Kalean da Bertsolari aldizkariaren udako alea 2022-08-29

Bi txapeldunen olatuaren osteko gogoetak eta beste hainbat gai, Bertsolari aldizkariaren udako alean

Bi txapeldunen olatuaren osteko gogoetak eta beste hainbat gai, Bertsolari aldizkariaren udako alean

Saioa Alkaiza eta Nerea Ibarzabal bertsolariak ekarri ditu azalera Bertsolari aldizkariaren 126. zenbakiak. Nafarroako eta Bizkaiko bi txapeldunek Olatuaren osteko gogoetak utzi dituzte ale honetan. Ane Zuazubiskarrek egin die elkarrizketa.

Hori eta beste hamalau gai landu ditu aldizkariak udako ale honetarako: Zaldieroaren umorea lehendabizi, jarraian Ana Galarraga zientzia-komunikatzaileak bertsolaritzarekin daukan harremanaren berri izateko.

Xakea eta bertsolaritzaren arteko lotura Jon Altuna Oxanen erreportajean.

Herrialdeetako txapeldun gehienak kazetariak dira. Kasualitatea? Antxoka Agirre kazetaritza irakaslea fenomeno hori aztertzen jarri da.

Bederatzikoa. Beethovenek bederatzi sinfonia osatu zituen, eta “bederatzikoa” bertso neurria ere bada. Konpositorearen obra eta bizitza errepasatzen dabiltza Andoni Egaña bertsolaria eta Xabier Lizaso piano jotzailea. Andonik kontatu ditu nondik norakoak.

Haritz Mujikak eta Ane Zuazubiskarrek ttakun eta herren jarraitzen dute bertso kalakan.

Koldo Izagirrek erreportaje mamitsua idatzi du hiru pertsonaren bueltan: Balentin Larrea konpositorea, Mateo Mujika apezpikua eta Piarres Ibarrart ikazkina.

Pello Esnal bat-batekotasunaren jolasaz mintzo zaigu, Txirrita txapeldun artikuluan.

Bertsolari aldizkariaren II. Bertsopaper lehiaketa antolatu du aldizkariak.

Idazmakinaz atalean Juan Mari Areitioren berri jaso du Bertsolarik. Bertsoa eta krimena uztartzen jarraitzen du Beñat Hach Embarekek, eta Jaungoiko Txiki errenteriarraren berri emango digu, Pello Zabaleta Lekuonaren bertso sorta hizpide.

Hil berri den Haizea Beruete bertsolaria gogoan bertso sorta ere badakar Bertsolarik, lagunek bidalita.

Nazioarteko atalean Alpujarretako (Granada, Espainia) troboaren inguruan hitz egin du Alberto del Campo Tejedor antropologia sozialeko irakasleak.

Finitzeko, Aissa Intxausti bertsolari lekeitiarrak bere herrian barrena eramango gaitu bertso ibilbide bat egitera.

Ale honek ziklo aldaketa bat markatu du gure aldizkarian historian. Azken 31 urte luzetan Txema Garzia Urbina izan da diseinu eta maketazio lanean aritu dena, eta hiru hamarkada baino gehiago igaro ondoren erreleboa eman dio Unai Gaztelumendi Arandiari. Mila esker urte guzti hauetako lanarengatik, Txema. Eta ongi etorri, Unai!

Ale hau eskuratu nahi izanez gero idatzi administrazioa@bertsolari.eus helbidera edo jo ELKAR-era zein zure gertuko liburudendara.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri