Genero klabea Kataluniako glosan 2022-06-09

«Emakume bertsolari eta glosadoreen arteko elkarlana beharrezkoa da klabe feministan aurrera egiteko»

«Emakume bertsolari eta glosadoreen arteko elkarlana beharrezkoa da klabe feministan aurrera egiteko»
Alba Herrera, Aurora Brullet, Berta Llos, Esther Santos, Laia Pedrol eta Mireia Domènech Herrialde katalanetako glosadoreak Euskal Herrian kantatu berri dute, Señora Sariketako finalean.

Kataluniako hiru glosadoreek kantatu zuten lehenbiziko agurra II. Señora Sariketako finalean, azken boladan emakumezko bertsolari eta glosadoreak ehuntzen ari diren harreman sarearen erakusgarri. Seiko taldea izan zen ekitaldian: Alba Herrera, Aurora Brullet, Berta Llos, Esther Santos, Laia Pedrol eta Mireia Domènech. Txalotza jaso zuten oholtzan. Bertsoa.eus-ek elkarrizketa egin die glosaren egoeraz genero ikuspegitik begiratuta. Seien artean erantzun eta seiek sinatutako elkarrizketa da.

Herrialde Katalanetako glosadoreak II. Señora Sariketako finalean. Nola hartu zenuten gonbidapena?
Ilusio handiz! Lehenik eta behin, ikasteko oso aukera polita izan da, bai bertsolaritzaz eta, Señora Sariketaren ezaugarriengatik, baita klabe feministan ematen ari diren prozesuetatik ere. Bestalde, zorionekoak gu horrelako ekitaldi batera gonbidatu gintuztelako. Aukera ederra, gutako batzuon artean azken hilabeteotan ehuntzen hasi den sarea sendotzeko eta elkar ezagutzeko.

Zein da glosaren errealitatea generoari dagokionez? Zein puntutan zaudete Katalunian?
Pentsatzen dugu sistema patriarkala dagoen beste edozein testuingururen antzeko errealitatea dagoela, bai glosari dagokionez, bai eremu publikoko beste eremu batzuei dagokienez. Alegia, egiturari dagokionez, emakumeek bizi ditugun zapalkuntzak ingurune batetik bestera itzul daitezke, bizi garen mundua gizonek pentsatu dutelako eta, beraz, gu alteritatetik mugitzera behartzen gaituelako.

Katalunian, batez ere, Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik irakurtzeko aukera izan genuenetik etorri zen aldaketa, beste zenbait gertaera ere tarteko. Emakumezko bertsolarien gisara, emakumezko glosadoreoi ere bizitzen ari ginen esperientzia askori izena jartzeko beharra sortu zitzaigun. Jabetzen hasi ginen zenbat egoera ez genituen partekatzen 'Anekdota indibidual hutsak' izateko beldurrez batzuk, klabe feministan aztertu ez genituelako beste zenbait. Ikusi genuen egoera eta esperientzia horiek bertsolaritzan ere gertatzen zirela eta antzerako egoerek inguratuta bizi ginela.

Hala, Uxue Alberdik esnatze feminista deitzen duen hori duela urte erdi pasa hasi zen gure artean modu kolektiboan. Egia da aurretik ere izan direla ekimen eta proposamenak baina ordurarte ez zen planteatu gune bat sortzea gure artean hitz egin, partekatu eta tarte atsegin bat pasatzeko, eta hori bera ere beste helburuak bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa da azkenean.


Berta Llos glosadorea, Señora Sariketan larunbatean.

Zein pauso eman dituzue?
Lehenengo pausoa izan da emakumezko glosadore kolektibo gisa antolatzea. Nyámere du izena. Kolektibo horretako kideak Katalunian glosa bultzatzen duen Cor de Carxofa elkartean jarraitzen dute, baina, aldi berean beren artean biltzen dira glosaren eremua ikuspegi feministatik aztertu, gogoetatu eta birpentsatzeko. Kolektibo hau oso profil ezberdineko pertsonek osatzen dute, bai glosan duten ibilbideari dagokionez, baita feminismoen inguruan duten formazio edo ezagutzari dagokionez ere. Baina, Uxuek, gure kide bertsolarien esperientziatatik abiatuta, aztertutako mendekotasun patroiek guztiok interpelatzen gaituzte era batera edo bestera, eta bide-orri kolektibo bat marraztera garamatzate. Halere, prozesu horren hasieran gaude eta erronka asko dauzkagu.

Zeintzuk dira azpimarragarrienak?
Erronka nagusienetakoa da ahalegintzea ez erortzen diskriminazioa eta ondoeza sor dezaketen antolaketa modu, erabaki hartze eta beste dinamika moldeetan, guretzat antolaketa eta dinamika ezagunenak izan arren. Ildo honetan, hor daude aurreko garaietako zauriak, baita emakumeen artekoak ere. Hori aitortzea pauso bat da denok gurutzatzen gaituen sistema patrialkal honek sortutako iruditeria kolektiboki gainditzeko. Arrazoi horregatik, bertsolari kideak itsas argi gisa hartzen ditugu, iruditzen zaigulako pauso batzuk aurrerago doazela antolaketan, gogoetan eta espazio seguruak sortzeko bidean. Era berean, errealitateak zalantzan jarri, irudikatu eta sortzeko konfiantza eta lasaitasuna ere sentitzen dugu, beste lekuetan errealitate batzuk aldatu egin direla ikusita.

Menorkari dagokionez, glosa klabe feministatik begiratzea eta lantzea ez dago antolatuta eta egituratuta. Badaude norabide horretan ahots jakinen proposamenak eta diskurtsoak baina bide luzea dago oraindik eta gainditu beharreko erresistentzia asko.

Laia Pedrol glosadorea, Leitzan larunbatean.

Zeintzuk dira Katalunian generoaren errealitatea deskribatzen duten adierazle nagusiak?
Interesgarria litzateke dauzkagun susmoak zehaztasun handiagoz egiaztatzea, baina, oraingoz, gutako bakoitzak ikusten duena bateratzetik datozen ondorioei heltzen diegu. Gure bizitzako testuinguru guztietan gertatzen den bezala, begiradan iragazki feminista jartzen dugunean alarmak pizten dira etengabe.

Espazioaren okupazio-mailari erreparatzen diogu, adibidez. Ekitaldi antolatuetan, esaterako, jaialdi edo txapelketetan (combats), ohikoa da agertokietan paritatea aktiboki bilatzea. Testuinguru informalenetan, aldiz, nabarmena da genero hutsunea. Esate baterako, emakumezko eta gizonezko glosadoreen (glosadores/glosadors katalanez) parte hartze kopurua oso desberdina da, bai puntakoen artean, bai berrietan.

Ohartzen gara, halaber, pertsona batzuek beren kasa moderazio-rola hartzen dutela glosada informal horietan, hitz-txandak ahalik eta orekatuenak izan daitezen eta mundu guztia eroso senti dadin zainduz. Taldea zaintzeko zeregin hori ia oharkabean egon ohi da emakumeen gain.

Erabiltzen ditugun doinuak edo gaietan ere jarrita daukagu fokoa, gaur egunean glosa denaren eta izatea nahiko genukeenaren arteko tartea laburtzeko.

Azkenaldian, bertsolariak eta glosadoreak harremanetan zaudete inprobisazioan klabe feministan aurrera egiteko.
Emakume bertsolari eta glosadoreen arteko elkarlan eta babes sareak ehuntzea beharrezkoa eta oso interesgarria da, gure ustez, ahozko inprobisazioan klabe feministan aurrera egiteko. Esperientzia kolektiboak partekatu eta lantzeak geure burua antzerako errealitateetan ikusteko aukera ematen digu, beste lurraldeetan ere antzerako egoerak daudela ikusita. Era berean, beste lurraldeetako kideek daramatzaten prozesu eta estrategietatik (ber)ikasteko parada ere eskaintzen du. Baita elkarrekin bide-orri konpartituak abian jartzeko ere.

Gaur egunean bertsolari eta glosadoreen arteko elkargune bat lantzen ari gara eta udazken-neguan Menorkan egingo ditugun jardunaldiak izango dira abiapuntu. Jardunaldi horien helburua da ikaskuntza kolektiborako, praktikarako eta ahozko inprobisazioaren azterketa kritikorako espazioak eskaintzea, ikuspegi feministatik.

Aurora Brullet glosadorea, Señora Sariketako finalean.

Zein da glosaren etorkizuna genero berdintasunari dagokionez?
Lehenik eta behin, Uxue Alberdiren hitzei jarraiki, artikulazio feminista izango da lehentasun nagusietako bat. Ahotsa altxatzen hasita gaude, baina baimena eskatu behar dugula iruditzen zaigu oraindik ere. Hitz egiten eta partekatzen jarraitzeko espazioak behar ditugu, geure esperientziak genero klabean berrizendatu ahal izateko.

Aldi berean, feminismoaz ari garenean interesgarria litzateke automatikoki emakume-gizon arteko zatiketa ez marraztea. Ez onartzea, iruditeria kolektiboak iradoki dezakeen gisan, emakumeei dagokiela 'gai horretaz' arduratzea, gizonek gainerakoaz pentsatzen jarraitzen duten bitartean, beren gaia ez balitz bezala.

Aldiz, errealitatea aztertzen badugu hierarkiak, botere-harremanak eta nagusikeriak deseginez, ikusiko dugu patriarkatuak beste edozein menderatze-sistemak bezala jokatzen duela. Eta, beraz, inor ez dagoela jarrera matxista izateko aukeratik salbuetsita zapalkuntza logika bat erreproduzitzen duenean. Adibidez, gizarte-nortasunaren beste ardatzekin gertatzen den bezala, adina, sexu-orientazioa edo etniarekin kasu.

Hortik dator inoiz bukatzen ez den lana denaren sentsazioa. Eta gainera, guztiona dela, bakoitzak bere lekutik, eta abiapuntu desberdinak hartuz, aldez aurreko lanaren eta pertsona bakoitzak pentsamendu-esparru horretatik errealitatea aztertzeko duen jarreraren arabera.

Albiste gehiago

6.500 lagun Finalean 2024-12-14

Alaia Martin Gipuzkoako txapeldun

Lehenbiziko aldiz ospatu zen Eskukula bertso eskolak 2024-12-06

Elixabet Etxandi irabazle Baxe Nafarroako lehen Kopla Topelketa arrakastatsuan

Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-12-06

Almen bertso-eskolaren 50. urteurrena Hitzetik Hortzeran

Lanarteak plazaratuta Euskararen Egunaren harira 2024-12-03

Euskararen larrialdiari koplak