu. Iaz bertsolari batzuk aritu ziren, eta aurten beste batzuk. Mikel Retolaza da errepikatzen duen bakarra, iaz berak jantzi zuelako txapela”, zehaztu du Koldo Gezuraga Lilibertsoko antolatzaileetako batek.
Hiru saio, eta finala
Sariketak hiru kanporaketa eta finala izango ditu. Ajangizen, Gautegiz Arteagan eta Mendatan jokatuko dira kanporaketak, eta Muxikan izango da finala ekainaren 26an; iaz Gorozikako frontoian egin zuten saioa, baina aurten lekua aldatu dute eta Urretxindorrako eskolan izango da final handia. Bertso saio guztiak domekaz jokatuko dira, 18:00etan, igande honetan hasita. Saioetara joatea doakoa da, eta kanporaketetara joateko ez dira sarrerak aurretiaz eskatu beharko.
Kanporaketa bakoitzean sei bertsolarik parte hartuko dute, eta saio bakoitzeko irabazleak zuzenean ariko dira finalean. Beste hirurak puntuazioaren arabera sailatuko dira.
Mendatako kanporaketa da aurtengo berritasuna. “Txapelketa eskualdeko herri txikietan egin dugu, eta horietako beste bat da Mendata. Finala Muxikan egin gura izan dugu, Lopategi bertakoa zelako, eta kanporaketetara Mendata gehitu dugu”, azaldu dute antolatzaileek.
Argi Baltza bertsolari txapelketan bertsolaritzaren kate osoko pertsonek parte hartzen dute: direla bertsolariak, direla gai jartzaileak, direla epaileak. “Antolatzen ditugun saio gehienetan gai jartzaile taldea martxan jartzen dugu, eta gure taldekide horiek prestatzen dituzte gaiak. Oraingoan ere, Lilibertso inguruan mugitzen diren gai jartzaile eta epailieak arituko dira sariketan”.
Udalen laguntza eskertu dute antolatzaileek: “Eskerrak lau udalei gure proiektua aurrera eramaten uzteagatik eta horren alde egiteagatik. Bertsoei lekua eskaintzen diete eskualdean”.
Saioak
Ekainak 5, Ajangiz, 18:00etan, Mendietako frontoian: Aitor Etxebarriazarraga, Iker Uriarte, Peru Abarrategi, Jone Larrinaga, Sarai Robles eta Aner Peritz.
Ekainak 12, Gautegiz Arteagan, 18:00ean, Udal frontoian: Mikel Retolaza, Janire Arrizabalaga, Unai Mendiburu, Irune Basagoiti, Ane Zuazubiskar eta Aitor Servier.
Ekainak 19, Mendatan, 18:00etan, Udal frontoian: Ibai Amillategi, Eneko Aldana, Maider Altuna, Bittor Altube, Joanes Illarregi eta Maddi Ane Txoperena.
Argazkia: Busturialdeko Hitza
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24