Arabako Bertsolari Txapelketako finala 2022-06-11

Peru Abarrategi Arabako txapeldun berria

Peru Abarrategik irabazi du Arabako Bertsolari Txapelketa atzo Gasteizen jokatu zen finalean, Manex Agirrerekin buruz-burukoa jokatuta. Abarrategik 608 puntu atera zituen eta Agirrek 602,5. Irabazleari Serapio Lopez bertsolariak jantzi zion txapela. Bi aramaioarrek Txapelketa Nagusirako txartela lortu dute. Lan bikaina egin zuten sei bertsolariek Europa Biltzar Jauregian jokatu zen saioan. Oihane Pereak txapelketari agur esan dio.



Arratsaldeko 17:30etan hasita, Iñaki Viñaspre, Oihane Perea, Manex Agirre, Xabi Igoa, Peru Abarrategi eta Paula Amilburu aritu ziren kantari, 500 bertsozaleren berotasunean. 

Agurren ondoren, bertsolariek bosna ariketa puntuagarri egin zituzten. Hiru ofiziotan, zortziko handian, hamarreko txikian eta sei puntukoan; eta bakarka, puntu erantzuten eta gaia emanda. Lan horien ondoren, buruz-buruko fasea etorri zen. Azken txanpan, Iparragirre abila dela doinuan egin dute ofiziotan eta kartzela ondoren. 

Hona hemen sailkapena:

Peru Abarrategi Sarrionandia 608 puntu .
Manex Agirre Arriolabengoa, 602,5 puntu.
Oihane Perea Perez de Mendiola  413,5 puntu.
Iñaki Viñaspre Simon, 410,5 puntu.
Xabi Igoa Eriz, 402 puntu.
Paula Amilburu Izargarai: 384 puntu.

Serapio Lopezel jantzi dio txapela txapeldunari. Arabako bertsolaritzan ibilbidea duena 1982an, Arabako lehen bertso eskolen sortzaileetako bat. Ordutik egundaino bertsolari, irakasle eta antolatzaile moduan aritua.  2017ko finalean kantatu zuen azken aldiz Arabako Bertsolari Txapelketan. Bere ibilbidea eskertu nahi dio Arabako Bertsozale Elkarteak.

Txapeldun beriaren agurra
Eskakizun txikitxo bat
aterako dut plazara
Nahiz Aramaio ta Oion
ez den berdin beharbada
probiltzi txiki honek du
bere berea euskara
Batzuek ahaztu arren
gu ere euskaldun gara
beraz konplexu guztiak
doazela pikutara
ama berdinak erditu
baditu zazpi alaba
merezi duen moduan
zaindu zazue Araba

Finalak momentu hunkigarri bat baino gehiago izan ditu eta horietako bat Oihane Pereak txapelketari agur edo behintzat gero arte esan dionekoa izan da:

Hogeita hamar urte luzez
fokoen erdi-erdira
igo eta gero igual
hauxe dugu despedida
Olatzen arte lanari
begira nago begira
egurra ta harria eman dut
hemen kontua hori da
gazteak ta komunistak
nere esperantza dira
beraz igual jetsiko naiz
lehendabiziko aulkira
gehiago disfrutatzeko
beste batzuen dizdira

Saio hasieran eta amaieran Arantxa Sobrino aritu zen aurkezle. Aintzane Irazusta, gaiak ematen. Epaile lanetan, Aitor Jimenez, Mikel Fernandez de Arroiabe, Ekaitz Elorriaga, Fernando Sopelana eta Manex Garaio.

Edizio berezia
Edizio berezia izan da aurtengoa Arabako Txapelketarentzat. Aurten 40 urte hasi zen bertsolaritza mugimendua indartzen eta antolatzen Araban, eta hori izan dute gogoan edizio honetan. 30 bertsolarik hartu dute parte.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri