Bertso jarriak 2022-06-11
Ekaitz Goikoetxea beasaindarrak irabazi du aurten Altzako Bertsopaper lehiaketa Aho bizarrik gabe sortarekin. Larunbatean egin zen saribanaketa, Altzako Bertso Aroko jaialdiaren aurretik, Larratxo kultur etxean.
Aho bizarrik gabe bikote nerabe baten maite-jolasez jarritako sorta da «gordin eta berbalizatzen ez diren hitzak berbalizatuz, zakil, titiburu...aho bizarrik gabe» Goikoetxearen hitzetan. Hamarreko txikian, Agur sagar beltzeran doinuan. Lehen saria irabazita, beasaindarrak poza sentitu du, «lehen aldia zelako lehiaketa honetara lan bat aurkezten nuena. Eta epaimahaiak baloratu eta saritzea ederra da».
Izenburua: Aho bizarrik gabe
Doinua: Agur sagar beltzeran
Egilea: Ekaitz Goikoetxea.
Altzako bertsopaper lehiaketako sorta irabazlea
1.-
Hipotesiena da
lurralde birjina,
ezer jakinik ez da
izaten, jakina:
banintzaio, balitzait,
bagenu, bagina…
Izua, iheskorra
zer den maitemina!
Orainak kezkatzen nau
geroak adina.
2.-
Distantzia, denbora,
ikasketak, lana,
suizar mendi bat da
gure harremana,
eman eskua eta
zatoz niregana,
ea atzean uzten
dugun iragana,
zu zara bizitzeko
geratzen zaidana.
3.-
Irribarrea heze,
begirada gandu,
hezur-haragizkoak
ta ahulak izan gu;
nire hatzak soa non,
gozamena han du,
samur kilika zaitzan
ta luze laztandu,
zure zain egoteko
beti da berandu.
4.-
Taupadari taupada
pultsuari pultsu,
bihurgune guztiak
dira arriskutsu;
nire azalak goxo
hartuko zaitu zu,
zer den galdara bati
ematea muxu,
itxi begiak eta
ikusiko duzu.
5.-
Kanpo estimulu nahiz
barne kitzikapen,
jotzea ez beti
mingarri izaten,
sei-zazpi zentimetro
beroaldi baten,
nahiz galtza zabalekin
estal genitzakeen,
zakilek ez dakite
gezurrik esaten.
6.-
Izerdiaren hotza,
sexuaren mira,
ortzimuga sumendi
bihurtzen ari da…
Mingaina mingainean
bira eta bira,
zure titiburuak
nireei begira,
gu izateko zenbat
gorputz behar dira?
7.-
Biriken arnas hotsa,
aldaken nekea,
zure erretenetan
nire paketea,
bai, segi, segi, txiki
jarraitu maitea,
hurbil nahi ditugunak
gertu izatea,
plazer hutsa da eta
zorion betea.
8.-
Zeharkatu astiro,
horrela, horrela,
norantzarik gabeko
arrasto umela,
aurrerantzean ere
inondik ahal dela,
zuloak ta zuloek
gaur arte bezela,
bete ditzagun eta
bete gaitzatela.
9.-
PD:
Bulkadei bere ahots
ta beren oihartzun,
aho bizarrik gabe
nahi nien erantzun…
Nahiz zu Gasteizen bizi
eta ni Erratzun,
izango duzu behar
adina maitasun,
oroitu beharrean
pentsatu nazazun.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24