Arabako Bertsolari txapelketa - finala 2022-06-07

Txapela eta Txapelketa Nagusirako bi postu jokoan Araban

Printzipal Antzokitik Europa Jauregira igaroko da Arabako Bertsolari Txapelketako finala larunbatean. Oholtzan, eskarmentua eta berritasuna elkarren osagarri. Oihane Perea, Manex Agirre, Iñaki Viñaspre, Xabi Igoa, Peru Abarrategi eta Paula Amilburu, finalista berria Arabako Olinpoan.

Printzipal Antzokitik Europa Jauregira igaroko da Arabako Bertsolari Txapelketako finala larunbatean. Oholtzan, eskarmentua eta berritasuna elkarren osagarri. Oihane Perea, Manex Agirre, Iñaki Viñaspre, Xabi Igoa, Peru Abarrategi eta Paula Amilburu, finalista berria Arabako Olinpoan.

Arabako Bertsozale Elkarteak gaur eguerdian aurkeztu du finala Europa Biltzar Jauregian bertan, Egoitz Iradierren ahotik, sei finalistak bertan zirela. Aurtengo finalak txapela ez ezik Txapelketa Nagusian kantatzeko bi postu ere erabakiko ditu. Buruz-burukoan sartzen diren biek lortuko dute ohore hori. Serapio Lopezek jantziko dio irabazleari txapela. Iñaki Viñaspre da egungo txapelduna.

Arabako Bertsolari Txapelketako aurtengo edizioak bertsolaritzak Araban egin duen 40 urteko ibilbidea izan du gogoan. Amurrion hasi zen aurtengoa eta 30 bertsolari izan ditu partaide eta 10 saio egin dira finalaren aurretik.

Bertsolariak gogotsu: talde konpromisoa eta nork bere buruarekikoa
Ibilbide oso ezberdineko bertsolariak elkartu ditu Arabako finalak. Seitik hiru txapeldunak dira eta finaletan eskarmentu handia dutenak: Oihane Perea (4 txapel), Manex Agirre (2 txapel) eta Iñaki Viñaspre (txapel bat) dira horiek; Xabi Igoak laugarren finala du aurtengo; bigarrena Peru Abarrategik eta lehena Paula Amilburuk. Seiek azpimarratu dute aurten bereziki garesti egon dela finalerako txartela.

Taldetasuna eta Arabako bertsolaritza proiektu gisa indartzeko baliagarria izango den finala dute seiak buruan eta konpromiso horretatik ariko dira larunbatean oholtzan. Plano pertsonalagoan ere hitz egin dute eta hor gehiago berbalizatu dute finalak lehia klabean duen alderdia.

Gazteenetik hasita, disfrutatzera doala adierazi du Abarrategik eta, ahal badu, irabaztera. Hori ere esanda utzi du. Puntuazioz bigarren sailkatu da aramaioarra.

Paula Amilburu urteetan gelditu da finalaren atarian eta aurten barrura sartu da. Txapelketa honetan inoiz baino kontzentratuago aritu dela aitortu du eta du eta finalera sartzeko helburua beteta, helburu berriekin joango da Europa Jauregira, aterik itxi gabe.

Xabi Igoak aitortu du aurreko finaletan ez zela disputatzera joan eta horretarako gogoz dagoela aurten. Txapelketan irregular sentitu bada ere azken finalerdian aho zapore onarekin gelditu zen eta horri eutsi nahi lioke finalean.

Iñaki Viñaspre da egungo txapelduna eta txapelari eustera joango dela adierazi du, txapeldun gisa kantatuko duen lehen finalean. Txapelketan eroso aritu dela esan du eta gogotsu dagoela larunbaterako.

Manex Agirre ere gustura aritu da txapelketan zehar bertsotan eta hori beregan ez dela beti ohikoa esan du. Txapelketa Nagusiko postuak jokoan egoteak ere finala berezi egiten duela aitortu du aramaioarrak.

Oihane Pereak ia 30 urteko bidea darama Arabako Txapelketan, beti finalean, San Prudentzio sariketa egiten zen garaian hasita. Txapelketan emakume gisa heldu ere egin dela aitortu dela eta hortik kantatu nahiko lukeela adierazi du. Finaleko irudia ekarri du gogora, oinarriak goiari nola eusten dion irudikatzeko.

Finalean, Arantxa Sobrino ariko da aurkezle lanetan eta Aintzane Irazusta gai-emaile. Epaile lanetan, Aitor Jimenez, Mikel Fernandez de Arroiabe, Ekaitz Elorriaga, Fernando Sopelana eta Manex Garaio.



Finaleko ariketak: 13 bertso puntuagarri
Arabako finalean, agurrez gain, bertsolari guztiek 13 bertso puntuagarri botako dituzte lehen fasean.
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko nagusian.
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.
Bakarka, hasierako puntua emanda, bina bertso zortziko txikian.
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso seiko motzean.
Bakarka, gaiari bina bertso doinu eta neurri librean.

Ondoren, bi lehenbizikoak buru-buruko fasera pasako dira. Fase honetan, bi ariketa egingo dituzte eta sei bertso puntuagarri botako dituzte:

Binaka, gaia emanda,  hiruna bertso Iparragirre abila dela doinuan
Kartzelako lana: bakarka, gaia emanda, hiru bertso nahi duten doinu eta neurrian.

Sarrerak www.bertsosarrerak.eus gunean
Arabako finalerako sarrerak eskuragarri daude www.bertsosarrerak.eus gunean. 600 laguneko aforoa du Europa Biltzar Jauregiko aretoak eta dagoeneko 200 salduta daude.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri