Martin Ugalde Parkean kantatu dituzte 2008-02-20

Zaku berean, Andoni Egañak Egunkaria itxi zuteneko urteurrenean jarritako bertsoak

'Zaku berean' bertsoak


Andoni Egañak Zaku berean izeneko lau bertso prestatu ditu gaurko ekitaldirako, eta bertan bildutakoek kantatu egin dituzte. Doinua: Habanera.

Orain bost urte iritsi
ziren etxeko atera
txamarra zaku, gizon bat
Patroleraino atera.
Argazkitan azaldu zen
txamarra burutik behera
begiratua oinetan,
bideko har-legarrera.
Zer ote zeukan aurrean?
Zer uzten zuen atzera?
Nork egin zuen oihua:
"EGUNKARIA aurrera!"?
zihoana zihoala
ez zihoan soilik bera
mordoska bat gindoazen
zakupe hartan batera.

Ziega batean sarturik
zeinek babestu behar nau?
Berriro krisketa-hotsa
bizia, mingarria, rau!
"Todos son del mismo saco"
giza-lege eza arau...
"ez al duzu erantzun nahi?
zutitu, biluztu, barau!".
Zaku bat burutik behera
zaku zaku zakua hau!
Dena zulo beltz bihurtuz
den-dena bilakatuz gau
oihu ta umilazio
txilio eta alarau
denbora asko joan da...
izu-ikarak hor dirau.

Kaleratu zituzten bai,
denbora igaro ahala...
"Zaku berekoak dira"
hasi zen berriz fiskala.
"Zaku beretsuan daude"
Audientzia Nazionala...
Justizia irudiaren
begietako oihala
esan liteke zaku zahar
zirrikituduna zala
neurtzen zuen momentuko
aukera koiunturala
Justiziak koiunturaz
baldin baleki bezala...
horrexek erakusten du
hain Justizia ez dala.

Zakua uler dezake
bakoitzak bere gisara
gure hau emana dugu
euskal nahiz herrigintzara.
Epaiketaren atetan
aurkitu gintezke iada...
izenak hamabi dira,
baina epaitu ilara.
Gu ere sar baikintezke
akusatuen pilara
ozen esango dizugu
epailea, entzun hara:
"Zaku hortan egotea
delitua baldin bada...
gu're gaizkile gaituzu
zaku berekoak gara".

Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Jexux Mari Irazu

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Jexux Mari Irazu

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu