25 urte sortu zela 2022-07-14

Ohi baino jendetsuago itzuli da Zarauzko Bertso Astea

Ohi baino jendetsuago itzuli da Zarauzko Bertso Astea

25 urteko bidea egin eta pandemiako bi urteko etenaren ondotik, ohi baino jendetsuago eta beroago itzuli da Zarauzko Bertso Astea, Motxian-Etxebeltz Bertsogunearen eskutik. «Urtero izaten du herrian nahiko harrera ona baina aurten berezkiki jende aldetik oso erantzun ona» izan duela azpimarratu du Maite Aizpurua bertso eskolako kideak, taldean egindako balorazioari hitzak jarriz. Hasieratik hasi zen goitik, 20 urtetik gora daramatzan bertso jarri musikatuen jaialditik. Aulki guztiak bete eta jendeak zutik jarraitu zuen ekitaldia. Aurten, Bertso Astearen 25. urteurrena izaki, bertso eskolako kideeen sortak izan dira protagonista. Amaieran, Basarri Sariko sorta irabazlea kantatu zuen Aner Euzkitzek. Aizpuruak gazte jendearen presentzia azpimarratu du. Beste urteetan baino nabarmenagoa izan da aurtengoan. Basarri Saria herritar batek irabazteak ere jendea erakarri zuela uste du. «Jendearen komentarioak entzunda publikoa oso gustura egon zen sentsazioarekin gelditu ginen» adierazi dio Aizpuruak Bertsoa.eus-i

Desafio egunean elkarren lagun eta frontoia lepo
Bertso Asteko bigarren eguna desafio eguna izaten da Zarautzen, bertso-pilota arratsaldean eta afalondoan saioa, beste bertso eskola baten kontra. Azpeitia eta inguruko Erniarraizkoak izan dira aurten Zarautzera joaten ausartu direnak. Bertso-pilotan, Maite Aizpurua eta Markel Eizagirre aritu ziren etxeko taldean, Julen Zulaika botilero zutela; Oier Etxeberria azpeitiarra eta Julene Iturbe azkoitiarra Erniarraitzeko ekipoan, Jon Gurrutxaga botilero zela. Iñigo Mantzizidor Mantxi epaile bihurri lanean. Hor ere 100 aulkiak bete eta jendea zutik ekitaldia jarraitzen Zarauzko frontoi txikian.

Gauean ere jarraitu zuen desafioak «desafiotik baino lagunarteko jokotik gehiago» izan zuen saioan. Bukaeran txalometroak argitu behar zituen kontuak, baina, hor ere pare-parean gelditu omen ziren gauzak.

Julen Zulaika txepeldun
Azken egunean txepelketa izaten da, tabernaz tabernako txapelketa irekia, bik kantatu eta bat aurrera. 25 lagun animatu dira aurtengoan eta Julen Zulaika zarauztarra gelditu zen txepeldun.





Balorazio positiboa
Motxian-Etxebeltz Bertsogunea oso gustura gelditu da Bertso Asteak eman eta utzi duenarekin eta «oso balorazio positiboa» egin du. Publiko gehiago, jarrera beroa eta gazteen presentzia handiagoa nabarmendu ditu bereziki.

Hurrengo hitzordu nagusia, auzoetako saioen gain, abuztu amaieran etorriko da bertsolari gazteen Lizardi Sariarekin. Finala iraileko lehen ostiralean jokatuko da.

(Argazkiak: Amaia Urbieta - Zarauzko Hitza)

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa